Soziolinguistika Klusterrak EHUrekin batera antolatzen duen Txillardegi-Hausnartu saria eman diote Eneko Gorri ikerlariari. Aurtengo itxialdian, Ipar Euskal Herriko eragile ugarik euskaraz bizitzeko eta ikasteko edukiak zabaldu dituzte, eta, egoera horretatik abiatuta, proposamen bat egin du Gorrik, baita etorkizunerako galderak ere: «Nola hedatu euskaraz bizitzeko baliabideak, behar duten pertsonen eskura iritsi daitezen? Larrialdi egoeran posible izan den lankidetza eredua errepikatzen ahalko litzateke molde antolatu, gogoetatu eta anbiziotsuago batean?». Epaimahaiak esan du «bide berri batzuk zabaltzeko aukera» seinalatzen duela egileak.
Bigarren saria Garikoitz Goikoetxea BERRIAko kazetari ohiak eskuratu du. Tolosaldeko (Gipuzkoa) euskararen egoera aztertu du, aldagai soziolinguistikoak bestelako datuekin gurutzatuz. Epaimahaiaren arabera, «soziolinguistika kuantitatiboaren ikuspegi klasikoa erabili du, eskuragarri dauden datuen ustiaketa eta erabilera bikaina eginez». Azterketaren ondoren proposamenak egin izana ere baloratu dute.
Ainhoa Moron eta Beñat Garaioren ikerketak jaso du hirugarren saria. Ipar Euskal Herriko eta Yucatan penintsulako tokiko hedabideek hizkuntzaren biziberritzean duten eraginaren hiru kasu aztertu dituzte.
Txillardegi-Hausnartu saria, Eneko Gorrirentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu