Txiki eta Otaegiren ideiak goratu eta «justiziazko memoria» eskatu dute

Ahaztuak-ek Txikiren hilobian egin du Gudari Eguneko ekitaldia, eta frankismoaren zigorgabetasuna salatu

Senide eta herritarrez gain, erakundeetako eta alderdietako ordezkariak ere izan ziren Txikiren hilobiaren aurreko omenaldian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
Zarautz
2013ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Ahaztuak elkartearentzat, funtsezkoa da «justiziaren eta demokraziaren ikuspuntutik» ulertzea memoria historikoa. Hala azaldu zuten atzo Zarautzen (Gipuzkoa), Jon Paredes Manot Txiki ETAko kidearen hilobiaren aurrean egindako ekitaldian. Atzoko egunez fusilatu zituzten, 1975ean, Txiki eta Angel Otaegi etakideak eta Humberto Baena, Ramon Garcia eta Jose Luis Sanchez FRAPekoak. Martxelo Alvarez Ahaztuak-eko kideak salatu zuen, 38 urteren ondoren inoiz baino agerikoagoa dela frankismoaren zigorgabetasuna. Atzoko egunez fusilatutako bost lagunekin batera, «berdintasunean, justizian eta elkartasunean oinarritutako gizartearen alde borrokatu zutenak» ere omendu nahi izan zituen Ahaztuak-ek, eta ideia horiek gaur egun ere bizirik dirautela nabarmendu zuen. Alvarezek gogora ekarri zuen «puntu eta kito» egiteko lege bat izan zela Espainiako 1977ko Amnistia Legea, eta horretan oinarritzen dela gaur egun ere Espainiako Estatua frankismoaren aurka ez egiteko. Esan zuenez, Memoria Historikoaren Legeak ere hori babesten du, lege horretan oinarritu baita Espainia Maria Servini epaileak inputatu dituenak ez atxilotzeko.

Alvarezen hitzen ondoren, lore eskaintza eta dantzarien ohorezko agurra egin zuten Txikiren hilobiaren aurrean. 1937an Asturiasen (Espainia) faxisten aurkako gudan hildako Benito Reolaren iloba Iñaki Tamayok ere hartu zuen hitza, eta eskertu egin zuen Ahaztuak-ek hura gogoratzeko egindako lana. Azkenik, Txikiren senideek gogoan izan zutenPello Erguin zarauztarra, zeina aurten zendu den, «urtero ondoan egoteagatik».

Senide eta herritarrez gain, erakundeetako eta alderdietako ordezkariak ere izan ziren; besteak beste, Gari Berasaluze, Aser Lertxundi eta Eider Illarramendi zinegotziak (Bildu) eta Joxean Agirre Sortuko kidea. Ekitaldia hasita zegoela iritsi ziren Juan Luis Illarramendi alkatea (Bildu), Txema Urkijo Jaurlaritzako Giza Eskubideetako zuzendaria, aurreko legealdian kargu bera zuen Maixabel Lasa, EAJko batzarkide Markel Olano, eta EAJko eta PSEko Zarauzko zinegotziak eta Aintzane Ezenarro legebiltzarkide ohia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.