Eskola Txikiak

Txikitasuna ospatzeko eguna

Lizartzan egingo dute aurtengo Eskola Txikien Festa, igandean, eta herri txikietan eskola izateak duen garrantzia gogoratuko dute bertan. Ikasturte honetan, 66 ikasle ditu Lizartzako eskolak. Ikasle, irakasle eta gurasoen artean sortzen den «gertuko harremana» nabarmendu dute denek.

Lizartzako herri eskola. GORKA RUBIO / FOKU
Miren Garate.
2023ko ekainaren 9a
11:51
Entzun

Urte berezia ari da izaten Lizartzako herri eskolako ikasle, guraso eta irakasleentzat, Eskola Txikien Festaren antolaketan murgilduta baitaramatzate azken hilabeteak. Igandean izango da, 10:00etatik aurrera. Maider Balerdi eskolako gurasoak esan du “ilusio handiz eta arduraz” antolatu dutela eguna. Ohi bezala, Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik leloarekin egingo dute, eta herri txikietan eskola izateak duen garrantzia aldarrikatuko dute.

Herriko plazan dago Lizartzako eskola, eta ikasturte honetan 66 ikasle izan ditu. Lizartzako eta Orexako eskola da berez —garraio zerbitzua dute Orexatik—, baina badituzte Gaztelu, Txarama-Leaburu eta Azkaratetik (Nafarroa) etortzen diren ikasleak ere. Hamalau irakaslek, jangelako hiru begiralek eta garbitzaile batek osatzen dute lantaldea. “Ikas komunitate oso polita dugu. Oso gertuko harremana dugu gure artean, umeekin, gurasoekin…”, kontatu du Gotzone Bengoetxea eskolako zuzendariak.

Haren esanetan, garai batean bazeuden zalantzak eskola txikien inguruan, maila akademikoan ez ote zeuden besteen pare edo. “Baina uste dut hori gaindituta dagoela. Eskola txikian ikasteko aukera izatea pribilegio moduan ikusten da gaur egun”.

Guraso ia guztiek herriko eskolan matrikulatu ohi dituzte beren seme-alabak. “Guraso bezala, oso erosoa izateaz gain, lasaitasun handia transmititzen digu eskolak. Harremana hain gertukoa denez, badakizu arazoren bat egonez gero segituan abisatuko dizutela”, esan du Balerdik. Eskolako gurasoa da orain, eta ikasle izan zen bere garaian. “Inoiz ez dugu gabeziarik izan hemen ikasteagatik, ondo moldatu gara ikasketetan. Beraz, umeek 12 urte arteko bidea hain babestuta egiteko aukera izatea sekulako aukera da guretzat”.

Lizartzako eskolako ikasketa burua eta gorputz heziketako irakaslea da Iker Aldazabal, eta, haren ustez ere, “luxua” da Lizartzako eskolako irakasle izatea. “Ikasle guztiak dira denonak, hori da gure filosofia. Denok ezagutzen dugu elkar, eta hori oso polita da, baita ikasle zaharrenen eta txikienen artean sortzen den elkarri laguntzeko harremana ere”. Hain zuzen, eskola txiki batek “inplikazio pertsonal handia” eskatzen duela azaldu du Bengoetxeak. “Denek ez dute gustuko, gertutasun hori pisutsua izan baitaiteke zenbaitentzat, baina badirudi hemen gaudenoi gustatzen zaigula, klaustro oso finkoa baitugu”.

Astero, baso eskolara

Lizartzako eskolan dituzten proiektuen artean, baso eskola nabarmendu dute. Iaz hasi ziren, 4-5 urtekoekin, eta 2-3 urtekoak eta LHkoak ere joaten dira orain, astean behin, eguraldi ona edo txarra egin. Eskolatik kilometro bat ingurura dagoen Arrola gunera joaten dira, erreka ondo batera, eta han pasatzen dute goiza. “Oso aberasgarria da; bidean, zuhaitzak eta hostoak ezagutzen ditugu, topo egiten dugun jendearekin hitz egin, marrubiak bildu…”, kontatu du Aldazabalek. Iritsitakoan, naturan jolasean ibili ohi dira haurrak, eta helduxeagoek ikasgelan lantzen ari direna lantzen jarraitzen dute han.

Eleaniztasunaren trataera integratua eta digitalizazioa izan dira azken urteotan eskolan garrantzia izan duten beste arloetako batzuk —IKTetan maila aurreratua lortu zuten—. Era berean, ahalegin berezia egiten dute gurasoak ere eskolaren parte izan daitezen: ipuin kontaketetan parte hartzen dute, beren lanbideekin zerikusia duten saioak ematen dituzte… “Oso eskertuta gaude, beti daudelako etortzeko prest. Eta Eskola Txikien Festaren antolakuntzan ere ikusi da hori, izugarrizkoa izan baita haien inplikazioa”, esan du zuzendariak.

Eraikin berri baten beharra

Gainerako eskoletan ohikoak diren kezkak ageri dira Lizartzako eskolan ere. Eskola Txikien Festa antolatzen duenak prestakuntza saio bat ere antolatu ohi du, Gipuzkoako eskola txiki guztietako gurasoentzat, eta Lizartzako gurasoek pantailen erabilerari buruzkoa egitea erabaki zuten. Arnasgune bat da Lizartza, baina euskaren erabileran atzerapauso bat igartzen dute, eta horrek ere eragiten die kezka puntu bat.

Aspaldiko eskaera bat ere badute: eraikin berri bat nahi dute, gaur egungoa gaizki dagoelako eta modulu prefabrikatuetan eman behar izaten dituztelako eskolak. “Urte asko daramatzagu eraikin berria eskatzen. Badakigu Lizartzako Udala eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila ari direla lanean, eta aurrera doala kontua, baina guk nahi baino askoz polikiago”, esan du zuzendariak. Eraikin hori egingo duela agindu zien Jaurlaritzak, baina ez dute datarik.

Igandeko jaiari dagokionez, egitarau zabala prestatu dutela esan dute eskolako ordezkariek. Besteak beste, uraren bidea prestatu dute, herria ezagutarazteko. 2024an Adunan izango da festa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.