Txillardegiri gorazarre ekitaldia egin diote

Txillardegi-Hausnartu sariak banatu dira idazle horren aldeko ekitaldian, eta Miguel Galiciak irabazi du. Jon Fernandez BERRIAko kazetariak bigarren saria eskuratu du.

Jon Fernandez BERRIAko kazetariak jaso du bigarren saria. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2019ko azaroaren 13a
16:04
Entzun

Soslai poliedrikoa zuen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k. Intelektuala, ekintzailea, kulturgilea eta pentsalaria zen, eta hainbat arlotan izan zen erreferente, hala nola literaturan, politikan, matematikan, hizkuntzan eta soziolinguistikan. Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle ere izan zen 20 urtez, eta Soziolinguistika eta Hizkuntzalaritza irakasgaiak eman zituen. Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak azaldu duenez, Txillardegik egindako ekarpenak aitortu nahi izan dituzte, eta, horren harira, hari gorazarre egiteko ekitaldia atondu dute gaur Carlos Santamaria zentroan. Hala, zentroko erakusketa aretoari Txillardegi izena jarri diote; gaur egin dute inaugurazioa.

«Hiria, lurraldea, artea eta hizkuntza gurutzatzen diren gune zabala da campusa, nahiz eta gaur txikia geratu den», azpimarratu du Agustin Erkizia EHUko Gipuzkoako campuseko errektoreordeak. Aretoaren hormetan panel batzuk zintzilikatu dituzte. Bertan, besteak beste, idazlearen testu bat, bere zenbait argitalpenen azalak, eta Txillardegi Gogoan Herri Ekimenaren testuak biltzen dira. Gainera, gelaren ertz batean, libre erabiltzeko piano bat kokatu dute, Txillardegik instrumentu horrekiko zuen zaletasunari keinu bat eginez.

«Poesia toponimian irakur zitekeela erakutsi zigun Txillardegik, tokian tokiko izenetan. Horrela, berak, ezizen gisa beti tokian tokiko izen bat hartzen zuen: Txillardegi bera, Larresoro, Usako, eta beste. Orain, guk, toki fisiko bati bere izena eman diogu», azaldu du Fito Rodriguez EHUko irakasleak. Bestalde, Jone Forcada Txillardegiren alargunak eskerrak eman nahi izan ditu ekitaldia antolatzeagatik, eta nabarmendu du haren helburuetako bat Euskal Herriko Unibertsitatea «euskalduntzea» izan zela.

Txillardegi-Hausnartu sariak

Ekitaldian txertatuta, Soziolinguistika Klusterrak eta EHUk elkarlanean antolatu dituzten Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika sariak ere eman dituzte. Lehiaketaren hamabigarren aldia izan da. Horren helburu nagusia euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren garapena eta berrikuntza da. Horrela, Miguel Galicia euskal filologoak irabazi du lehen saria, Ebaluazioa: euskararen aldeko ekimenen labirintoan orientatzeko gakoa lanarengatik. Bertan, euskara sustatzeko planen ebaluazioaren inguruko azterketa eta hausnarketa bildu ditu. Zenbait eskualdetako plan estrategiko eta proiektuetan sakondu du, eta «hobetzeko proposamen batzuk» ere egin dituela azpimarratu du.

Bigarren saria, berriz, Jon Fernandez kazetariak eskuratu du. Ondarroako nerabeen sare sozialen erabilpenean euskarak duen pisua aztertu du Fernandezek Ondarroako nerabeen hizkuntza ohiturak sare sozialetan. Kode alternantzia eta erregistroak izeneko lanean. Horretarako, Ondarroako 16 eta 18 urte bitarteko gazteen Whatsappeko eta Instagrameko jarduerak ikertu ditu. Hirugarren saria, berriz, Xabier Madorranentzat izan da, Teknologia berriak eta hizkuntza gutxituak: IKT-en eragina euskaran lanarengatik.

Ekitaldia amaitzeko, Garazi Goñik musika emanaldi labur bat egin du, Txillardegi aretoan dagoen pianoan hiru pieza joz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.