Txillardegiri gorazarre

Omenaldia egin diote AEK-ko eta Korrikako arduradunek, Jakin eta EHUkoekin. Euskararen alorrean egindako lana nabarmendu dute

Donostiako Musikenen atzo eginiko ekitaldia. JON URBE / FOKU.
Erredakzioa
Donostia
2019ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Laurehun lagun bildu ziren atzo Donostian AEK-k eta Korrikak Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ri eginiko omenaldian, Musikene Euskal Herriko goi mailako musika ikastegian. Han, Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak nabarmendu zuen euskara batuaren alde Txillardegik eginiko lana, eta horrek euskararen alfabetatzeari ekarri ziona: «Euskararen historian baldin badago gauza oinarrizko bat, hori da estandarra sortu izana: euskara batua». Korrikaren aurtengo leloa gogoan hartuta, Txillardegik beste alor batzuetan egindako «klikak»ere gogoratu zituen.

Omenaldia AEK-k antolatu zuen, baina horren ardura partekatu zuen Jakin aldizkariko arduradunekin eta EHU Euskal Herriko Unibertsitatekoekin. Dabilen Pentsamendua bilduma sortu dute, eta aurreneko alea Txillardegiren biografia bat da, Miren Rubio kazetariak idatzitakoa.

Liburua eta dokumentala

Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariak bere mintzaldian hizpide izan zuen Joxe Azurmendi pentsalariak liburuarentzat eginiko hitzaurrea. Azpimarratu zuen Txillardegik ekarri zuela «belaunaldien arteko talka», jauzia egin zuela arrazan oinarritutako naziotasunetik, euskara ardatz duenera, eta horrek eragin zuela «euskalduntasun berri batera klika».

Jon Zarate EHUko Euskara eta Etengabeko Prestakuntzarako errektoreordeak, berriz, gogoratu zuen unibertsitate horretako irakasle izan zela Txillardegi. Han izandako 20 urteetan egindako lan batzuk ekarri zituen gogora, soziolinguistika matematikoaren alorrean egindakoak, bereziki.

Ekitaldira joandakoek, halaber, TxillardegirenKlika dokumentalaren estreinaldia ikusteko aukera izan zuten: Kote Camachok zuzendu du. 14. Korrikan Txillardegiri eginiko elkarrizketa du ardatz, eta euskararen ikas-prozesua, euskarazko unibertsitatearen lehen pausoak, eta beste hainbat gai jaso dituzte.

Txillardegi Liburutegia Herri Plataformakoen izenean, berriz, Asier Sota eta Asier Hormaza aktoreek Ramon Agirreren testu bat interpretatu zuten, eta beste behin eskatu zuten Donostiako liburutegi nagusiari haren izena jartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.