Bidea egiten hasi nahi du Maria Txibiteren gobernuak, lehenbailehen. Horregatik, datozen ehun egunetan aplikatzekoak diren 160 «lehentasun» jasotzen dituen txostena aurkeztu zuen atzo. Horietako asko, baina, aurreko legealdian abiatu edota planifikaturiko neurriak dira. Nondik jo erabakitzeko tenorean, lauko gobernuaren bide orrian aurkitu du inspirazioa Txibitek.
Atzoko agerraldian, 2020-2024 aldirako enplegu plana nabarmendu zuen lehendakariak. Urte hasieran, berriz, Uxue Barkos zen enplegu planaz mintzo zena. Orduan, plana ez zen indarrean jarri, gehiengo sindikalak ez zuelako begi onez ikusi. «Prest zegoen, azken sinadura besterik ez zaigu falta izan», aitortu zuen Barkosek. Orain, bide beretik jo nahi du Txibitek: haren esanetan, «elkarrizketa sozialean» oinarrituko da egitasmoa, «asmo eraikitzailea duten eragile guztien parte hartzeaz».
Hezkuntzan, hezkidetzaren beharra azpimarratu du Txibitek. Hori dela eta, aurreko legealdian sortutako —eta Unescok saritutako— Skolae proiektuari eutsi eta ziklo guztietara hedatuko dute. Unibertsitateko beken sistema ere zabaldu nahi dute, «graduetako lehen matrikulazioetan doakotasuna bermatzeko».
Osasunbidean badago alderik: azken hilabeteetan ugaritutako itxarote zerrendak murrizteko plan bat iragarri du lehendakariak, eta kontratazioak bizkortuko dituzte zenbait alorretan —pediatrian, familia medikuntzan eta erizaintzan, besteak beste—.
Lurraldea egituratzeko «estrategikotzat» jotzen dituen proiektuen artean, berriz, Txibitek lehentasuna emanen dio beste proiektu zahar bati: Nafarroako Ubidearen bigarren faseari.
Gobernuak atzo aurkeztutako txostenean, baina, apenas egiten zaion aipamenik euskarari eta hizkuntza politikari. Puntu bakarra aipatu zuen Txibitek: administrazioan euskararen erabilera arautzeko foru dekretua «berraztertu» nahi dute, eta lantalde bat sortu dute horretarako. Urtebetean, prest izanen dute diagnostiko bat, «egin beharreko aldaketak egiteko». Gobernuaren helburua da «euskararen inguruan kontsentsu sozial, politiko eta sindikalik handiena lortzea».
Txostenaz gain, hauteskunde kanpainan iragarritako zenbait neurri betetzeko konpromisoa ere agertu zuen lehendakariak: besteak beste, berretsi zuen «konponbidea» emanen diola amatasunagatik errenta zerga berreskuratu nahi duten amen auziari, «urtea bukatu baino lehen». Hezkuntzaren inguruko «itun sozial eta politikoa» ere sustatuko du, eta iaz zeresana eman zuen beste auzi bati ere heldu nahi dio: trafiko eta bide segurtasuneko eskuduntzen transferentziari.
«Espainiako Gobernuarekin batzartu eta tramiteak arinduko ditugu», ziurtatu zuen Txibitek atzoko agerraldian. Barkosen gobernuak iaz iragarri zuen transferentzia hori hitzartua zuela Madrilekin, baina, ordutik,Pedro Sanchezen gobernuak auzia atzeratu du.
Txibiteren bide orria, aurreko gobernuaren arrastoari segika
Aurten aplikatuko dituzten 160 neurri aurkeztu ditu Nafarroako Gobernuak. Enplegurako plana «lehentasunezko» jo du lehendakariak. Euskararen dekretua «berrikusi» nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu