Tximino baztangaren bi kasu baieztatu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Bi gizonezkotan atzeman dute gaitza, Araban. Osakidetzak ohar bidez azaldu duenez, biek ala biek sintoma arinak dituzte, eta ez dute ospitaleratzeko beharrik izan.
Bi kutsatuon laginak Espainiako Mikrobiologia Zentroan ikertu dituzte, eta, Jaurlaritzaren arabera, «lotura epidemiologikoa» atzeman dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo detektatutako beste kasu batzuekin. Osasun Sailak martxan du tximino baztangari aurre egiteko protokoloa, eta, oharrean azaldu duenez, «ager litezkeen kasu posibleak eta horien kontaktuak zaintzen» ari da.
Gogorarazi dute, halaber, tximino baztanga «oso gutxitan» agertzen den gaixotasuna dela, eta ohiko sintomak direla sukarra, mialgiak, adenopatiak (gongoiletako hantura) eta erupzioak eskuetan eta aurpegian, barizelaren antzera.