Azken asteetan, Osakidetzak 183 pertsonari diagnostikatu die tximino baztanga: 137ri Bizkaian, 36ri Gipuzkoan eta hamarri Araban. Osakidetzak azaldu duenez, azken kasu horiek ez daukate, lehenengo kasuek bezala, lotura epidemiologikorik atzerriko beste kasu batzuekin; aurretik kutsatutakoen kontaktuak dira oraingoak. Hala ere, azaldu du gaixotu diren guztiek sintoma arinak izan dituztela, eta etxean bakartzeko agindu dietela. Kutsatuetatik 178 gizonak dira, eta bost emakumeak.
Nafarroako Osasun Departamentuaren arabera, berriz, hamahiru pertsonari atzeman diete tximino baztanga herrialde horretan. Azkeneko egunetan ez dute atzeman beste kasurik.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak tximino baztangaren aurkako txertaketa abiatu zuenetik, berriz, 121 dosi jarri ditu; jasotako dosi guztien %85, hain justu. Lurraldez lurralde, Bizkaian jarri dira txerto gehien: 81 dosi eman dituzte orotara. Gipuzkoan, 26 dosi eman dituzte, eta Araban, hamalau.
Osasun Sailak prebentziorako deia egin die herritarrei, eta esan du txertaketa sustatzen jarraituko duela. Jakinarazi du bere webgunean azalpen atal bat dagoela txertaketari buruzko informazio pedagogikoa lortzeko eta kontatuek edo kutsatutakoek zer jarraibide bete behar dituzten jakiteko.