Hamaika azoka mota daude munduan, baina, egunotan Izarran (Araba) egiten ari direna desberdina da. Herri mugimenduen azokari lekua egin diote Iraultza Txikien Akanpadan. Hirugarrenez antolatu dute kanpaldia, 2018an Zubietan (Gipuzkoa) eta 2021ean Artean (Bizkaia) egin eta gero. Asteazkenean hasi zen, eta bihar bukatuko da. Aurten ere herri mugimenduen saretzea izango du helburu kanpaldiak: «Herri mugimenduen eragiteko ahalmena txikituz doan heinean, ezinbestekoa da elkarlanerako artikulazio espazioak eraikitzea», azaldu du Andere Ormazabal antolatzaileak.
Goizeko hamarrak jotzear daude, eta jende ugari dabil Ostuño parkean. Umeak euren txokoan jolasten ari diren bitartean, bakoitza bere karparen bila dabil, hautatutako hitzaldia entzuteko. Orotariko jendea dago, baina denak ikasteko, desikasteko, eztabaidatzeko eta saretzeko prest daude. Itziar Reguero Ezin Kabitu kolektiboko militantea da, eta uste du Iraultza Txikien Akanpada «elkargune» bat dela. Adierazi duenez, beste borroketan zertan dabiltzan «entzuteko, ikasteko eta gero bere militantziara eramateko» balioko dio kanpaldiak.
Goizeko hamarrak puntuan dira, eta hiru hitzaldiei hasiera eman diete. Neokolonialismoa ardatz hartu dute Elkanotik Mondragon Korporaziora izeneko mahai inguruan. Julen Mendizabal saioaren arduradunak azaldu duenez, Juan Sebastian Elkanoren mundu bira duela 500 urte izan bazen ere, orain piztu da horren inguruko eztabaida. Eta zera hausnartu du: «Baina zer gertatzen da gaur egun Euskal Herrikoak diren enpresa batzuek nazioartean egiten dutenarekin?». Hari horri tiraka ibili dira saio guztian: duela 500 urtekoak gaur egunera ekarri, eta orain dauden «praktika horiek» mahaigaineratu dituzte.
Lucia Etxeberria BDZ plataformako kideak CAF enpresaren jokaera salatu du, 2019ko abuztuan Jerusalemgo tren arina eraikitzen hasi zelako. Horrez gain, Eneko Cale OMAL latinoamerikako Multinazionalen Behatokiko kideak «eraso korporatibo berriak» salatu ditu: «Kapitalismo berde eta digitalerantz hurbiltzen ari gara. Kontakizun berriarentzako ekaitza ezin hobea aurkitu dute».
Bertako enpresek atzerrian egiten dutena ez ezik, auzitan jarri dituzte Euskal Herrian bertan dauzkaten «praktika neokolonialak ere».
Bertakoaz ere hausnartzen
Migranteen prekarizazioa salatu du Lucia Afaro Euskal Herriko emakume arrazializatu eta migranteen sareko kideak: «Lehen Eroskin ez zuen pertsona arrazializatu batek ere lan egiten, ez apal betetzaile gisa ere. Gaur egun, ordea, kide arrazializatu batzuek lanpostu hori betetzen dute. Hau prekarizazioaren seinale da, ez inklusioarena». Adierazi du ez dela erraza «munstroari» aurre egitea «munstroaren barruan egonda», eta bereziki «hartaz elikatzen garenean».
Mendizabalek uste beste enpresa batzuen jarduna ere aztertu beharko litzatekeela: «Kostatzen zaigu autokritika egitea, baina, gu herri zapaldua izan arren, zapaltzaileak ere izan gaitezke. Mondragon Korporazioak erabateko babesa dauka, inork ez du auzitan jartzen, eta uste dugu, ariketa oso deserosoa izan arren, zalantzan jarri beharko litzatekeela behintzat».
Beste karpetan ere gaien inguruan hausnartzen jarraitu dute. Ainhoa Olasok Greba Feminista Orokorraren Denon Bizitzak Erdigunera prozesua nola izan zen kontatu du. Hala nola nola irudikatzen duten greba, nola ulertzen duten zaintzaren kontzeptua, ze aldarrikapen egiten dituzten eta zein den euren proposamena azaldu du. Gizartea pribatizaziorantz doala salatu dute saioan: «Publikoa desegiten ari dira. Errentagarritasuna pertsonen aurretik jarri dute, baina berez zaintzak ez luke zertan errentagarria izan».
Olasok adierazi du Iraultza Txikien Akanpadak asko laguntzen diela: «Mugimendu feministatik haratago joateko oso espazio egokia da, kontraesan eta erronka gehiago identifikatzeko eta saretzeko». Komunitatea sortzeko balio dezake Iraultza Txikien Akanpadak, eta, partaide batek adierazi duenez, «ez dago zaintza komunitariorik komunitate gabe».
Indarkeria poliziala
Biolentzia polizialaz ere aritu dira beste karpa batean. Leire Garcia Txagoko kidea da, eta euren proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu: «Biolentzia polizialaren aurrean erregistroak egiteko eta gertatutakoa salatzeko zaintza espazioa da Txago». Mugimenduentzako eta jendearentzako proiektua dela gaineratu du. Biolentzia polizialaz hitz egiteaz gain, tailer bat prestatu dute protestetan Poliziaren jokabidea nola erregistratu ikasteko. Gainera, poliziaren jardunaz mintzatu dira. «Lehenengo, herria beldurtzen dute, sare kolektiboa apurtuz, horrela, kolektiboa kontrolatzea lortzen dute». Norberaren «duintasuna eta identitatea» zalantzan jartzea lortzen dutela azaldu dute saioan: «Norbanakoengan ziurgabetasuna sortuta,ez mobilizatzea zuk zeuk zeure kabuz erabaki duzula pentsarazi nahi dizute».
Preslav Dimitrov Erraticas kolektiboko kideak Poliziaren biolentzia arrazista salatu du: «Biolentzia polizialak legez kanpoko migrazioari jazartzen dio, pertsona arrazializatuen eskubide eta etorkizuna urratuz, eta haiek kriminalizatuz».
Ordu bata da, eta sukaldetik usain gozoa dator. Bakoitzak bere platera eta aulkia eskuan dituela, jantokira doaz denak. Hitzaldi guztiak euskaraz izan dira, eta itzultzaileentzat ere atseden tartea iritsi da; Iraultza Txikien Akanpadako boluntarioak dira, guztiz autogestionatua baita.
Txinpartetatik su handira
Iraultza Txikien Akanpadako bigarren egunean, neokolonialismoa, zaintza komunitario feminista eta biolentzia poliziala izan dituzte hizpide mahai inguruetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu