A-8an sekulako txingor zaparrada bota zuen goizean goiz, eta, 07:30etik aurrera, auto ilarak sortu ziren. Batez ere Donostia alderakoan izan ziren arazoak. Zarautzeko ordainlekua ireki zuten arren, auto askok orduak igaro zituzten ez aurrera ez atzera, eta hainbat errepide bazterrean geratu ziren erregairik gabe. Izan ere, elurra kentzeko makinek lan egiteko autopista itxi behar izan zuten tarteka. Herrizaingo Sailak N-634 errepidea hartzeko aholkatu zuen.
Donostia inguruan ere arazoak izan ziren, A-8an ez ezik, baitaDonostiako lehen saihesbidean -G-20 eta G-11 errepideetan-N-1 errepidean eta N-635 errepidean ere. Elurra, izotza, kazkabarra... Dena elkartu zen inguruan. Eta horrek auto ilarak, irristaketak eta talkak eragin zituen. Bi ordu behar izan zituen Ordiziatik Donostiara joateko, adibidez, Elixabete Aierbek. «Beste bi lagunekin joaten naiz egunero. 07:55ean atera gara Ordizian. Andoainera arte ondo joan gara, astiro baina ondo. Behin hara iritsitakoan ikusi dugu dena gelditua zegoela», kontatu zion BERRIAri.
Kristina Martin ere Andoaindik Donostiara zihoan, 08:30 inguruan kazkabarrak harrapatu zuenean. «Errepidean izotz plakak zeuden, eta hainbatek arazoak izan dituzte. Nik ez nuen istripurik ikusi, ez eta garabirik ere». Ordu horretan N-1etik A-8ra sartzea ezinezkoa zela zioen.
Gipuzkoa kostaldeko autobus zerbitzuan ere eragina izan zuen kazkabarrak. 07:00etatik bertan behera geratu ziren Zumaiatik Donostiara doazen autobusak, ezin zutelako ibilbidea bete. Errepideetako egoerak hobera egin zuenean jarri zen martxan berriz.
Aralarrek eta PSE-EEk Gipuzkoako Foru Aldundia egin dute gertatutakoaren erantzule. Horrelakorik gerta ez zedin neurririk hartu ez izana egotzi diote Eneko Goia diputatuari, eta Batzar Nagusietan azalpenak eman ditzala ere eskatu diote. «Aurretik iragarrita zegoen egoera meteorologiko batek horrelako kaosa sortzeko arrazoirik ez dut aurkitzen», ohartarazi du Rebeka Ubera Aralarreko batzarkideak.
Bi ordu autobidean
Lapurdin AP-63 autobidean eta inguruetako errepideetan auto ilara amaigabeak sortu ziren goizean. Gaueko kazkabarra izoztuta zegoen, eta haren gainean gehiago bota zuen, auto gehien zebilen unean, 08:00 inguruan. Batez ere BAB eta Donibane Lohizune inguruan zuritu zuen.
Elurra kentzeko makinak ibili ziren, eta, ondorioz, Hendaiatik Baionara iristeko bi ordu behar ziren. 26 kilometroko auto ilarak sortu ziren autobidean eta sarrera-irteeretan. Eguerdirako poliki-poliki egoerak hobera egin zuen, baina kamioiei ibiltzeko baimena eman zitzaienean, auto ilarak sortu ziren Miarritzen etaBiriatun (Lapurdi), Gipuzkoarako norabidean. Edonola ere, 18:30 inguruan normaltasuna itzuli zen.
Gipuzkoa eta Nafarroa lotzen dituen A-15 autobiatik kamioiek ezin izan zuten ibili hainbat orduz. Hori izan zen eguraldi txarrak Nafarroako errepide sare nagusian eragindako arazo bakarra. Bigarren mailakoan, kateak behar izan ziren Belateko mendate zaharra, Urkiagoa, Artesiagakoa eta Egozkuekoa igarotzeko. Baita, Burgi eta Izaba arteko errepidean ere.
Auto gidariei ez ezik, Nafarroan autobusen erabiltzaileei eragin zien elur denboraleak. Villavesak normal ibili ziren Iruñerrian Mankomunitatearen esanetan. Hala ere, maiztasun eta ordutegi aldaketak izan ziren. Gainera, hainbat herritara ez ziren iristen, elurragatik. Besteak beste, Orkoien, Beriain, Gorraiz, Ollokieta Iruñeko Mendillorri auzo eta herrietara iristea ezinezkoa izan zuten goizeko zenbait ordutan.
