U-12an Guardia Zibilak Gasteizen desfilea egitea «tortura zuritu» nahi izatea da, EH Bilduren ustez

Guardia Zibilaren ekitaldi bat, Gasteizen. DAVID AGUILAR / EFE
Guardia Zibilaren ekitaldi bat, Gasteizen. DAVID AGUILAR / EFE
2024ko irailaren 28a
10:30
Entzun

EH Bilduren ustez, «jauzi kualitatibo» bat emango da urriaren 12an, Hispanitatearen Egunean, Gasteizen, Guardia Zibilak erdigunean desfile militarra egin asmo duelako, udalaren baimenarekin. «Tortura zuritu» nahi dela uste du, eta «onartezintzat» jo du Guardia Zibila goraipatzea, ehunka biktimarentzat «umiliagarria» delako.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak agindutako txosten teknikoetan bertan aitortzen da Guardia Zibilak 5.000 euskal herritar baino gehiago torturatu dituela. Eta Guardia Zibilak desfilea egitea «Espainiako institutu armatua normalizatzea» dela iruditzen zaio, haren jarduna «zuritzea».

Desfile horrek udal gobernuaren babesa izatea salatu du. Are gehiago azken hauteskundeetan Gasteizen geratu zen argazkiarekin, EH Bilduk irabazi baitzituen hauteskundeak. PSE-EE izan zen bigarren indarra, eta laugarren indarrarekin, EAJrekin, gobernatzen du udala. Txarretsi du «giza eskubideen defendatzaile sutsuek» horri buruz ezer esan ez izana: «Ez gaitu hainbeste harritzen PSEren jarrerak, Urkulluren Gobernuak torturari buruz egindako txostena bera ukatu ere egin baitzuen; baina harrigarria iruditzen zaigu EAJren jarrera, udal gobernuaren beste kidea delako».

Gasteizko udal gobernuari eskatu diote bere jarrera berriz aztertzeko. «Urriaren 12an euskal herritarrok ez dugu ezer ospatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.