Tximista batek emisiorik gabe utzi du Xorroxin Irratia Nafarroan

gotzon hermosilla
2015eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Joan den larunbatetik moztuta dago Xorroxin Irratiaren emisioa Baztanen, Malerrekan, Bortzirietan eta irratia iritsi ohi den Nafarroako gainerako alderdietan, tximista batek irratiaren hedagailua dagoen etxola jo ondoren. Eguraldiaren eskasa —etxola dagoen inguruak metro bateko elur geruza du— oztopo izan da orain arte kalteen benetako neurria zein izan den jakiteko. Irratiko kideak gaur ahaleginduko dira berriro etxolaraino iristen eta kalteei neurria hartzen.

Emanaldia egiteko arazoak igarri bezain pronto, joan den larunbatean, horiek denboralearekin zerikusia izango zutela pentsatu zuten Xorroxin Irratiko kideek, baina ezinezkoa izan zitzaien Legate mendian dagoen hedagailura iristea.

Igandean lortu zuten haraino heltzea, eta ikusi zuten tximista batek etxola jo zuela eta oinaztarrien kontrako babesgailua erreta zegoela. Tresneriak bestelako kalterik ote duen ez zuten ikusterik izan.

Atzo berriro joan ziren Xorroxin Irratiko kideak hedagailua ikustera. Etxolan ez zegoen argindarrik, eta, beraz, ezin izan zieten kalteei benetako neurria hartu, baina irratiko kideak itxaropentsu zeuden: inguruak garbitu ostean, bazirudien kalteak ez zirela hasieran uste bezain larriak.

Edozein modutan, gaur berriro itzuliko dira Legatera, argindarra berreskuratzen saiatuko dira, eta orduan ikusi ahal izango dute nolako kaltea duen tresneriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.