Txibitek urratsak eskatu dizkio Sanchezi eskumenen transferentzian eta AHTrako inbertsioetan

Txibitek beken, AP-68 errepidearen eta I+G+B arloaren eskumenak nahi ditu legealdia bukatzerako. Inbertsioak eskatu ditu ibilgailu elektrikoen erabilera sustatzeko.

Txibite eta Sanchez, gaur arratsaldean, Madrilen. KIKO HUESCA / EFE
Txibite eta Sanchez, gaur arratsaldean, Madrilen. KIKO HUESCA / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko urriaren 10a
19:05
Entzun

Nafarroako presidente Maria Txibitek bilkura «bizia» izan du Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezekin, Moncloan. Hartan, Sanchezi adierazi dio legealdia amaitzerako, gutxienez, beken, AP-68 errepidearen eta I+G+B ikerketa, garapena eta berrikuntza arloaren eskumenek eskualdatuta beharko luketela: «Azken legealdian asko aurreratu da, baina jarraitu beharra dago». Era berean, inbertsioak eskatu dizkio AHTan eta ibilgailu elektrikoen erabileraren sustapenean. Azken horiek, Volkswagenen etorkizunari lotuta.

Txibiteren esanetan, Sanchez gobernura iritsi denetik, aurreko bi hamarkadetan baino aurrerapen gehiago egin dira eskumenen eskualdaketari dagokionez, baina beharrezkoa da urratsak egiten jarraitzea. Horien artean, beka, I+G+B eta AP-68 errepidearen kudeaketa dira lehentasunak, eta negoziazioak bide onetik doaz, Txibiteren esanetan. 

Era berean, trafiko eskumenaren transferentzia ere defendatu du, PPk Espainiako Senatuan haren aurka jarritako osoko zuzenketa hizpide. «PPk zenbait eztabaidarekin egin ohi duen erabilera bidegabe bera» kritikatu du, eta gehitu eskumen aldaketa hori Nafarroako presidente andanak babestu duela aurrez, eta PPk berak ere egin zuela haren alde. Hala, Txibitek ondorioztatu du autogobernua ez dela inoren kontra eraikitzen: «Ulertzen dugu gure errealitatearen gertuagoko ezagutza izanik lan hobea egin dezakegula herritarren zerbitzura». 

Ez dute, ordea, finantzaketa eredua hizpide izan. Hala adierazi du Txibitek kazetarien galderei erantzunez. Zehazki, Kataluniako finantzaketa ereduaren inguruan galdetu diote, eta Txibitek erantzun du hura ez dela bere eskumenekoa. Hartara, aurrez egindako zenbait hitzalditan bezala, mugatu da esatera Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoa «solidarioa» dela, datorren urtean hasiko dituztela Espainiako Gobernuarekin aferaren inguruko negoziazioak, Hitzarmen Ekonomikorako Batzordean. 

AHTa, lehentasun

Txibitek azaldu duenez, azpiegiturak ere hizpide izan dituzte bileran, eta horien artean garrantzi berezia eman diote AHTari. «Prestazio handiko trenaren obrak ahalik eta gehien azkartzeko eskatu diot [Sanchezi], Nafarroa abiadura handiaren bidez konektatu dadin». Ez du, baina, erreferentziarik egin Iruñea eta euskal Y-a batzeko lotunearen inguruan. Kazetariek galdetuta, mugatu da esatera Espainiako Garraio Ministerioak txostena osatu zain daudela, eta azken erabakia Espainiako Gobernuak, Nafarroakoak eta Eusko Jaurlaritzak adostu beharko dutela.

Era berean, inbertsioak eskatu ditu Nafarroako Ubidea eta A-15 autobidea egokitzeko, baita «arduratsu» jokatu duten erkidegoei hurrengo aurrekontuetan superabita baliatzeko aukera emateko ere. Zehazki, eskatu du %13,5etik beherako defizita dutenek aukera hori izatea, «beharrezko inbertsioetan palanka gisa» erabili ahal izateko.

Bi gobernuburuak industria arloaz ere aritu dira, Txibitek azaldu duenez, indar berezia eginez Volkswagen enpresaren etorkizunean; enpresak Nafarroako Gobernuari 1.024 milioi euro inbertitzeko asmoa helarazi baitio, Landabeneko fabrika ibilgailu elektrikoak egiteko egokitzeko. Zehazki, Txibitek adierazi du Sanchezi eskatu diola mugikortasun elektrikoaren aldeko apustua indartzeko, ibilgailu elektrikoentzako karga puntu gehiago ezarriz. «Mugikortasunean aldaketa bultzatzen segi behar da», gehitu du. 

Osasun alorrean, berriz, Txibitek adierazi du osasungintzako profesionalen falta dela Nafarroaren arazo nagusietako bat, eta Espainiako Gobernuari eskatu dio lehentasuna emateko horien tituluen homologazioan eta baliozkotzean: «Ez gara gai ditugun lanpostu guztiak betetzeko». Eta gehitu du Sanchezek adierazi diola eskaera horri bide emateko asmoz dela. 

Txibiteren esanetan, migrazioaren auziari estatu mailako erantzun bat eman behar zaio. Izan ere, adierazi du Nafarroa lurralde «solidarioa» dela, baina bere gaitasunaren mugara iristen ari dela «kalitatezko arreta bat» bermatzeko asmoan. Hala, gainerako erkidegoei «gizatasunez» jokatzeko eskatu die, batez ere, PPk gobernatzen dituenei. 

Hain zuzen, PPren jarrera kritikatu du Europako Batasuneko zuzentarauetara egokitzeko lege erreformaren auziari dagokionez ere. «PPk ezin dio Sanchezen gobernuari errua bota bere gaitasunik eza ezkutatzeko. ETA jada ez da existitzen, Madrilgo erkidegoko presidenteak dioena dioela ere». Hala, lege aldaketa defendatu du, xedea ez delakoan euskal presoei zigorrak murriztea, EBko araudiak betetzea baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.