Txillardegi goresteko ekitaldi bat egingo dute igandean

Txillardegi Udal Liburutegia herri ekinaldiak, urteroko gisan, idazle eta hizkuntzalariaren heriotzaren urtemugan hura omentzeko deia egin du; 12:00etan izango da, Antiguan.

Txillardegiri egindako omenaldia, orain bi urtekoa. ANDONI CANELLADA / FOKU
Txillardegiri egindako omenaldia, orain bi urtekoa. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2025eko urtarrilaren 10a
17:15
Entzun

Datorren astean izango da Jose Luis Alvarez EnparantzaTxillardegi idazle eta hizkuntzalariaren heriotzaren urtemuga: 2012ko urtarrilaren 14an hil zen. Egun horren jiran, hura gogoratzeko omenaldi bat egiten du urtero Txillardegi Udal Liburutegia herri ekinaldiak, eta aurtengo omenaldia igande honetan izango da. 12:00etarako egin dute deia, Antiguan, Txillardegi plazan. Aurreskuarekin eta lore eskaintza batekin hasiko dute ekitaldia, eta Jakes Lafittek hitza hartuko du segidan. Musika ere izango da.

Antiguan sortu zen Txillardegi bera, 1929an. Ingeniaria, hizkuntzalaria, soziolinguista, idazlea eta politikaria izan zen; haren ekarpenak berebiziko garrantzia izan zuen hainbat hamarralditan euskararen eta euskal politikaren bilakaeran, eta arrasto handia utzi du. Euskara batuaren oinarriak jartzeko ere aparteko garrantzia izan zuen haren lanak. Urteroko eran, Txillardegiren ibilbidea gogora ekarriko dute  omenaldian, gorazarre eginez, eta haren izena daraman liburutegiaren aldeko aldarria plazaratuko dute: Eta Txillardegik non du liburutegia?.

Txillardegi gogora ekartzeko ekitaldi gehiago ere izan dira aste honetan. Atzo goizean Txillardegi hizkuntzalari liburua aurkeztu zuen Markos Zapiain filosofoak. Eta liburuaren aurkezpena egin zuen gero Txillardegi Udal Liburutegia herri ekinaldiak antolatutako solasaldi batean.

Zapianek, liburuaren aurkezpenaren harira, Txillardegiren «talentua» goraipatu du, haren lanerako gaitasuna, eta ezagutzan sakontzeko izan zuen era «poliedrikoa». Idatzita utzi zituen lanen oparotasuna ere goretsi du. «Soziolinguistika matematikoaren inguruan Txillardegik idatzitako liburuak ekuazio, taula eta hizkuntza matematikoz josiak daude», azaldu du. Baina bestelako lanak ere egin zituen, eta, hain justu ere, hortxe dago Zapiainen ustez miresmenerako motiboetako bat: «Gezurra dirudi pertsona berak idatzi izana Putzu eta Soziolinguistika matematikoa». Txillardegiren nobeletako bat da Putzu, 1999koa. Soziolinguistika matematikoa 1994an argitaratu zuen. Obra zabal eta oso baten bi ale dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.