Azken asteotan, txori zomorrojalerentzako 106 habia kutxa eta saguzarrentzako beste 82 jarri ditu Nafarroako Landa Garapen eta Ingurumen Sailak Eguesibarren, Esteribarren, Urrotz Hirian eta Itzagaondoan.
Horren bidez, borroka biologikoa egin nahi dute inguru horietako ezpelak hiltzen dituen ezpel sitsaren aurka. Ezpeldoietan jarri dituzte habiak, zomorroak jaten dituzten espezie horiek ugal daitezen, izurria kontrolatze aldera.
Ezpel sitsa —Cydalima perspectalis— izeneko zomorro hegalariak kalte handia egiten die ezpelei: harrek zuhaitzaren hostoak jaten dituzten, baina ezpalari ere eragiten diotenez, landarea lehortu eta hil dezakete.
Beroarekin areagotu egiten da populazioa, eta sitsak bizpahiru kumaldi izan ditzake urtean, leku epeletan. Nafarroaren iparraldean, sitson erasoa pairatzen ari dira ezpelek azken zazpi urteotan.
Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, hiru kutxa mota jarri dituzte. 32 milimetroko sarbide zuloa daukana, egokia da kaskabeltz handiarentzat, gerri txori arruntarentzat eta garrapoarentzat. Berriz, 27 milimetroko zuloa duenak txori txikiagoak erakarriko ditu, besteak beste, amilotx urdinak, amilotx mottodunak eta pinu-kaskabeltzak.
Kutxak, kalteturiko ezpeldoietan jarri dituzte, eta baita pinu beldarrak erasandako pinuetan.
Saguzarrentzako kutxak, berriz, animalion koloniak aterpetzeko modukoak dira, udan zein neguko hibernazioan. Lan handia egiten dute saguzarrek zomorro izurriak kontrolatzen, eta legediak babestuta daude.
Kutxa bakoitzak kode bat du, eta geokokatuta dago. Horren bidez, errazago egin diete jarraipena horiek erabiliko dituzten animaliei, eta jakin ahalko da zein lotura duten horiek inguruko ezpeldoien osasunean.
Ezpel sitsa Asiako ekialdeko espeziea da berez, hau da, Txina, Japonia, Koreakoa. Europan 2006. urtean atzeman zuten lehen aldiz. Gero, Suitza, Herbehereetan zabaldu zen, eta, ondoren, Europa osoan. Kanadara ere heldu ziren 2019. urtean.
Nafarroako Gobernuak iaz egin zuen zomorroaren inguruko txosten bat. Horretan ondorioztatu zutenez, Txinako produktuak ekartzen zituen enpresa baten inguruan atzeman zuten Europan lehen aldiz. Besteak beste, Asiako ezpelak inportatzen zituen enpresak, eta sitsarekin kutsaturik zeuden ale batzuk ekarri zituzten.
Euskal Herrian 2015. urtean atzeman zuten lehen aldiz, Bidasoa aldean, baina litekeena da lehenagotik ere ibiltzea hemen. Izan ere, ezpelak leku malkartsu eta zailetan hazten ohi dira, eta horregatik da zaila izurria atzematea eta haren kontra borrokatzea. Zerynthia elkarteak duela bost urte aurkitu zituen espezie horretako lehen intsektuak, Arangurenen, tranpa batean.
Iaz ere sumatu zuten sitsa Iruñean, eta ikusten hasi ziren hiriburuaren inguruko basoetako ezpeletan hosto galtze larriak.
Ez da neurri bakarra
Intsektujaleentzako habiak jartzeaz gain, beste sistemak probatzen ari dira Nafarroan. Tricholine buxus zomorroa erabiltzen ari dira bost lur sailetan eginiko esperimentu batean. Intsektu txiki bat da, liztorren familiakoa, eta ezpel-sitsaren arrautzak suntsitzen ditu. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren bioteknologo talde bat ari da saioa egiten, sistema izurriaren kontra erabil daitekeen ikusteko.
Horrez gain, ezpel haziak jaso zituzten iaz, Nafarroako Baso Hazi Bankuan gordetzeko. Horrekin ziurtatu nahi dute espezieak iraungo duela, ezpeldoiak erabat suntsitzen badira ere. Hainbat herri ekimen daude lan horretan aritzeko, Abaurregainako biztanleen EzpelZaintza, kasurako.
Argi eta feromona tranpak ere jarri dituzte, jakiteko horren bidez izurria kontrola daitekeen, edo, gutxienez, horren inguruko informazioa lortzeko.
Azken urteotan sits kopuruak gora egin; gau bakarrean 50.000 intsektu ere zenbatu izan dituzte. Iazko Irailean, «Ezpel sitsaren egoera kontrolez kanpo dago Iruñerrian», idatzi zuen tximeletak babesteko Zrynthia elkarteak. Izan ere, Iruñeko kaleetan multzo handiak atzeman zituzten, hiriko argiek erakarrita.
Aspecto que presentaba anoche un portal del barrio de #Ezkaba de #Pamplonairuña.ðŸ¦Â‹ Cydalima perspectalis. #EEI Especie #exótica#invasora. https://t.co/hTCpY0FgbGpic.twitter.com/g2ujeKbkA0
— Guarderío de Medio Ambiente/ Basozainak (@Guarderio_Na) September 15, 2020