«Euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren garapena eta berrikuntza». Hori da Txillardegi-Hausnartu sarien helburu nagusia. XV. aldia eginen dute aurten, eta zabalik dago jada parte hartzeko epea. Irailaren 15a izanen da lanak aurkezteko azkeneko eguna.
Euskararen soziolinguistika arloko ikerketak eta hausnarketak aurkeztu daitezke deialdira, betiere oinarri zientifikoa badute. Diziplina askotako lanak proposatu daitezke: soziologia, hizkuntzalaritza, psikologia edo komunikazioa, bertzeak bertze. Egilea pertsona bakar bat edo talde bat izan daiteke. Ezinbertzekoa izanen da lana inon ez egotea argitaratua, eta 30.000 eta 60.000 karaktere bitarte izatea –zuriuneak barne–.
Testuak emailez igorri beharko dira, editagarria den formatu batean. Dokumentu horretan ezin da egilearen edo egileen erreferentziarik egon, datu pertsonalak emailean bertan idatzi beharko baitira. Jasotako lanak baloratzeko, epaimahai bat osatuko dute, talde hauetako ordezkari banarekin: Euskal Herriko Unibertsitatea, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Soziolinguistika Klusterrak hautatutako unibertsitate irakasle bat eta BAT Soziolinguistika aldizkariko zuzendaria.
Saritutako lanak EHUren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Soziolinguistika Klusterraren esku geldituko dira, haiek hautatutako eremu jakin batzuetan zabaltzeko edota argitaratzeko. Horrez gain, irabazleak 2.000 euro eta Luis Zumetaren litografia bat jasoko ditu; bigarren postuan gelditzen denak, 1.300 euro; eta hirugarrenak, 1.000 euro.