Txibitek osasun erreforma eta etxebizitza politikak jarri ditu urte politiko berrirako helburu

PSNk urte politikoko lehen batzorde exekutiboa egin du. Txibite 2025erako aurrekontuei begira jarri da, horiek onartzeak gobernuari «lasaitasuna» emango dielako.

Maria Txibite, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Maria Txibite, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU
2024ko abuztuaren 30a
18:00
Entzun

PSNk urte politikoko lehen batzorde exekutiboa bildu du gaur Iruñean, eta bileraren ostean alderdiaren lehentasunen berri eman du PSNko idazkari nagusi eta Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek: datorren urterako aurrekontuak onartzea, «osasun sistemaren erreforma» sustatzea eta etxebizitza publikoa indartzeko lan egitea.

Txibiteren esanetan, batzuek Nafarroa «hondamendi» betean dagoela saldu nahi dute, baina errealitateak beste zerbait erakusten du: «Urtea langabezia daturik txikienekin hasi dugu, hazkunde ekonomiko egonkor baterako perspektibarekin». Hala, xede gisa jarri du «lasaitasuna» bermatuko duten aurrekontu batzuk onartzea, nahiz eta ez daukan argi horiek aurtengoak baino handiagoak izango ote diren: «Ezin da beti hazkunde maila bera eraman».

Osasun arloan, «herritarrak erdigunean» kokatuko dituen sistema baten alde egin du, eta adierazi jarrera «anbiziotsua» izan behar dutela horretarako, «aldaketa estrukturalak» eginez. Gainerakoan, Industria foru lege bat ondu nahi du Txibitek, eta etxebizitzaren inguruan dagoen «kezkari» konponbide bat topatu, instituzioen zein eragileen arteko akordioak lortuz. Batetik, gazte eta familiek etxebizitza publikoa «arrazoizko prezioan» eskuratzeko. Bestetik, despopulatzeari aurre egiteko.

Bide horretan aurrera egiteko, Txibitek uste du PSN posizio egoki batean dagoela, bere alderdia delakoan Nafarroako politikagintzaren «erdigunean» dagoena: «Akordio transbertsalak egiteko gaitasuna duen bakarra da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.