Nafarroan haize politikoa alde duela eta boladarik gozoenean dela helduko dio PSNk bere XIII. Kongresuari, asteburu honetan. Baikortasun kolektibo hori bere liderrak gorpuzten du, Maria Txibitek. Ez dago uneotan alderdi barruan hari itzal egingo dion inor, eta ordezkari sozialistek Txibite izendatuko dute berriz idazkari nagusi izateko. Berez, bere laugarren agintaldiari ekingo dio buruzagi sozialistak, eta arrastoa utziko du PSNren historian: 2014an, garai zailenean, alderdiaren lema hartu zuen lehen emakumea izan zen, eta, 11 urte geroago, aurreko buruzagiek baino denbora gehiago egingo du agintean.
Bere agintaldi luzean, «inoizko ordezkaritza instituzionalik handiena» izatera heldu da alderdia, PSNk berak onartzen duenez: Nafarroako Gobernuko lehendakaritza du, eta hamahiru departamentuetatik zortzi kudeatzen ditu; gainera, udal mailan 228 hautetsi dituzte.
Txibitek duela 11 urte Roberto Jimenezen lekukoa hartu zuenetik, alderdia goitik behera eraldatu da. Orduan, sekula baino ahulago zegoen alderdia, eta, orain, berriz, inoiz baino sendoago. Garai hartan erakundea zaharkituta zegoen, eta, boto emaileen profil nagusiari dagokionez, gehienak 40 urtetik gorako gizonezkoak ziren. Orain, berriz, Alderdi Sozialista gaztetu egin da, eta emakumeen presentzia nabarmen handitu da erakunde barruan.
15Gaur egun zenbat emakume dauden alderdiko zuzendaritzan. Larunbatean idazkari nagusi hautatuko dute Maria Txibite, eta oholtza gainera igoko dira hark proposatutako zuzendaritza batzordeko kide berriak. Oraindik ez da jakina nor izango diren, baina, 2021etik 2025era arteko zuzendaritzan, emakumeak izan dira nagusi: 15 emakume eta 11 gizonezko. Txibiteren agintaldian, emakumeen presentzia handitzen joan da: 2014-2017an, 23 kidetik 11 izan ziren; 2017-2021ean, 30 kidetik hamahiru; eta egun, 26 kidetik hamabost.
Bere lau agintaldietan, zuzendaritza batzordearen osaeran eta kideen bilakaeran islatzen da hobekien aldaketa hori. 2014an, Jimenezen oinordetza astindu zuen: zuzendaritzako kideen %70 aldatu zituen —kideen batez besteko adina 43 urtekoa zen, eta 23 kidetik 11 ziren emakumeak—. Lehen batzorde hartako izen-abizenen artean jada agertzen dira Txibiteren konfiantza osoko kideak, egungo PSNn pisu handia duten pertsonak: besteak beste, Ramon Alzorriz, Jose Luis Arasti, Ainhoa Unzu, Inma Jurio, Nuria Medina, Carlos Gimeno eta Javier Remirez.

Llehen agintaldi hartan ezarri ziren gaur egungo PSNren oinarriak. Nahiz eta 2015eko foru hauteskundeetan oso emaitza txarrak izan, Uxue Barkosen gobernuaren aurkako oposizioan lehiatu zen UPNrekin, eta, testuinguru politiko zail hartan, Txibitek iragarri zuen 2019an Nafarroako Gobernua zuzentzeko helburua zuela. Inor gutxik pentsatu zuen lortuko zuela.
Apustu hura ez zen inoiz ongi aterako Santos Cerdanek egindako ekarpenik gabe. Txibiteren lehen Antolamendu idazkari izandakoak Alzorrizi pasatu zion alderdiko barne boterea kudeatzeko ardura 2017an, eta berak Madrilera jo zuen, PSOEren Antolamendu idazkari izateko.
PSNren gaitza zera izan da betidanik, PSOEk zuela azken hitza sozialista nafarren azken erabakien inguruan; eta, hain zuzen ere, menpekotasun horrek kondenatu zuen Txibiteren aurrekoa, Roberto Jimenez. Alta, Madrilen, Cerdan bera gai izan zen Pedro Sanchezen babes politikoa lortzeko 2019an alderdiak egindako norabide aldaketaren harira: bide eman zion EH Bilduk abstentzio bidez ahalbidetutako inbestidurari eta gobernu bati. 23 urteren ondoren, lehendakari sozialista izatea lortu zuen Txibitek, eta urtebete lehenago jotako hordagoa bete zuen.
Politikoki, Nafarroan ordura arte posible izan ez zen bidea ireki zuen abiapuntu hark. Madrilen eta Nafarroan, EH Bildurekiko harremana sendotu egin da; UPNrengandik, berriz, urrundu egin dira. Eta 2019an hasitakoak 2023ko abenduan izan zuen mugarria: Iruñeko Udaleko zentsura mozioa. Txibitek eta bere zuzendaritzak egin dute horretarako modua, baina ezin da ahaztu ezkerreko eremuan lehen indar izateak errazten duela hori. Datorren kongresurako txosten politikoak horixe berresten du: «Aurrerabidezko gehiengo soziala biltzea du helburu PSNk, eta bere asmoa da herritarren konfiantza eta sinesgarritasuna lortzea eremu horren lider izateko».
Txosten politikoa
Iraganak, baina, ez du arrakasta bermatzen, eta aurrera begira dago alderdia. Kongresuan eztabaidatuko den txosten politikoan etorkizuneko gidalerro nagusiak markatu ditu. Javier Remirez Programa idazkariak landu du haren edukia. Txosten horretan, agenda sozialistaren gai nagusien inguruko proposamenak eta ildoak azaltzen dira zehatz-mehatz: hala nola hezkuntza, eraldatze ekonomikoa eta enplegua, ingurumena, zerbitzu publikoak, elkarbizitza, azpiegiturak, eta etxebizitza. Aldi berean, irmo adierazten da xedea: «Espainia federal baten barruan» autogobernua sendotzea. «Irmo egingo dugu eskuinak edo eskuin muturrak bultzatutako tentsio birzentralizatzaileen aurka».
Horien artean, XIII. Kongresuak bi ardatz nabarmendu nahi izan ditu: feminismoa eta demokrazia. Izan ere, hauxe izango da kongresuko leloetako bat: Sozialista izatea feminista izatea da. Bere burua feministatzat jotzen du PSNk: «Konpromiso feminista berresten du PSNk, eta konbentzituta dago soilik politika feministen bitartez eraiki daitekeela gizarte bidezkoago bat». Ildo beretik, «matxismo sozial eta politikoaren aurka borrokan» jarraitzeko konpromisoa adierazten du. Ostiral arratsaldean mahai inguru bat antolatu dute berdintasun politikez mintzatzeko.
Txostenean, hasieratik bukaeraraino islatzen da uneotan demokraziarako arrisku nagusia «eskuin muturra eta populismo totalitarioa» dela. Negazionismo klimatikoa, migrazioa, berdintasuna, LGTBI politikak... Gezurren aurka egiteko beharra nabarmentzen dute txostenean. Nola Espainian hala Nafarroan, gaiak sozialisten agendaren zentralitatea hartu du, eta bere mezu nagusietan ugariak dira aipamenak. Kongresuan, berriz, larunbatean bertan beste mahai inguru bat egingo dute gaiaren gainean.
Bi ardatz horiek buruzagi sozialisten aurkako erasoetan islatu dira. Txibitek berak escrache-ak eta irain matxistak jasan ditu legealdi honetan. Berriki, berriz, Vox-eko Emilio Jimenezek Ainhoa Unzu parlamentari sozialistari aurpegiratu zion ez zuela «zuzentzeko gaitasunik». Hori dela eta, asteon Parlamentuko Mahaiak zigor espedientea ireki dio Jimenezi.
EGitaraua
- Ostirala. 18:30ean, mahai ingurua etorkizunari eta feminismoari buruz. Hizlariak: Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburu ohia, Elma Saiz Espainiako Gizarte Segurantzako ministroa eta Pilar Alegria Hezkuntza ministroa.
- Larunbat goiza. Besteak beste, Santos Cerdanen eta Ramon Alzorrizen hitzaldiak.
- Larunbat arratsaldea. Desinformazioari buruzko mahai ingurua. 18:00etan, zuzendaritza berria aurkeztuko da. Kongresuaren amaieran, Maria Txibiteren eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuaren diskurtsoak izango dira.