Txibiteren aurkako 'escrache'-a gaitzesteko adierazpena blokeatu dute UPNk, PPk eta Voxek

Ostiralean, 6F elkarteko nekazari talde bat lehendakariari oldartu zitzaion Cabanillasen (Nafarroa). PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak horren aurkako adierazpena adostu dute parlamentuan, baina eskuinak ez du babestu.

Nekazari talde bat, martxoaren 7an, Nafarroako Parlamentura indarrez sartzeko ahaleginetan. IÑIGO URIZ / FOKU
Nekazari talde bat, martxoaren 7an, Nafarroako Parlamentura indarrez sartzeko ahaleginetan. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko martxoaren 25a
14:00
Entzun

Ostiral iluntzean, Maria Txibiteren aurkako protesta bortitza egin zuten 6F nekazarien elkarteko zenbait kidek Cabanillasen (Nafarroa). Herriko gizarte etxe berriaren inaugurazioan izan zen lehendakaria, eta, handik ateratzean, irainka hasi zitzaizkion. Autoraino segitu zioten, eta ibilgailua jo; bitartean, beste protestari batzuek eserialdia egin zuten kale erdian, bidea oztopatzeko. Foruzaingoa manifestarien aurka oldartu zen orduan, kolpeka. Gertatutakoa gaitzesteko adierazpen instituzionala adostu dute gaur PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa taldeek Nafarroako Legebiltzarrean, baina ekinbideak ez du aurrera egin, UPNk, PPk eta Voxek haren kontra bozkatu baitute. Eskuinak uko egin dio gertatutakoa «eraso» gisa definitzeari.

Izan ere, parlamentuaren araudia aldatu zenetik, Mahaian eta Eledunen Biltzarrean aurkeztutako adierazpenak aho batez onartu behar dira, kontrako botorik gabe. Gaur ez da halakorik izan, eta hortaz, atzera bota dute adierazpen instituzionala.

PSNk aurkeztu du idazkia. Bertan, sozialistek salatu dute iragan ostiralekoa lehendakariaren aurkako «erasoa» izan zela, eta parlamentuak gaitzetsi beharko lukeela «eraso horren egileen eta hura babesten dutenen jokabide antidemokratikoa». Horrez gain, errespetua adierazi diete «Estatu demokratikoari, haren erakundeei eta ordezkari instituzionalei» eta babestu egin dute Foruzaingoak eginiko lana.

Eskuinak adierazpen horren kontra bozkatu du, eta UPNk eta Voxek testu propio bana aurkeztu dute. Erregionalistek «lehen sektorearen aldeko elkarretaratze batean gertatutako istilu» gisara definitu dute gertatutakoa, baina gogorarazi dute «adierazpen askatasunerako eskubide legitimoa» uztartu egin behar dela «ordena demokratikoa bermatzen duten legeak errespetatzearekin». Horrez gain, babes eta aintzatespen osoa adierazi die Foruzaingoari eta Guardia Zibilari. Adierazpen horretan, gainera, UPNk parlamentuari eskatu dio «nekazaritza eta abeltzaintza sektorearen aldarrikapenak babesteko».

PSN prest azaldu da eskuinaren adierazpen hori babesteko, baldintza batekin: istilu hitza kentzea eta horren ordez eraso paratzea. UPNk ez du onartu. Nafarroako Gobernuari eusten dioten beste taldeen iritziz, bestalde, nekazarien aldarrikapenek ez dute zerikusirik ostiralean gertatutakoarekin, eta puntu hori kentzeko eskatu diete erregionalistei, baina horretan ere ez du amore eman Javier Esparzaren alderdiak. Azkenerako, bertan behera gelditu da adierazpen hori ere. Voxek, azkenik, testu propioa jarri du mahai gainean, zeinean «txarretsi» egin baitu Cabanillasko «gertakaria», baina Foruzaingoaren jokabidean egin du azpimarra: «Bortizki aritu dira».

'Gaitzespen' hitzari izkin

Hau ez da eskuineko alderdiek nekazarien erasoaldiak gaitzesteari uko egin dioten lehen aldia. Martxoaren 7an, Nafarroako Parlamentura indarrez sartzen saiatu ziren zenbait manifestari, eta tentsio handia izan zen haien eta sartzea eragotzi zieten foruzainen artean. Goizeko saioa amaituta, nekazariak korrika ibili ziren parlamentutik autoan atera ziren legebiltzarkideen atzetik, irainka. Maria Txibite gobernuko lehendakariari, zehazki, irain matxistak oihukatu zizkioten behin baino gehiagotan. Gisa bereko irainak entzun behar izan zituen Txibitek martxoaren 4an, Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdeko bileraren ostean, eta baita otsailaren 8an ere, nekazari talde batek escrache bat egin zuenean lehendakariaren etxe aurrean.

Nafarroako Parlamentuko istiluen ostean, talde politikoak ez ziren gai izan gertatutakoa gaitzesten zuen adierazpen instituzional bat onartzeko. Unai Hualde legebiltzarreko presidenteak testu bat aurkeztu zuen, parlamentuan «indarrez sartzeko» eta instituzioari «eraso» egiteko saioa gaitzesteko. Orduko hartan ere, UPNk semantikaren esparrura eraman zuen eztabaida: ez zuen gertaera hori «erasotzat» jo nahi izan, eta PPk bat egin zuen interpretazio horrekin. Biak abstenitu egin ziren, eta Voxek aurka bozkatu zuen.

Parlamentuko protesta horren kontura, 19 pertsona auzipetu dituzte, zenbait delitu egotzita. Prozesu horren kontra protestan ari ziren ostiralean Cabanillasen bildutako nekazariak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.