Korrikaren azken bi aldietan arduradun izan da Asier Amondo (Laudio, Araba, 1969). 20. aldia du euskararen aldeko lasterraldiak. Euskalgintzak Korrikaren bueltan elkar hartzen duela dio Amondok, eta proiekzioa lortzen duela.
Euskalgintzaren erakusleiho da Korrika? Hala sumatzen duzue?
Euskarari eta euskalgintzari berari ikusgarritasuna ematen dio Korrikak. Bakoitzak gure eremuan edo txokotxoan gauzak egiten ditugu: normalizazio planak, euskararen irakaskuntza, sustapena... Korrikak eremu horiek guztiak batzen ditu, eta ikusgarritasuna ematen die. Egia da hamar eguneko erakusleiho hori ez dela nahikoa jende askorengana heltzeko, baina ikusgarritasuna eta proiekzioa ematen du. «Gu ere hementxe gaude» esatea, alegia.
Elkarlanerako aukera ere jartzen du euskalgintza barruan?
Txokokeria guztiak gainditzen ditu Korrikak. Bakoitzak daukan motxila hori utzi, eta Korrikarekin bat egiten du. Beti esaten dugu auzolanaren eta elkarlanaren eredu dela Korrika, eta hori eraman behar dugula euskararen bestelako esparru guztietara. Elkarrekin, adostasunean eta lerro berean jarriz. Aurkezpen sozialetan bota dugu erronka: 21. Korrika abiatu baino lehen ea kapaz garen instituzio eta eragileen artean, euskalgintzako sektoreen artean, bide komun bat markatu eta proiektu bat garatzeko. Korrikak horretarako balio behar du, balio nahi du, eta balio hori eman behar diogu denon artean.
Elkarrekin izango dira etzi euskalgintzako eragileak eta instituzioak. Zer esanahi du horrek?
Nahi genuen Korrikan gauza ezberdin batzuk txertatzea. Korrika aurkezten genien bitartean, eragileei joan ginen azalduz gure ideiaren nondik norakoak. Leku guztietan hartu zuten begi onez gizarte eragileek eta instituzioek kilometro bat elkarrekin egitea. Oso pozik gaude. Kilometro esanguratsua izango da. Tokia ere bai: ez da Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko muga, baizik eta zubia. Irudikatu nahi dugu euskarak zubiak behar dituela, zubigintza behar dugula, denon artean egin behar dugula, zubi horrek eramango gaituela helmugara.
Nafarroan ere aldaketa nabaritu da. Zer harrera izan duzue? Aurkako erantzunen beldur zarete?
Otsailaren 22an esan genuen egun historikoa zela AEKrentzat, Nafarroako Parlamentuko presidentearekin eta Iruñeko alkatearekin egotea lortu zuelako, 37 urteren eta hogei Korrikaren ondoren. Orain arte erraztasunak izan dira. Foruzaingoa erabiltzeko orduan, lehen aldia da Nafarroako baimenak ere idatziz jasoak dituguna. Beste lasaitasun bat dugu. Beldurra? Beti izaten da, kontra daudenek zer tresna erabil dezaketen azken egunetan Korrikaren nondik norakoa eta mezua kakazteko.
Euskal Elkargoa sortu berri da.
Harrera ona izan dugu elkargoan. Babesa eman digute. Beste kilometro berezi bat ere izan da, alkateek Otxandion egindakoa, eta han zen Baionako alkate eta Euskal Elkargoko lehendakaria, Jean Rene Etxegarai. Horrek ere ematen digu Iparraldearen beste babes bat, eta pentsatu nahi dugu elkargoa sortuta euskarak ere izango duela funtsa eta zentralitatea.
Korrika pasatuko da. Eta gero?
Maiatz aldera balorazioak egingo ditugu, eta jarriko gara hurrengo Korrikari begira. Prozesu luzea da. Aurrekoan, aktibazioa izan zen; oraingoan, partekatzea. Hor mugitu behar dugu: aktibazioa behar dugu ezinbestean, eta gure hizkuntza, kultura eta mundua partekatu behar ditugu bestelako hizkuntza, kultura eta munduekin. Batzuk izan nahi badugu, indar metaketa batetik etorriko da.
20. Korrika. Asier Amondo. Korrikaren arduraduna
«Txokokeria guztiak gainditzen ditu Korrikak»
Korrika «auzolanaren eta elkarlanaren» ikur dela uste du Amondok. Euskalgintzako beste esparruetan ere lankidetza behar dela adierazi du. Korrikan pausoak emateko itxaropena du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu