Lehenik Navarra Suma, eta ondoren EH Bildu. Maria Txibitek badaki bi parlamentu talde horietako baten beharra izango duela 2020ko aurrekontuak aurrera ateratzeko, eta, atzo arratsaldean, talde bakoitzeko ordezkaritzarekin batzartu zen. Amaieran, gobernuak ez zuen adierazpenik egin nahi izan. Bai, ordea, taldeek. Navarra Sumako Javier Esparza «atsekabetuta» agertu zen, eta «iraingarritzat» jo zuen Txibitek EH Bildurekin parekatu nahi izan dituelako. «Navarra Suma ez dago EH Bilduren pare». Aitzitik, EH Bilduko Bakartxo Ruizen irudiko, «urrats garrantzitsua da» bilera egin izana.
Udan, Txibiteren inbestidurari begirako negoziazioetan, PSNk betoa jarri zion EH Bilduri, eta horregatik, EH Bilduk ezinbesteko ikusi du gobernuak 2020ko aurrekontuaren edukia plazaratu aurretik, eurekin negoziatzea. Lehen irudi hori lortu zuen. 17:15ean bildu ziren Bakartxo Ruiz eta Adolfo Araiz Maria Txibite gobernuko lehendakari eta Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariarekin.
EH Bilduk dokumentu bat helarazi zion gobernuari, bai aurrekontuaren edukien ingurukoa, bai diru sarreren arlokoa. Halaber, negoziazioaren esparruaren inguruko planteamendua egin du EH Bilduk. Ruizen irudiko, «sintonia ona» dago bi aldeen artean, baina, era berean, jabetzen dira desadostasunak dituztela: «Hala ere, alde positiboarekin geratzen gara. Gobernuak konpromisoa hartu du dokumentu horretan egiten diogun planteamenduari erantzuna emateko».
Negoziazio orok eskatzen duen konfiantzari begira, Ruizek nahiago izan du edukia ez aurreratu. Bai azaldu du, diru sarreren atalean, sozietate zergan hainbat aldaketa egitea proposatu dutela. «Aurrekontuek, bere osotasunean onartuak izateko, gure ustez jarraituko beharko luketen bidea proposatu dugu, eta, horretarako, beste behin geure borondatea azaldu dugu. Bigarrenik, zerga arloan gobernuak jada proposamenak egin dituenez, gure neurri zehatzak ekarri ditugu hizpidera eta horiek zuzenketa bidez aurkeztuko ditugu». Ruizen arabera, diru sarrerak igotzea bilatuko dute. «Hainbat kontutan bilketa murriztea proposatu dutenez, hori gerarazi nahiko genuke», gaineratu du. Aurrekontuei begira, EH Bilduren ardatzak izango dira «justizia soziala, gizarte eskubideak eta lurralde oreka».
Ruizen aburuz, «zentzuz» jokatu beharko lukete gobernuak zein PSNk, aurrean bi bide baizik ez dituelako: Navarra Suma edo EH Bildu. Ruizek nabarmendu du gaurko bileran eskuineko koalizioak ez duela «paper bakar bat ere aurkeztu». «Nafarroako Gobernuak ezkerrera begiratuko duten aurrekontuak onartu nahi baditu, zenbakiek eta parlamentuko osaerak berak adierazten du soilik EH Bildurengana jo dezakeela».
EH Bildurekin bildu aurretik, 16:00etan, Navarra Sumako ordezkaritzarekin egon dira Txibite eta Elma Saiz. Bilera amaituta, Esparzak, haserre, adierazi du EH Bilduk exijitutako bileraren argazki hori eman diola Txibitek. «Denok jabetzen gara zergatik egin duen bilera bat 16:00etan eta beste bat 17:00etan. Dena den, guk arduraz jokatu nahi izan dugu». Haren irudiko, orain Txibiteren eskuetan dago norekin ailegatuko den akordiora. «Gaurkoa, zoritxarrez, egun tristea da, presidente sozialista bat EH Bildurekin bildu delako bere bulegoan. Normaltasun erabatekoa eman nahi izan diote, EH Bildu beste alderdi politiko bat balitz bezala. Ez, ez gara denok berdinak».
Negoziazioari begira, Esparzak batik bat zerga politikari eman dio garrantzia, aurrekontuen gainetik. Gaur-gaurkoz, gobernuak diru sarreren gainean hiru lege proiektu aurkeztu ditu: bata, 2014tik 2018ra bitarteko amatasun laguntzen kenkarien gainekoa; bestea enpresa ondasunen zerga kentzea, eta, azkenik, errenta zein sozietate zergetan aldaketak egitea.
Esparzaren irudiko, proposamenak arlo teknikoko moldaketak baino ez dira, eta «funtsezkotzat» jo du Barkosen agintaldian familiek «errentan galdutakoa» berreskuratzea edo enpresek lehiakortasunari begira Nafarroa «berriro erakargarri» egitea. Haren ustez, iraganean PSNren eta UPNren arteko akordioek hori lortu zuten, eta orain ere, ildo beretik, zerga politika aldatzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari.
PSN: «Beste garai bat da»
Bileraren ostean, ez Maria Txibitek ez eta Elma Saizek ere ez dute adierazpenik egin nahi izan. Txibitek beste konpromiso bat zuen, eta jauregitik alde egin du EH Bilduren bilera amaitutakoan. Dena den, PSNk oharra kaleratu du, eta Txibiteren zein gobernuaren «lidergoa» azpimarratu du. Ramon Alzorriz PSNko eledunaren ustez, «beste garai bat» da, eta gobernuak parlamentuko talde guztiekin elkarrizketa izateko konpromisoa du. Oraingoan, xedeaaurrekontuen inguruko negoziazioa izango da.
Gobernuak EH Bildurekin izandako bilerak Nafarroatik kanpo harrabots handia eragin dezake. Horren jakitun dira sozialistak, eta, horregatik, Alzorrizek zehaztu du elkarrizketa horietan ez dela zalantzan jarri ez autogobernua ez eta Nafarroako erakunde edo sinboloak ere.
Lehen bilera eginda, gobernuari aurreproiektua onartzea falta zaio. Atzo, Maria Txibitek aurreratu zuen 2020ko aurrekontuen aurreproiektua «abendu amaieran edo urtarril hasieran» onartzea espero dutela. Hainbat erakundetatik igaro ostean —Gizarte eta Ekonomia Kontseilua, kasu—, parlamentura igorriko da testua. Horrek esan nahiko luke urtarril amaieran aurrera atera daitezkeela aurrekontuak. Akordioa baldin badago, betiere.
Txibiterekin izandako lehen bilera urrats garrantzitsutzat jo du EH Bilduk
Koalizio abertzaleak negoziazioei begirako proposamena egin du. Gobernua Navarra Sumarekin ere bildu da, baina EH Bildurekin parekatu nahi izatea «iraingarritzat» jo du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu