Txibiteren aurkako irainen auzian akordioa egin dute nekazariekin, eta haiek barkamena eskatu diote publikoki

Protesta batean irain matxistak egin zizkioten Nafarroako Gobernuko lehendakariari. Justizia errestauratiboaren bidea egin dute lehendakariak eta auzipetu zituzten hiru nekazariek.

Txibite, Urkullurekin eta Roussetekin, Erriberrin, iazko martxoaren 4an. JESUS DIGES / EFE
Txibite, Urkullurekin eta Roussetekin, Erriberrin, iazko martxoaren 4an. JESUS DIGES / EFE
gurutze izagirre intxauspe
2025eko urtarrilaren 21a
11:40
Entzun

«Puta» eta bestelako irain eta txistu artean sartu zen Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria Erriberrin, euroeskualdearen harira zuten ekitaldi publiko batera, iazko martxoaren 4an. Hainbat nekazarik egin zuten protesta, eta, protestarako arrazoiak ulertzen zituela esan arren, irain matxistak onartezintzat jo zituen Txibitek: «Nik errespetu handia diot ordezkatzen dudan erakundeari, eta, ondorioz, errespetu handia diet emakumeei eta neure buruari. Irain matxista hauek ez dira zigorrik gabe geratuko, are gutxiago Martxoaren 8ko aste honetan. Emakumeok egunero jasaten dugun indarkeriaren erakusgarri dira». Esan eta egin. Hiru nekazari identifikatu zituzten eta auzibide bat ireki zuten. Justizia errestauratiboaren bidea onartu zuten aldeek, eta akordioa egin dute.

Ohar bateratu bat atera dute auzibidea ireki zieten nekazariek eta Nafarroako Gobernuko lehendakariak, akordioaren berri emateko. Ohar horretan, egileek publikoki aitortu dute Txibiteren aurkako irainek ez zutela lekurik.

«Erriberrin jazotakoek ez dituzte gizarte gisa eraiki nahi dugun errespetuzko, berdintasunezko eta bizikidetza balioak ordezkatzen», diote oharrean. Protestaren helburuak zilegiak zirela diote, «baina manera desegokiak erabili ziren, eta tartean izan ziren presidenteari eginiko irainak eta adierazpen laidogarriak, ez bakarrik haren figura instituzionalari eginak, baizik baita botere postu bat duen emakume bat den heinean eginak ere», onartu dutenez.

Justizia errestauratiboaren bidez egin duten prozesu horretan, irainen kontzientzia hartu dutela diote, «ez bakarrik maila pertsonal eta erakunde artekoan, baita testuinguru zabalago batean ere, genero berdintasunaren inguruko borrokan. Uste dugu gure irainek eta gutxiespenek desberdintasunak areagotzea elikatzen dutela eta emakumeen errespetuaren aurkako jarrerak betikotzen dituztela. Ulertzen dugu egindako irainek ez dutela bakarrik lehendakaria pertsona gisa iraintzen, baizik eta jarrera matxistak betikotzen dituztela, eta emakume guztiak kaltetzen dituztela; emakumeek, gainera, erronka gehigarriak dituzte gure gizartean lidergo rolak okupatzeagatik».

Jarreren errebisioa

Oharraren bidez, «barkamena» eskatu diote «benetan» Nafarroako Gobernuko lehendakariari, publikoki. «Konpromisoa hartzen dugu publikoki errespetu, berdintasun eta zibismo ingurune bat sustatzeko, elkarrizketa eta komunikazio eraikitzailea lehenets daitezen. Konpromiso horrek barnean hartzen du gure jarrerak errebisatzea, eta inguru bat sustatzea non pertsona guztiak, generoa dena delakoa izanda ere, duintasunez eta errespetuz tratatuak izango diren».

Oharrean diotenez, egindako kaltea eginda dago, baina espero dute egindako gogoetak eta hartutako konpromisoek berdintasunaren, errespetuaren eta elkarrizketaren kultura sustatzea gizartean. «Parte hartu dugun justizia errestauratiboaren prozesua entzuketa, elkarrizketa eta elkar ulertze baterako lekua izan da». Hain zuzen, esan dute akordioa horregatik izan dela posible, eta prozesuan esku hartu duten aldeei eskerrak eman dizkiete «erreparaziorako eta ikasketa kolektiborako bidea errazteagatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.