Istripuak Bizkaian eta Araban
Eguneko istripu garrantzitsuena, baina, Bizkaian gertatu zen. Goizeko zazpiak aurretik elurragatik irrist egin eta bi autok talka egin zuten, BI-631 errepidean, Mungia parean. Bi autoetako bateko gidaria, 41 urteko gizona, auto barruan harrapatuta geratu zen, eta suhiltzaileek atera behar izan zuten. Gurutzetako ospitalera eraman zuten,diagnostiko erreserbatuarekin. Istripuaren ondorioz errepidea itxita egon zen Bermeorako norabidean tarte batez. Bestelako istripu batzuk ere izan ziren, baina Herrizaingo Sailaren arabera ez zen beste zauriturik izan, kolpeak baino ez.
Sollubeko mendatean, gainera, autoek kateak behar izan zituzten ibiltzeko. Goizaldean hainbatetan egin zuen elurra, tarteka gogotik. Hala, elurra kentzeko makinak lanean ibili ziren goiz osoan. Edonola ere, Urduñakoa izan zen Bizkaian itxita egon zen mendate bakarra. Arratsaldean, elurra eta kazkabarra urtu ahala, normaltasuna berreskuratu zen.
Baita Arabako errepideetan ere. Goizean Opakua itxi behar izan zuten, eta Altubeko bide zaharretik kateak zeramatzaten autoek baino ezin izan zuten ibili. Errepide sare nagusian egoera hobea zen. N-1, N-622, AP-68 eta N-240 errepideetan elurra kentzeko makinak etengabe ibili ziren lanean. Horrek unean-unean trafikoa moteldu zuen, baina bestelakoan ez zen arazorik sortu.
Gasteiz zuri esnatu zen, eta elurraren ondorioz istripuak izan ziren. Goizaldean auto batek farola bat jo zuen Antonia plazan. Gidaria arin zauritu zen. Lekuan bertan artatu zuten. Alkoholemia testa egin ziotenean, positibo eman zuen, eta udaltzainek atzeman zuten. Bigarren istripua egun argiz jazo zen. Errepidea gurutzatzen ari zen neskatila bat jo zuen auto batek, ispiluarekin. Arin zauritu zen.
Gaur hotza egingo du goizean, eta hego haizea arratsaldean
Izotza izango da gaur goizean goiz, eta barnealdean zero azpiko tenperaturak egingo ditu. Baina giroa goxatzen joango da eguzkiari eta hego haizeari esker. Ateri egongo da, eta ostarteak zabalduko dira. Arratsaldean, haize boladak zakarragoak izango dira, batez ere mendi aldean.3
Noainen elurragatik bertan behera geratutako hegaldiak. AENA Espainiako aireportuak kudeatzen dituen erakundeak emandako datuen arabera, hiru hegaldi geratu ziren bertan behera Noaingo aireportuan (Nafarroa) elurragatik. Hogei hegaldi ziren egin beharrak.Europako erdialdean eta ekialdean ere hotza eta elurra
Hotza eta elur handiak ari ditu oraindik ere Europa erdialdeko eta ekialdeko herrialdeetan. Erresuma Batuak, Frantzia eta Belgika alerta laranjan daude gaur, elurragatik eta izotzagatik. Eta Alemania, Txekia, Finlandia, Espaina, Letonia, Hungria, Kroazia, Polonia, Italiako, Errumania eta Herbehereak alerta horian. Atzo hotz eta elur denboraleak hamaika arazo eragin zituen aipatu herrialde horietan, batez ere garraioan. Frantziako herri batzuk hondamendi natural izendatzeko eskatu dute denboraleak eragindako uholdeen ondorioz. Erresuma Batuan Gatwickeko (Inglaterra) eta Edimburgoko (Eskozia) aireportuak zabaldu zituzten, erabateko normaltasunera itzultzeko egunak beharko dituzten arren. Alemaniako toki batzuetan hogei gradu zero azpitik izatera heldu ziren, baita Austrian ere. Herrialde horretan, ordu gutxian, hogei zentimetro elur pilatu zen. Polonian, 30 dira izotzaldian hil diren pertsonak; Czestochowa hiriko 150.000 biztanle berogailurik gabe daude. Hungarian ere argindarrik gabe gelditu dira hiri batzuetan, elurrak argindar sarea matxuratu baitu.Jose Antonio Aranda.Eusko Jaurlaritzako Meteorologia eta klimatologia zuzendaria
«Alertak zerbaitegatikjartzen dira, ez dira apeta»
Ainara Arratibel. Donostia«Gure zeregina prebentzioa da». Jose Antonio Aranda Eusko Jaurlaritzako Meteorologia eta Klimatologia zuzendariak hala defendatzen ditu muturreko klima egoeretan administrazioekhartzen dituzten neurriak. Egungo alerta sistemaren garrantzia nabarmendu du. «Europako herrialdeetan zeuden irizpideak eta sistemak bateratzeko balio izan du».
