Nafarroako inbestidura saioa

Txibiteri egurra eman dio eskuinak; «anbizioa» eskatu diote gainerakoek

Aurrekoa baino gobernu «makurragoa» iragarri dute UPNk eta PPk. Euskararen alorrean urratsak exijitu dituzte EH Bilduk eta Geroa Baik

Uxue Barkosen hitzartzea Nafarroako Parlamentuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2023ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Parlamentuko eskuin hegaletik kritika zaparrada jaso zuen atzo Maria Txibitek, bere inbestidurarako lehenbiziko saioan. UPNk gogor salatu zuen aurrerakoia ez, «atzera eginen duen» gobernua izanen dela Txibiterena, eta EH Bilduren babesa beharko duela deitoratu zuen. PPk ere hitz gogorrak izan zituen, baina prest agertu zen gobernua babesteko, «ezker abertzaletik ahalik eta urrunena» egon daitezen. EH Bilduk «anbizioa» eskatu zion Txibiteri, eta gobernuaren negoziazioa «besaulki gudatzat» izendatu. Eskuina udaletatik botatzeko dei egin zion, legegintzaldia «inflexio puntu» izatea nahi baitu.

Inor ez baztertzeko eskatu zuten Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak, eta «ausardia» eta aurreko legegintzaldian baino urrutiago joateko eskatu zioten PSNri. Euskararen alorrean aurrera egiteko eskatu zuen Geroa Baik, eta gizarte gaietan sakontzeko beharra nabarmendu, Zurekin Nafarroak.

JAVIER ESPARZA

UPNko bozeramailea

«Galtzaileen arteko akordioa da, hasieratik hautsita jaio dena»

Diskurtso gogorra egin zuen Javier Esparza UPNko bozeramaileak, eta kritika erauntsia bota zuen Maria Txibiteren eta gobernuaren kontra. «Aurrerakoia» bainoago, «atzera eginen duen» gobernua izanen dela iragarri zuen, aurrekoa baino «makurragoa». «Galtzaileen arteko komenentziazko akordioa da, hasieratik hautsita jaio dena», salatu zuen.

Volkswagen aipatuta hasi zituen kritikak; ia zortzi minutuz aritu zen horri buruz. Izan ere, auto enpresak Hyundairekin sinatutako akordioa dela eta, bateriak VWen lantokitik kanpo muntatuko dituzte. «Aurrerakoia al da multinazionalaren eskutik lanean aritzea, enpresa batzordearen kontra?». Langileei «traizio» egitea leporatu zien. Progresistak «itxuraz» baino ez direla esan zien gobernuko alderdiei: «Zuen besaulkiak, soldatak eta auto ofizialak baizik ez dituzue defendatzen».

UPNk «luzatutako eskua ukatzea» txarretsi zion Esparzak Txibiteri: «Beste alternatiba bat bazegoen, baina berriz ere, EH Bildu nahiago izan duzu». ETA zenbait aldiz aipatu zuen Esparzak, eta gobernuari leporatu zion «terrorismoa esplizituki ez gaitzestea». Kezka agertu zuen hezkuntzari, osasunari, eta Nafarroako «ikur» eta «identitateari» buruz. «Askatasuna murriztea» leporatu zion gobernuari, eta osasungintzarekin noraezean aritzea.

Txibiteri ohartarazi zion UPNk ez diola laguntzarik emanen: «Gure oposizioa leiala izanen da gure boto emaileekin, Nafarroarekin eta Espainiarekin; baina exijentea eta zorrotza zurekin».

RAMON ALZORRIZ

PSNko bozeramailea

«Gobernua gotorleku bat izanen da eskuinaren erasoen aurrean»

PSN goraipatzeko eta Esparzari erantzuteko baliatu zuen hitzartzea Javier Alzorrizek. Eskuinak «40 urte atzera» egin nahi duelaeta, «politika sozialak eta «progresistak ezartzen jarraituko duen» gobernu bat sustraitzeko beharra nabarmendu zuen. «Gobernua gotorleku bat izanen da eskuineko alderdiei eta haien makineria mediatiko, politiko eta judizialaren erasoei aurrean».Esparza «galtzaile nagusiari», «suntsiketan» eta «krispazioan» oinarritzea leporatu zion.

LAURA AZNAL

EH Bilduko bozeramailea

«Anbizio handia eta baliabide aski behar dira erronkei aurre egiteko»

Laura Aznal EH Bilduko bozeramailea «kontent» agertu zen haien «lehen helburua» lortuta: «eskuinari ateak ixtea». Hala ere, negoziazioetan izandako jarrera txarretsi zien PSNri, Geroa Bairi eta Zurekin Nafarroari: «Ikusi dugun besaulki gerran ez da ideien eta edukien inguruan eztabaidatu». Momentu batez PSNren aldeko botoa ematea planteatu bazuten, «arduragatik» izan zela esan zuen Aznalek. «Gehiegi jokatzen dugu Nafarroan arinkeriaz jokatzeko».

