Tximino baztangaren aurkako txertoak ematen hasi da Osakidetza. Jada harremanetan jartzen ari da txertaketa gomendioetan jasotako irizpideak betetzen dituztenekin. Efe berri agentziaren arabera, oraingoz, «arrisku handiko sexu praktikak dauzkaten» 18 eta 45 urte arteko pertsonentzat prestatu dute kanpaina, oraindik gaixotasuna izan ez dutenentzat. Horiez gain, gaixotasun larria izateko aukera daukatenek —haurdun dauden emakumeek, immunodepresioa daukatenek eta umeek— txertoa hartu ahal izango dute, baldin eta kontaktu zuzena izan badira.
Lurraldeen araberako banaketa, berriz, populazio hautagarriaren zenbatekoaren arabera egiten ari dira: 80 Bizkaian (%57), 46 Gipuzkoan (%33) eta hamalau Araban (%10). Gainera, Osasun Sailak adierazi du infekzioa prebenitzeko deia egiten ari dela oraindik ere. Webgunean atal bat zabaldu dute gaixotasunari eta txertaketari buruzko informazioa eskuragarri ipintzeko.
Osasun Sailak adierazi duenez, joan den ostegunera arte 85 kasu antzeman zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Denak dira kasu arinak, etxean bakartuta daude, eta urrutiko jarraipena egiten ari zaizkie.
Munduan ere, kasuek gora
Guztira, 18.000 kasu baino gehiago zenbatu dira munduan. Joan den asteazkenean, Osasunaren Mundu Erakundeko (OME) Tedros Adhanom Ghebreyesus zuzendari nagusiak azaldu zuen kasuen %10ek bakarrik behar izan dutela ospitaleratzea, eta %98 gizonekin sexu harremanak dauzkaten gizonen artean atzeman direla. Gainera, horiei eskatu zien «sexu bikotekideen kopurua» murrizteko eta harremanetarako datuak emateko elkarri, «badaezpada».
OMEren datuen arabera, kasuen %70 Europakoak dira, eta %25 Ameriketakoak. Brasilek larrialdi batzorde bat eratu du kontingentzia plan bat sortzeko, eta San Frantzisko eta New York hiriek (AEB) larrialdi egoera ezarri zuten joan den astean.