Nafarroako Gobernu osaketa

Txibiteren kontseilariek kargua hartu dute jada, Arastik izan ezik

Jose Luis Arastik Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari izateari uztean hartuko du Ekonomia kontseilari kargua. «Aliantzak» sortu beharra nabarmendu du Maria Txibitek

Atzo karguaren zina egin zuten Nafarroako Gobernuko hamabi kontseilariak. Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek heregun egin zuen. PSN.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2023ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Maiatzeko hauteskundeen ondoko korapilo gehienak askatuta, Nafarroako Gobernuak bide berriari ekin dio azkenik, eta, are, bide hori «aurrera begirakoa» izanen dela hitzeman dute bai presidente Maria Txibitek, bai gobernu berriko kontseilari eta presidenteordeek. Izan ere, izendatu berri gehien-gehienek izan dute ahotan «politika aurrerakoiak» martxan jarri nahia. Hain justu, Txibitek ostegunean egin zuen bere karguaren zina, eta atzo izan zen gainerakoen txanda. Eginak dira tramiteak, osatuak puzzleak; kasik, behintzat. Soilik pieza bat falta dute: PSNko Jose Luis Arasti izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuko burua, baina oraindik ezin izan du zin egin, Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari delako oraindik.

Horiek horrela, Arastik izan ezik, gainerako hamabi kontseilariek hartu zuten kargua atzo, Nafarroako Jauregian. Horietako hiruk bi aldiz egin behar izan zuten karguaren zina, kontseilari ez ezik presidenteorde ere badirelako aldi berean. Halaxe egin zuten Felix Tabernak (PSN), Ana Ollok (Geroa Bai) eta Begoña Alfarok (Zurekin Nafarroa). Zin egiteko orduan, hamabi kontseilarietako bik euskaraz egin zuten —Geroa Baiko Jose Mari Aierdik eta Mikel Irujok—, bik ele bitan —Ollok eta Alfarok—, eta beste zortziek gaztelaniaz.

Segidan, kontseilariak ondoan zituelarik, pozik mintzatu zen Txibite. Presidenteak nabarmendu zuen «ohorea» dela Nafarroako Gobernua gidatzeko zeregina kide horiekin konpartitzea, eta azpimarratu zuen «garapenean ardazten den gobernu bat» dela, «printzipioak argi dituena». PSNk zortzi departamentu gidatuko ditu, Geroa Baik lau, eta Zurekin Nafarroak bat. Hain zuzen, hiru talde politikoek erdietsitako akordioaren sendotasunean egin zuen azpimarra Txibitek, nabarmen, eta, are gehiago, esan zuen «aliantzak sortzea» izanen dela agintaldiaren giltzarrietako bat.

Autogobernua defendatzera ere deitu zuen, eta aldarrikatu «nafar guztien» gobernua izanen direla. Izan ere, haren hizketaldian, presidenteak bereziki nabarmendu zuen Nafarroako herritarren «pluraltasuna», baita «elkarbizitza» bermatu beharra ere. «Kezkatuta nago gorroto diskurtsoekin», azaldu zuen.

Elkarbizitzarekin loturik, Txibitek esplikatu zuen irmo aldarrikatuko dutela «guztienganako errespetua» egotea, «baita sentitzeko eta pentsatzeko moduak diferenteak direnetan ere». «Gure sinboloen eta hizkuntzen errespetua ere sustatuko dugu», gehitu zuen azkenik. Hala eta guztiz ere, ez zuen zehaztu zein diren aipatutako sinbolo eta hizkuntza horiek. Agerraldian, presidenteak lau hitz esan zituen euskaraz: «egun on» eta «eskerrik asko».

Euskara gaiak, ikusteke

Protokolo zorrotzek gidatutako kargu-hartze ekitaldiaren ondotik, kontseilariek banan-banan egin zituzten hitz batzuk kazetarientzat. Nork bere modura, baina denek adierazi zuten lanari ekiteko grina.

Gogotsu mintzatu zen, esaterako, presidenteorde eta Presidentetza eta Berdintasun kontseilari Felix Taberna, «urteetan pilaturiko esperientziak» indarra emanen diolakoan. Nabarmendu du «politika feministak» bultzatuko dituztela, eta «nafar marka» zabaltzea ere izanen dela lehentasunetako bat.

Ana Ollok gidatuko du atzera ere Herritarrekiko Harremanetako Departamentua. Hala eta guztiz ere, Bake eta Bizikidetza PSNk kudeatuko du, aurreko legealdian ez bezala. Gainera, presidenteorde ere izanen da Ollo. Dioenez, «ilusioz» da kargu horretan jarduteko, eta nabarmendu du gobernua osatzeko akordioa erdietsi izana «lorpen handia» dela, «besteak beste, gero eta hurbilago dugun faxismoari kontra egiteko».

Berriz ere, Olloren departamentuak kudeatuko du Euskarabidea. Gai horri loturik, Espainiako Atzerri ministroak Europako Batzordeari egin berri dion eskea ekarri zuen gogora Ollok; euskara, katalana eta galiziera hizkuntza ofizialen erregimenean sartzeko galdegin izana, alegia. «Espero dut horrek haize freskoa ekartzea gurera ere». Ordea, ufada horren arrastorik ez da izan oraindik: Txibitek esan du akordioan ez dela jaso zonifikazio deuseztatzeko asmorik. Alderdi hori kritikatu du Ollok: «Gure akordioaren desadostasunetako bat da. Halere, sinetsita nago agintaldi honetan aurrerapausoak eginen direla hizkuntzaren aitortzan eta erabileraren sustapenean».

Iragarria zenez, Begoña Alfaro izanen da hirugarren presidenteordea, bai eta Etxebizitza kontseilaria ere. Hitzeman du bere koalizioak ekarpen handiak eginen dizkiola gobernuari, hala nola «zorroztasuna eta fidagarritasuna». «Ez dut dudarik gobernua egonkorra eta ederki kohesionatua izanen dela». Halaber, haren arabera, Zurekin Nafarroak helburu argi bat izan zuen negoziazio prozesuan: «Nabarmendu genuen inportanteena ez dela gauza bakoitza nork egin behar duen, baizik eta zer egin behar den». Gainera, Alfaro izan zen atzo EH Bildu aipatu zuen bakarretako bat. «Laugarren indar aurrekoia izanik, zeresan handia izango dute onartu beharko diren neurrietan».

0-3 zikloaren doakotasuna

PSNko Carlos Gimenok Hezkuntza kontseilari segituko du. Atzoko hizketaldian adierazi zuenez, «aukera berdintasuna bermatzea» izanen da departamentu horren lehentasuna, besteak beste. Asmo horri dagokionez, Gimenok adierazi zuen «oso litekeena» dela legealdi honetan bihurtzea doako 0-3 zikloa Nafarroan.

Halaber, atzo Geroa Baiko Fernando Dominguezen itzulera izan zen ikusmin handiena sortu zutenetako bat. Uxue Barkosen legealdian Osasun kontseilari izan zen, eta kargu horretan ariko da oraingoan ere. «Gure erronka handiena da herritarrek konfiantza izan dezaten Nafarroako osasun sisteman, hartaz harro egon daitezen», esplikatu zuen. Bestalde, nabarmendu zuen Nafarroako Osasun Foru Legea berritzeak premiazkoa dela. «Espero dugu dokumentua 2024ko bukaerarako egotea prest», zehaztu zuen. Gogoratu zuenez, orain indarrean dagoena 1990koa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.