Ez dute onartu Gipuzkoako Urrezko Plaka Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi zenari emateko EH Bilduren proposamena. Gipuzkoako Batzar Nagusiek atzera bota dute egitasmoa, eta, horrenbestez, ez diote Gipuzkoako Foru Aldundiaren bereizgarririk emango Txillardegiri. Hala ere, EAJk eginiko zuzenketa bat onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek, eta hautagaiaren merezimenduak eta zirkunstantziak aztertzeko proposamen bat jaso dute bertan.
EH Bilduren jatorrizko proposamena atzera bota dute EAJ, PSE-EE, PP eta Elkarrekin Podemos-IU alderdiek. «Zatiketa» bilatu nahi izana leporatu dio EAJk koalizioari, eta esan dio aurrez ere bazekitela politikoki ez zutela adostasunik lortuko. Hala adierazi du Maria Eugenia Arrizabalaga Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJren bozeramaileak: «EAJk Txillardegiri ez dio ez ezin ikusirik, ez gorrotorik; ez daukagu hura baztertzeko grinarik, baina politikoki EH Bilduk badaki ez dela adostasunik egongo, eta, hala ere, izena plaza erdian jarri dute».
EH Bilduko kideek gezurtatu egin dute hori, eta nabarmendu dute ez dutela inongo momentuan konfrontaziorik bilatu nahi izan. PSE-EE eta PP alderdiek, bestalde, «ETAren sortzaileetako bat izateagatik» egin dute proposamenaren aurka. Elkarrekin Podemos-IUk, aldiz, azaldu du ez dituela bakearen eta bizikidetzaren balioak ordezkatzen, eta horregatik ez dutela proposamena babestu.
EH Bilduk, bestalde, adierazi du Txillardegi «euskararen eta euskal kulturaren eragile eta zutabe handienetako bat» dela, «euskal narratibaren berritzailea, euskara batuaren sorkuntzan ezinbesteko pertsona eta euskal soziolinguistikaren bultzatzaile nagusia». Hala, azpimarratu dute Gipuzkoako zein Euskal Herriko herritarrek Txillardegi izan zenaren «erliebea» goraipatu dutela, baina oraindik «Gipuzkoako erakunde gorenaren omenaldi ofiziala» falta dela. «Gipuzkoako Foru Aldundiak eskainitako Urrezko Plaka hari emateak hutsune hori beteko luke», gaineratu dute.