Herrialdean «fase politiko berri bat irekitzeko» beharra nabarmendu zuen EH Bildukoak, eta ohartarazi ez diotela deusi uko eginen. «Txibite anderea, badakizu inbestidura gainditzea gauza bat dela, eta beste bat lau urtez gobernatzea». Aznalek uste du gobernuak ez duela «behar bezalako mailarik» eman zenbait arlotan: zerga sisteman, hizkuntza politikan eta autogobernuan.

Horregatik, legegintzaldi berria «inflexio puntu» izatea nahi du, eta «gauza guziez» hitz egin dadila. Udaletan eskuina kanporatzeko eskatu zuen, eta, oro har, eskubideak zabaltzeko, «hizkuntza eskubideak barne». Zonifikazioa bukatzea exijitu zuen Aznalek, eta subiranotasunaren eztabaidari ekitea. Herritarren erosahalmena bermatzeko neurriak, Osasun legea, udal maparen garapena, berdintasuna, hezkuntza, klima larrialdi, etxebizitza, babes soziala eta elikadura burujabetza ere aipatu zituen. «Dagoeneko ez dute partxeek balio. Anbizio handia beharko da erronka hauei aurre egiteko, baita baliabide aski ere».

UXUE BARKOS

Geroa Baiko bozeramailea

«Euskararekin, aurrera egitea ez den beste guztia atzera egitea da»

Deus baino lehen, gobernu akordioa erdiesteko zailtasunak aipatu zituen Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramaileak. «Ez, Geroa Bain ez genuke inoiz baldintzarik gabeko baiezkorik emango», esan zuen. Hala, programa, gobernu egitura eta jarraipen mekanismoak biltzen dituen ituna lortu dutela azaldu zuen. Txibiteri esan zion «konfiantza ehundu» beharko duela «urratu» den lekuetan. UPNren alkatetzak ahalbidetu zituen udaletan antzeko itun bat onartzeko eskatu zion, eta Nafarroa «subjektu politiko libre» gisa onartzeko.

Desadostasunik «agerikoenari» denbora dezente eskaini zion: euskarari. «Argi dugu: aurrera egitea ez den beste guztia atzera egitea da». Hala, 2023an baino «anbizio handiagoa» izan dutela esan dute, desadostasunak akordioan bilduta. Aurrerapausorik izan ezean, gobernu aurrerakoirik ez legokeela ere esan zuen: «Zortzi urteotan hizkuntza politiketan egon diren aurrerapausoak ezinezkoak izango lirateke Geroa Bai egon izan ez balitz».

Osasungintza publikoa «presako lana» dela esan zuen Barkosek, baita trantsizio ekologikoa eta digitala ere. Baikor bukatu zuen: «Aldaketak aurrera egiten jarraitzen du».

JAVIER GARCIA

PPNko bozeramailea

«Eskua luzatzen dizugu hemengo politikak ezker abertzaletik ahalik eta urrunena egon daitezen»

Javier Garcia PPNko bozeramaileak uste du Nafarroakoa gobernu «kontinuista» izanen dela, abertzaleei «kontzesioak» emanen dizkiona eta «funtsezko gaietan deus eginen ez duena». Hala ere, bere politiken noranzkoa aldatzea erabakiko balu, Txibiteri babesa agertzeko prest agertu zen: «Eskua luzatzen dizugu, Nafarroaren alde, hemengo politikak ezker abertzaletik ahalik eta urrunena egon daitezen». Oposizio «eraikitzailea» eginen dutela aurreratu zuen.

Nafarroan zergak txikitzeko eskaria egin zuen, eta Osasun departamentua Geroa Bairen esku uztea txarretsi. EH Bildu «zuritzea» ere leporatu zion Txibiteri: «Zuengatik hazten ari da hauteskundez hauteskunde».

BEGOÑA ALFARO

Zurekin Nafarroako bozeramailea

«Gure baiezkoa ez da txeke zuri bat»

Akordio «askoz ere handinahiagoa eta ausartagoa» nahiago zutela onartu zuen Begoña Alfaro Zurekin Nafarroako bozeramaileak, baina seguru agertu zen «gehiengo aurrerakoi argiak» lan eginen duela «eraldaketa sozialetan sakontzeko». Txibiteri eskatu zion EH Bildu bazter ez uzteko: «Gure herriko aurrerapen sozialean ekarpen handia egin dezake». Gainera, oharra ere utzi zion lehendakarigaiari: «Gure baiezkoa ez da txeke zuri bat».

Zerga erreforman gehiago sakondu nahi zutela adierazi zuen Alfarok, eta hezkuntza publikoaren alorrean neurri zehatzagoak adostu. Energia enpresa publiko bat ere nahi zuten, «energia oligopolioari aurre egiteko». Bestalde, kontent agertu zen osasun alorrean adostutakoarekin, osasun publiko eta unibertsalaren aldeko apustu «argia» eta «irmoa» egin dutelakoan.

Gazteak erdigunean paratzeko eta berdintasun planetan sakontzeko beharra azaldu zuen, eta gairik «larrienetako» bati irtenbidea emateko eskatu: etxebizitza. «Esparzari ez dio konfiantzarik ematen Zurekin-ek Etxebizitza kudeatzea. Pozten naiz, ez diogulako konfiantzarik eman nahi etxebizitza negoziotzat dutenei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.