Txibitek positibotzat jo du ezker abertzaleak «biktimei eragindako mina aitortu izana»

ETAren adierazpenaren 10. urteurrenean, Nafarroako Gobernuak ekitaldi bat antolatu du, eta zazpi puntuko adierazpen bat irakurri. Parlamentuko talde guztiak izan dira omenaldian, Navarra Suma izan ezik

Maria Txibite adierazpena irakurtzen eta atzean gobernuko eta parlamentuko ordezkariak. NAFARROAKO PARLAMENTUA
joxerra senar
2021eko urriaren 20a
12:25
Entzun

Iruñeko Baluarte jauregian ETAren biktimen omenezko eskultura bat dago, eta efemeride gogoangarriaren aurrean, Nafarroako Gobernuak ekitaldi bat egin du. Gobernuko kontseilariekin eta Maria Txibite lehendakariarekin batera, bertan izan dira PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrako ordezkaritza bat. Navarra Sumaren izenean ez da inor joan, Anvite Nafarroako biktimen elkarteko kiderik ere ez da izan. Biak ere kritiko dira gobernuarekin.

Ana Ollok euskaraz eta Maria Txibitek gazteleraz, gobernuak onartu berri duen zazpi puntuko adierazpen bat irakurri dute ekitaldian. Lehenik, «ETAren indarkeria terrorista bidegabea eta ez legitimoa izateaz gain, demokraziaren eta bizikidetzaren aurkako mehatxua» izan zela adierazten da.

«Gogoeta etiko oso bat»

Halaber, gobernuaren ikuspegitik «positiboa» izan da hamarkada honetan ezker abertzaleak eman duen urratsa, baita «asteon biktimei eragindako sufrimendua eta mina aitortu izana ere». Adierazpenak beharrezkotzat jotzen du «indarkeria erabili zutenek edo hari babes soziala eta politikoa eman ziotenek gogoeta etiko oso bat egitea». Bitxikeria gisa, Txibitek irakurritako gobernuaren bigarren puntu hori ez da ageri Nafarroako Parlamentuak adierazpen horri buruz egindako oharrean, iradokiz azken unean txertatu dela.

Gainerako puntuetan, biktimei, memoriari eta elkarbizitzari egiten zaio aipamen. Hala, gobernuak nabarmentzen du ETAko biktimekin eta haiek ordezkatzen dituzten elkarteekin lanean jarraituko duela egia, justizia eta erreparazioa izan dezaten lagunduko dieten politika publikoak garatzen. Halaber, «terrorismoaren biktimen memoria eta duintasuna» urratzen duten ekintza oro deitoratuko duela iragartzen du gobernuak.

Iraganarekiko «memoria kritiko eta anitza» sustatzeko konpromisoa agertu du gobernuak, «ETAren biktimei eragindako min bidegabearen aitortzan oinarrituta». Elkarbizitzaren estrategia oso bat garatzeko asmoa agertu du —irailean aurkeztu zuen bi urtez landutako I. Elkarbizitzaren Plan Estrategikoaren zirriborroa—. Belaunaldi berriei begira, ikasgeletan biktimen topaketak eta «memoriaren eta terrorismoaren prebentziorako» unitate didaktikoak bultzatuko ditu Eskutik programaren bidez.

Adierazpena irakurrita, Txibitek berak eta Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak lore eskaintza egin dute biktimen omenezko eskulturaren aurrean. Hualderekin batera, bertan ziren Inma Jurio Parlamentuko Mahaiko lehendakariorde lehena eta Maiorga Ramirez idazkari bigarrena. Gainera, PSNren izenean, joan dira Ramon Alzorriz, Javier Lekunberri, Jorge Agirre, Ainhoa Unzu eta Carlos Mena; Geroa Baiko Pablo Azkona, Javier Arakama, Mikel Asiain, Ana Ansa eta Blanca Regulez; Ahal Dugu-ko Ainhoa Aznarez eta Mikel Buil eta Ezkerrako Marisa de Simon. EH Bilduko ordezkaria Maiorga Ramirez izan da.

Remirezen adierazpenak

Navarra Suma eta Anvite elkartea bertan izan ez direnez, horri buruz galdetu zaio gobernu kontseiluaren osteko agerraldian Javier Remirez presidenteordeari. Hark erantzun du ekitaldia «gizarteari eta taldeei» irekia zegoela: «Joan ez direnek eurek jakingo dute zer arrazoirengatik ez diren etorri». Remirezen arabera, euren aniztasunaren barruan, gorde beharreko balio sozial bat dira biktimak. «Ezin dugu esan terrorismoaren biktimen artean ikuspegi bakar bat dagoela; egoerari aurre egiterakoan askotariko ikuspegiak dituzte».

Remirezek aipatu du biktimen elkarteekin lanean ari direla herritarrei ikustarazi nahian halakorik ez dela berriro gertatu behar, eta harreman hori «positibotzat» jo du. Halaber, azpimarratu du ekitaldian ETAren adierazpenaren hamargarren urteurrena ospatu nahi izan dutela. «Albiste on bat da gizartearen gehiengo handi batentzat, eta erakundeotako ordezkariek egoerak eskatzen duten neurrian erantzun behar dugu».

Haren ustez, «zoritxarrez», Navarra Sumak ez du hala jokatzen, eta horregatik ez du ulertzen haren jarrera. «Estrategia alderdikoi huts batengatik, ez du jorratu nahi alderdi guztiok ordezkatuak egongo garen adostasunerako biderik, helburu argi batekin: indarkeriaren erabateko gaitzespena eta deitoratzea; oraindik nahikoa ez bada ere, emandako pausoak positibotzat jotzea; eta benetako memoria baten alde lan egitea, izuaren urteetan gertatutakoa jasotzeko asmoz eta gaurko zein biharko belaunaldiekin lan egiteko asmoz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.