Hizkuntza eskubideak jomugan

Txostena «dezepzio bat» da, Eskolim sarearentzat

Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
«Dezepzio handi bat». Horrela laburbildu dute Eskolim sareko kideek Christophe Euzet eta Yannick Kerlogot Martxan alderdiko diputatuek Jean Castex Frantziako lehen ministroari helarazi dioten dokumentua. Alsaziako ABCM, Okzitaniako Calandreta, Bretainiako Diwan, Kataluniako La Bressola, Korsikako Scola Corsa eta Euskal Herriko Seaska elkarteak batzen ditu sareak. Elkarrizketa «adeitsuak» izan zituztela erran dute agiri batean, baina txostenaren edukiak ez dituela eztabaida horiek adierazten. «Txostengileen proposamenen berri harridura handiz hartu dugu; espero zenaren aurkakoa da», deitoratu dute.

Murgiltze ereduak bilakaera bat behar duela idatzi izana ere gaitzetsi dute. «Proposamenek gure irakaskuntza praktika murriztea besterik ez dute bilatzen». Eskolim sareko elkarteen iritziz, Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroaren norabideak segitu besterik ez dute egin bi diputatuek. «Konstituzio Kontseiluaren erabakiaren egunean adierazi zuenaren ildotik, hots, murgiltze sistemak eboluzionatu beharko zuela...».

Eskolim sareko kideen ustez, txostenak «funtsezkoa» ahanzten du: Frantziako Asanblean eta Senatuan izandako bozketak. «Ordezkaritza parlamentarioaren gehiengo handiak hizkuntzen irakaskuntza garatzea eta indartzea nahi izan du; txostenaren egileek proposatutakoa, berriz, inboluzioa da, atzerakoiak eta onartezinak diren gomendioak».

Gobernu emendakin bat

Agirian esplikatu dute ez direla ados bi diputatuek garatutako argudioekin. Eragileek eta hautetsi andanak eskatzen dutenaren kontrara, Frantziako Konstituzioaren aldaketa erabat baztertu dute, eta ezinezkotzat jo dute urtea bukatu aitzin lege berri batean hizkuntza gutxituen irakaskuntzari lekua egitea ere. Eskolim sareko kideek uste dute baietz, posible dela, eta azkenaldian Frantziako Asanblean eta Senatuan eztabaidatzen ari den deszentralizazio legean txertatu daitekeela. «Irailean, Frantziako Asanblean aztertuko dute lege proiektua. [Frantziako] Gobernuburuak baliatu behar duen aukera da, lege proiektuari gobernu emendakin bat eransteko».

Txostengileen hitzetan, konstituzio aldaketa «ez da errealista, eta, funtsean, ez da desiragarria». Baina ez dute aipatu 140 parlamentarik babestu zutela proposamena. «Modem taldeak txostenari egindako ekarpena ere ez du aipatzen». Ekarpen horrek zehazten zuenez, «aldaketa konstituzional batek baizik ekar lezake aterabide iraunkor bat». 75-1 artikulua aldatzea proposatzen zuten.

Azkenik, itunpeko eskolek egindako eskaerei izkin egin izana deitoratu dute agirian. Txostenean ez da aipatzen ikastetxeak diruz laguntzeko dispositiborik, ez da proposamenik irakasleen prestakuntza indartzeari buruz, ezta azterketak —brebeta eta baxoa— hizkuntza gutxituan erantzuteko aukerei buruz ere. «Bi diputatuek kale egin dute; kopia berrikusi behar dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.