«Euskal Herri aske, euskaldun, eta bere baliabideen jabe izango denaren alde eman du bizia, eta borroka horretan aitzindari kontsekuentea izan dugu». Hala dio Pako Sudupe ikerlari eta idazleak Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ri (Donostia, 1929-2012) buruz, haren ibilbide politikoaz kaleratu berri duen liburuaren sarreran. XX. mendearen bigarren erdian «Euskal Herriaren norabidea sakonkien markatu duten pertsonetako bat» zela deritzo Xabier Mendiguren editoreak. Eta Joxe Manuel Odriozola idazleak oroitarazi du, Joxe Azurmendi filosofoaren hitzak gogora ekarriz, «historiaren parte hori ehuntzen duten bidegurutze gehienetan» ageri dela Txillardegiren izena. Bide ugari ibili baitzituen hizkuntzalari, ingeniari, eleberrigile eta ekintzaile donostiarrak. «Estimazio gutxien izan duena» ekarri du Sudupek irakurleengana: ibilbide politikoa.
Txillardegiren borroka abertzalea (2016, Elkar) liburua aurkeztu zuen atzo Sudupek (Azkoitia, Gipuzkoa, 1959), Donostiako Elkar aretoan. Haren testuak izan ditu lanabes nagusi, baina elkarrizketak ere egin ditu hainbatekin: Jone Forkada, Jose Luis Elkoro, Iñaki Aldekoa, Patxi Zabaleta, Joxe Azurmendi... Bi atal nagusitan banatu du lana: oinarri ideologikoak aztertu ditu batetik, eta unean uneko hautu politikoak bestetik. Ez ziren gutxi izan: Ekin eta ETA sortzea, ETA uztea, ESB, HB, Aralar, EAE-ANV...
Bide horiek, hala ere, oinarri batzuen gainean ibili zituen beti. Mendigurenek azaldu zuen Sabino Arana Goiriren ideiak «berritu» zituela Txillardegik; abertzaletasuna berritu zuela, alegia. Nazioaren muina hizkuntzarengan jarrita, besteak beste. Suduperen hitzetan, sozialismo humanistaren aldekoa zen. «Komunista abertzaleek eta sozialista humanista abertzaleek ETAn bat egitea nahi zuen. Ez zuen lortu». 1967an utzi zuen ETA erakundea, V. biltzarraren ondoren. Franco hil ondoren, ESB Euskal Sozialisten Biltzarrean sartu zen. Sudupe: «EAJ behar zen bezala, euskal alderdi sozialista bat ere beharrezkoa zela uste zuen, baina muturreko ezkerrarekiko moderatua zena». Azken batean, «sozialdemokrata aurrerakoi» gisa definitu du egileak, «autogestioaren eta federalismoaren aldeko».
Ideologia horretatik, fronte abertzalearen alde egin behar zela uste zuen. Suduperen arabera, «inperialismo espainola vs nazio askapena» baitzuen Euskal Herriaren kontraesan nagusitzat. Ez zuen begi onez ikusi karlismoak abertzaletasuna «eskuin espainolarekin» lotu izana, eta ez zuen egoki ikusten, 1960ko hamarkadan, abertzaletasuna «ezker espainolarekin» lotzea; hau da, errepublikanismoarekin. «PSOE ez dugu behar». 1971n saiatu zen, Telesforo Monzonekin batera, fronte abertzale hori sustatzen. Eta «poztu» egin zen Lizarra-Garazi garaian.
Askapen prozesu batek lau fase zituela iritzi zion Txillardegik 1967an: folklore fasea, hizkuntza berpiztekoa, fase politikoa, eta, azkenik, fase militarra. Orduan, bigarrenari heltzeko garaia zela zioen, «hirugarrena ahantzi gabe». Laugarrenerako «goizegi» zeritzon. Gerora ere, hainbatetan kritikatu zuen ETAren jarduna, baina 1970eko hamarkada hasieran, esaterako, «harreman estua» izan zuen hainbat etakiderekin. Unean uneko egokitasuna gorabehera, 1936koak bezala, etakideak «gaurko gudariak» zirela adierazi zuen. Eta Franco hil ondorengo trantsizioan, «kontraesan nagusia erreformismoa ala iraultza» zenean, bigarrenaren alde egin zuen.
'Cui prodest?' eta politika
Lizarra-Garaziren ostean, 2002an jo zuen Aralarrera. 1997rako galdetua zuen Cui prodest?; hau da, nori egiten zioten mesede armek. «Lizarra-Garaziko hausturaren ondoren, kritiko agertu zen».70 urteak beteak zituen Aralarren sartzerako. Bost bat urteren buruan utzi zuen. Sudupe: «Autodeterminaziorako bidea egin liteke politikoki estatua behartuz? Ibarretxe planarekin eta Kataluniako estatutuarekin galdu zuen fedea». 2008an, ezker abertzalearen ildo ofizialarekin bat eginda, ANVren zerrendan aurkeztu zen senatari izateko, baina legez kanporatzeak eten zion bidea.
Gauza batzuk beti izan zituen argi. Sudupe: «Euskara politizatu behar da, euskarak estatu bat behar du. Euskaldunei bizitza duin bat zor zaie». Egilearen iritzian, nabarmentzekoa da Euskal Herriaz zuen ezagutza, Iparraldean ere «etxeko» sentitzeraino. «Euskal Herri aske eta euskaldunaren aldeko borrokan eredu eta maisu dugu Txillardegi, eta beti izango dugu kontzientzia erradikal horren erreferente handi bat, handiena ez bada».
Txillardegiren bide politikoak
'Txillardegiren borroka abertzalea' liburua aurkeztu du Pako Sudupe idazleak.Euskal Herri «aske eta euskaldunaren» aldeko borrokan «erreferente handi bat» dela nabarmendu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu