Txikiek badute zer irakatsia

Eskolak herri eta auzo txikietan duen garrantzia nabarmendu dute eskola txikien koordinatzaileek. Bihar, Errezilen elkartuko dira, Gipuzkoako Eskola Txikien Festan, bizi-bizirik daudela ospatzeko.

Ezkerretik eskuinera, Irati Manzisidor, Jugatx Olaetxea eta Miren Odriozola, atzo, Lasarte-Orian. JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Lasarte-Oria
2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 54 eskola, 3.200 ikasle pasatxo eta 480 irakasle inguru. Eskola txikien sarearen datuak dira horiek. Banaka, kuantitatiboki, txikiak dira, baina kualitatiboki handiak direla aldarrikatzen dute, badutela zer irakatsia gainerakoei.

Irati Manzisidor, Miren Odriozola eta Jugatx Ormaetxea irailean hasi ziren eskola txikietako irakasleen koordinatzaile lanetan, hezkuntzan zenbait gai pil-pilean zeudela, hain zuzen. Bat nagusiki: Eusko Legebiltzarreko lau alderdi nagusiek hezkuntza akordioa ondu dute, eta lege berriaren txanda da orain. Koordinatzaileek argi dute gizartea etengabe aldatzen ari dela eta ikastetxeek ere horretara egokitu beharra daukatela. Aldaketa ororen harira «beldurrak, mesfidantzak edo errezeloak» sor daitezkeela ikusi arren, uste dute eskola txikiak prestatuago daudela egokitzeko: «Tamainak errazten du. Gurdi handi bat mugitzea baino errazagoa da gauza txiki bat mugitzea. Guretzat, aldaketak datozenean errazagoa da biltzea, pentsatzea, hausnartzea...».

Aldaketak aldaketa, uste dute legeak eskola txikien nortasunari eustearen alde egin behar lukeela: «Eskola txikiek errealitate berezi bat daukate, eskola handiek ez daukaten bat. Ezaugarri berezi batzuk dituzte, eta horiek kontuan hartutako hezkuntza eskaintza bat ematen saiatzen gara». Eta zein dira ezaugarri horiek? Adin aniztasuna da bat; alegia, ikasgeletan maila bat baino gehiagotako ikasleak elkartzea: «Eskolak handitu edo txikitu arren, adin aniztasunean sinesten dugu, iruditzen zaigulako hori dela gure altxor nagusia».

Kokapena da beste bat, landa inguruko eskolak izatea. Arlo horretan ere aldaketak ikusi dituzte azkenaldian, garai bateko landa eremuak eta oraingoak ez dutela zerikusirik: «Landa eremuaren identitate berri horren eraikuntzan, eskola giltzarria da. Eskolan biltzen dira garai bateko baserritarren seme-alabak, hiritik landa eremu idiliko baten bila etorri diren familia horienak, edo etxea merkeago dagoelako aldameneko herritik etorri direnenak». Eskolak horretan duen rola goraipatu dute: «Eskolak herritartzen du haurra».

Azkenik, txikitasunak dakarren gertutasuna dute, familiekin, haurrekin eta herriko eragileekin duten harreman estua. Horrek modua ematen die hezkuntza lau paretaren artetik kanpora ateratzeko: «Hezkuntzak beste dimentsio bat hartzen du, berez beharko lukeena, ze hezkuntza hori da, denona da». Baita herria eskolan sartzekoa ere: «Malgutasuna dugu helburu, herritik edo auzotik eraikitzeko. Herria ere barrura sartzen da. Eskola handiek zurruntasun handiagoa dute hori egiteko, bideak burokratikoagoak dira».

Aldaketa garaiotan, eskola txikien berezko ezaugarrietako batzuk gainerako ikastetxeetara eramateko modukoak irizten zaizkie: «Txikia izateak gauza batzuetarako erraztasun gehiago eman digu, eta gurean probatu diren gauzak ezin dira bere hartan eskola handietara eraman, baina ideia batzuk har daitezke». Adibidez, uste dute txikitasuna dela medio aukera gehiago dituztela «eskolak oinarritik eraikitzeko»: «Zer garen eta nora joan nahi dugun aztertzeko eta hausnartzeko tarte gehiago dauzkagu, eta horretarako tresna onak ere bai». Lidergoan ere ikusten dute hedatzeko moduko eredua dutela: «Goitik beherakoa izan beharrean horizontalagoa den lidergo mota bat dugu».

«Osasuntsu» daude

Hezkuntzako gainerako eragileen gisan, beste erronka bat ere badute begi bistan: jaiotza tasaren jaitsierari erantzuten asmatzea. Oraingoz, ez dute horregatik eskolarik ixteko arriskurik, matrikulazioei eusten ari baitira; kontrara, sarea zabaltzeko aukeratzat daukate: «Gaur egun, ertainak diren eskola asko jaisten ari dira, eta gure ezaugarrietara gerturatzen ari dira: adin aniztasuna datorkie, eta buelta bat eman behar diote haien oraingo izaerari. Iruditzen zaigu horrela lan egiten urteak daramatzagunok badaukagula horiei zer ekarpen egin».

Epe luzerako gai edo erronka horiez gain, luze gabe egitekoa den ekitaldi bat ere badute buruan: Gipuzkoako Eskola Txikien Festa egingo dute bihar Errezilen, eta hamaika ekintza izango dira aukeran, hala nola puzgarriak,M. Dolores Agirre antzezlana eta Andoni Ollokiegiren kontzertua. Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzak ere parte hartuko du harrera ekitaldian: Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua eta Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordea izango dira hartan.

Ospatzeko eguna izango da, koordinatzaileen hitzetan: «Lelo nagusia Eskola txikiak eta herri txikiak bizirik da, eta hori ospatu egin behar dugu, hala baita». Sare moduan «osasuntsu» daudela nabarmendu dute, eta, bi urteko etenaren ostean, elkartzeko aprobetxatu nahi dute: «Iruditzen zaigu festa hau berriro denok —herritarrak, irakasleak, familiak eta umeak— elkartzeko dela eta etapa ilun honi bukaera eman eta berriari hasiera emateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.