Zer dela-eta ari zarete erabiltzen azken urteetan alerta meteorologikoen sistema?
Sistema hau Europa osoan egindako azterketa baten ostean ezarri zen, ikusi baitzuten herrialde bakoitzak bere sistema zuela. Hori, bai herritarrentzat bai meteorologiako profesionalentzat, nahasgarria zen. Honekin, ahalik eta informazio argigarriena, ulergarriena eta zehatzena ematen saiatzen gara. Izan ere, guk bi prebisio mota egiten ditugu: bata herritarrentzat eta bestea adituentzat. Lehenbizikoa herritarrentzat da, eta ahalik eta terminologia argigarriena eta sinpleena erabiltzen dugu. Bestea teknikoagoa da.
Zein irizpide erabiltzen dituzue alerta egoera horiek ezartzeko?
Irizpide nagusia dira pertsonentzat hainbat jarduera egiteko eguraldiak eragin ditzakeen arriskuak. Lau kolore erabiltzen ditugu: berdea, horia, laranja eta gorria. Berdeak esan nahi du ez dagoelaarriskurik. Horia dagoenean, esan nahi du arrisku hori oso pertsona eta egoera konkretuetarako dela. Adibidez, euriagatik eta olatuengatik arrisku horia badago, surfa egiten hasi berri den pertsona batek ez luke itsasoratu behar. Haizearekin berdin gertatuko litzateke, adibidez parapentea eginez gero. Horrenbestez, egunerokotasunetik at dauden jarduerak egiten ez baditugu, alerta horia normal ikusi behar dugu. Laranjarekin arriskua populazio osoarentzat da. Beraz, guk betebeharra dugu informazio hori herritar guztiei iristeko, eta hartu behar dituzten neurriak jakinarazi. Larriena gorria litzateke, eta oso kasu berezietan baino ez da gertatzen. Halakoetan hartzen diren neurriak gogorrenak dira: merkataritza guneak ixtea edo garraio publikoa etetea, adibidez.
Iaz, adibidez, hala izan zen ziklogenesiarekin. Jendea dezente haserretu zen, eta gehienen iritzia hau izan zen: «Ez da horrenbesterako izan». Zer duzu esateko horren aurka?
Badakigu halako neurriekin jendea haserretu egiten dela. Baina gure zeregina prebentzio neurriak hartzea da. Gainera, ez bazen horrenbesterako izan, neurriak hartu zirelako izan zen. Gasteizen bakarrik 700 zuhaitz erori ziren. Pentsa zer gertatuko zen, neurriak hartu ezean. Ziur hildakoak egongo zirela.
Zer esango zenieke uneoro alertan gaudela uste duten horiei?
Ez dela horrela. Baina alerta gorrian edo horian gaudenean gure zeregina dela jakinaraztea eta hartu beharreko neurriak gogoraraztea. Gainera, gomendio horiek ez dira txantxetakoak, eta betetzeko edo aintzat hartzeko eskatzen diegu. Gaur [atzo] bertan alerta laranja egoeran egon gara, eta ikusi dugu zein arazo egon diren errepideetan. Alertak zerbaitegatik jartzen dira; ez dira apeta. Gure hutsa, agian, sistema honen nondik norakoak herritarrei behar adina ez azaltzea izan da. Etorkizunean, agian, indar gehiago jarri behar dugu horretan. Hedabideek asko lagundu diezagukete lan horretan. Kontuan hartu behar da guk presio handia dugula bai herritarren bai administrazioen aldetik. Asmatzea eskatzen digute. Gainera, hainbat egoerameteorologikok dituzten arriskuek presio hori areagotzendute.