Txillardegi oroitu dute Donostian, eta udal liburutegi nagusiari haren izena jartzeko eskatu

Jakes Lafitte idazleak, zeinak 'Txillardegi oroituz' pastorala amaitu berri duen, ekitaldian hitz egin du, eta musika emanaldiak ere izan dira, besteak beste.

Txillardegiri gaur Donostian egindako omenaldia. JON URBE / FOKU
Txillardegiri gaur Donostian egindako omenaldia. JON URBE / FOKU
Arantxa Iraola - Paulo Ostolaza
2025eko urtarrilaren 12a
13:15
Entzun

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren oroitzapenak bizirik jarraitzen du Donostian. Idazle eta hizkuntzalaria 2012ko urtarrilaren 14an hil zen, eta, egun horren jiran, hura gogoratzeko omenaldi bat egin dute aurten ere, Txillardegi Udal Liburutegia herri ekinaldiak antolatuta, Antiguan, Txillardegi plazan. Senide eta lagun ugari bildu da bertan.

Aurreskuarekin eta lore eskaintza batekin hasi dute ekitaldia, eta Jakes Lafitte idazleak hartu du hitza segidan. Lafitte Txillardegiren ikasle izandakoa da, eta Txillardegi oroituz pastorala amaitu berri du. Revuelta, Etxebeste eta Azken Zutik musikarien emanaldiekin amaitu da omenaldia. Urtero bezala, udal liburutegi nagusiari haren izena jartzearen aldeko aldarria plazaratu dute: Eta Txillardegik non du liburutegia?.

Jakes Lafitte, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Jakes Lafitte, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU

Antiguan sortu zen Txillardegi bera, 1929an. Ingeniaria, hizkuntzalaria, soziolinguista, idazlea eta politikaria izan zen; haren ekarpenak berebiziko garrantzia izan zuen hainbat hamarralditan euskararen eta euskal politikaren bilakaeran, eta arrasto handia utzi du. Euskara batuaren oinarriak jartzeko ere aparteko garrantzia izan zuen haren lanak. 

'Txillardegi hizkuntzalari'

Txillardegi gogora ekartzeko ekitaldi gehiago ere izan dira aste honetan. Ostegun goizean Txillardegi hizkuntzalari liburua aurkeztu zuen Markos Zapiain filosofoak. Eta liburuaren aurkezpena egin zuen gero Txillardegi Udal Liburutegia herri ekinaldiak antolatutako solasaldi batean.

Zapianek, liburuaren aurkezpenaren harira, Txillardegiren «talentua» goraipatu zuen, haren lanerako gaitasuna, eta ezagutzan sakontzeko izan zuen era «poliedrikoa». Idatzita utzi zituen lanen oparotasuna ere goretsi zuen. «Soziolinguistika matematikoaren inguruan Txillardegik idatzitako liburuak ekuazio, taula eta hizkuntza matematikoz josiak daude», azaldu zuen. Baina bestelako lanak ere egin zituen, eta, hain justu ere, hortxe dago Zapiainen ustez miresmenerako motiboetako bat: «Gezurra dirudi pertsona berak idatzi izana Putzu eta Soziolinguistika matematikoa». Txillardegiren nobeletako bat da Putzu, 1999koa. Soziolinguistika matematikoa 1994an argitaratu zuen. Obra zabal eta oso baten bi ale dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.