AHV Bizkaiko Labe Garaietako Aprendizen Eskola Sestaoko Txabarri auzoan dago (Bizkaia), eta Ezkerraldearen iragan industrialaren azken aztarnetako bat da. Sei solairuko eraikina hutsik egon zen labe garaiak eraitsi zituztenetik, 2012ko urriaren 21ean zenbait gaztek okupatu zuten arte. Horrela sortu zen Txirbilenea izeneko zentro soziala.
Denbora tarte horretan, Txirbilenea kulturaren eta gizarte arloko lanaren erreferentzia izan da Sestaon eta Bizkai osoan. Musika emanaldiak, ikastaroak, hitzaldiak, doako jantzi denda, eskubide sozialei buruzko informazio bulegoa, Langile borroka gara izeneko jardunaldiak eta beste hainbat ekinbide antolatu dituzte urte hauetan. Eta 2024ko hasieratik, zaintza lanetan aritzen diren emakume migratuen bizitegi komunitarioa ere badago han.
Orain egitasmoa arriskuan dago, Sestaoko Udalak eraikina husteko agindua eman baitu. Sestaoko eragile ugarik salatu dute Txirbilenea ixteak errotik moztuko lukeela auzoa suspertu duen ekinbidea –Euskal Herriko langabezia tasarik handiena du Txabarrik–, eta, gainera, eraikina bizitokitzat duten emakumeak kale gorrian utziko lituzkeela.
EMFS Emakume Migratu Feministak-Soziosanitarioak elkartea 2020an sortu zen, pandemiaren ingurumarian. Zaintza lanetan aritzen diren emakume migratuek osatzen dute, eta haien helburua da, langile horien eskubideen alde lan egiteaz gain, etxeko langile egoiliarren lanaren abolizioa lortzea, «esklabismoa eta eskubiderik gabeko lana» delako, eta han «indarkeria matxista, arrazista eta ekonomikoa» nagusitzen direlako.
Etxebizitzarena da emakume horiek pairatzen duten arazo larrienetako bat. Toki askotan gela bat alokatzeko aukera ukatzen diete migratuak izateagatik, eta, langile egoiliarren kasuan, ugazabek ez dituzte etxean erroldatzen, praktikan han bizi diren arren.
Horregatik, elkarteak bizitegi komunitarioen egitasmoa aurkeztu zuen 2023ko martxoan. «Bi helburu ditu: gure artean zaintzea, eta etxeko langile egoiliarrek bizitegi duin bat izatea», azaldu du EMFSko kide Maria Juncayk. 2023ko urrian Caritasekin eta Eguzkilore fundazioarekin lanean hasi ziren, eta lehenengo etxebizitza lortu zuten. 2024. urtearen hasieran, Txirbileneko kideekin ere harremanetan jarri ziren, eta eraikinaren lehenengo solairua erabiltzeko aukera sortu zen; otsailean hura atontzeko auzolanari ekin zioten, eta martxoan lehenengo familia jarri zen han bizitzen.
«Asko hitz egiten da zaintza komunitarioaz, baina guk, diskurtsoetatik harago, eredu hori praktikan jarri nahi dugu»
MARIA JUNCAYEmakume Migratu Feministak
Izan ere, gazteek 2012an eraikina okupatu zutenean, beheko hiru solairuak hartu zituzten, eta gaur egun lehenengo biak baino ez dituzte erabiltzen. Goiko hiru solairuak, berriz, Siderurgia Integraleko Langileen Fundazioak kudeatzen ditu. UCDren garaian Espainiako Ekonomia ministro izandako Jose Luis Leal da fundazioko presidentea, eta Jose Luis Corcuera Barne ministro ohi eta Bizkaiko Labe Garaietako langile izandakoa, berriz, ohorezko presidentea. Txirbileneko kideek diotenez, fundazioko pertsona batzuk noizean behin agertzen dira goiko solairu horietatik, baina, gainerakoan, han ez dago jarduera handirik.
Bizitegi komunitarioa
Emakume migratuek zuzenean antolatzen dute euren bizimodua lehenengo solairu horretan: «Guretzat, alderdi komunitarioa funtsezkoa da: elkar zaintzea, ahalduntzea, lan eskubide, atzerritartasun, arrazakeria eta beste zenbait esparrutan prestakuntza jasotzea eta abar», esan du Juncayk. «Hau da, komunitatea sortu, berdinen artean elkar aitortu eta elkarrekin bidea egitea. Asko hitz egiten da zaintza komunitarioaz, baina guk, diskurtsoetatik harago, eredu hori praktikan jarri nahi dugu».
Martxoan, Txirbilenean bizi ziren bost emakumek bizitokian erroldatzeko eskaera egin zuten Sestaoko udaletxean. Udalak maiatzean erantzun zien: erroldatzea ukatzeaz gain, 24 orduko epean eraikinetik alde egiteko agindu zien.
Urriaren 29an, berriz, udalak bilera baterako deia egin zion Txirbileneko kide bati. Bilerara Txirbileneko kideak eta EMFS elkartekoak joan ziren. «Alkatearen jarrera [Ainhoa Basabe, EAJ] oso itxia izan zen. Ez zuen ezer entzun nahi, eta esaten zuen bakarra zen eraikinetik alde egin behar genuela, eta han emakume batzuk bizitzen egotea geure arazoa zela», azaldu du Txirbileneko kide Idoia Iragorrik.
Udalak bost eguneko epea eman zien eraikina husteko; epea gaur amaitu da. «Uste dugu udalaren jarrera arrazista dela», adierazi du Juncayk; «boteretik eta pribilegioetatik oso erraza da Txirbilenea husteko ordenantza bat egitea».
«Ez digute uzten eraikinean konponketak egiten, eta haien ardurapean dauden gauzetan ere ez dute ezer konpontzen. Euren erantzukizunari muzin egin nahi diote»
IDOIA IRAGORRITxirbileneko kidea
Sestaoko Udalak «segurtasun arrazoiak» aipatu ditu husteko agindua argudiatzeko: «Eraikinaren egoera arriskutsua da, eta ez da bateragarria barruan pertsonak egotearekin». Bere zerbitzu teknikoek egindako txosten batean oinarrituta, udalak adierazi du teilatutik harri zatiak eror daitezkeela, suteak prebenitzeko planik ez dagoela, eskaileretan barandarik ez dagoela eta abar.
«Gurera ez da teknikorik etorri, eta han ez dago teilatu apurturik edo zaborrik», esan du Juncayk. «Pentsatzen dut beraiek kudeatzen dituzten hiru solairuez ari direla horrelakoak esaten dituztenean, baina hori zehaztea litzateke zintzoena».
Oharrean, udalak ohartarazi du okupatzaileek tresna asko sartu dituztela eraikinera, eta horrek «are gehiago» larriagotzen duela «segurtasun gabezia». Emakume migratuei bereziki mingarria begitandu zaie aipamen hori: «Badirudi iradoki nahi dutela ez dakigula geure burua antolatzen», esan du Juncayk. «Iraingarria da. Guk erabiltzen dugun esparrua garbi eta txukun dago».
Iragorrik gogorarazi du Txirbileneko kideek askotan salatu dutela eraikinaren egoera, eta soluziobideak ere proposatu dituztela: «Duela urtebete inguru, proposamen bat egin genion udalari, eraikinak behar dituen konponketak geuk egiteko, eta 3.000 euroko aurrekontu bat ere atxiki genuen. Eurek materialak ordainduz gero, gu prest geunden eraikina auzolanean konpontzeko. Ez digute erantzun ere egin».
Udalaren «utzikeria» ere salatu du Iragorrik: «Eraikinera iristeko dauden eskaileretan zuhaitzak erori dira, inguruan dagoen estoldak gainezka egiten du euria egiten duenean, eta horren berri eman diegun arren, ez dute ezer egin; hau da, ez digute uzten guri konponketak egiten, eta haien ardurapean dauden gauzetan ere ez dute ezer konpontzen. Euren erantzukizunari muzin egin nahi diote».
Emakume migratuen egoerari dagokionez, udalak adierazi du «azken egunetan» jakin duela «eraikinean zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak» bizi direla. EMFSko kideek gezurtatu dute baieztapen hori: «Nola esan dezakete ez zekitela eraikinean emakume migratuak bizi zirela, Polizia gu identifikatzera hiru aldiz bidali ondoren?», esan du Juncayk.
Txirbileneko eta EMFSko kideek euren proposamena helarazi diote Sestaoko Udalari: «Udalak hobekuntzak egin nahi baditu, egin ditzala, baina gu barruan egonda, ikastetxeetan edo etxebizitzetan horrela egiten dutelako. Aldiz, eskakizun horren ondorioz eraikina ez konpontzea erabakitzen badute, onar dezatela egin genien proposamena konponketa lanak geuk egiteko», azaldu du Iragorrik. Horrez gain, zaintzako langileen egoerari buruzko zenbait eskakizun ere egin diote udalari: Sestao «etxebizitzaren arloko arrazakeriarik gabeko herri» izendatzea, udalerriko langile egoiliar guztien zerrenda bat egitea, haien erroldatzea bermatzeko neurriak hartzea eta abar.
Eraikina husteko emandako epea amaituta, zain daude Txirbilenean, udalak haien eskakizunei zer erantzungo. Juncay: «Agian baikorregia naiz, baina ez zait buruan sartzen Sestaoko Udalak, noiz eta 2024an, esplotatuta dauden emakume zaintzaile batzuk kalean uztea».