Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdearen lehendakaritza izango du Maria Txibite Nafarroko Gobernuko lehendakariak, 2026ra arte. Alain Rousset Akitania Berriko presidenteak eman dio aginte makila, aldaketa sinbolikoki adierazteko.
Erriberrin egin dituzte ekitaldi instituzionala eta batzarra. Bere hitzaldian, Txibitek nabarmendu du «beste urrats bat» egin dela euroeskualdea sendotzeko bidean. Gogora ekarri du hiru lurraldeen artean 100.000 kilometro karratuko eremua hartzen dutela, eta milioi erdi enpresa daudela hartan. «Oso argi dugu bokazio komunitarioa dugula eta euroeskualdea erreminta gisa erabili behar dugula».
Jaurlaritzako lehendakari gisa, Urkulluk azken aldia izango du euroeskualdeko batzar batean, eta Roussetek eskerrak eman dizkio egindako lanagatik. Harreman onak izatearen garrantzia nabarmendu du Akitaniako presidenteak, eta oso pozik azaldu da euroeskualdearen parte izatearekin, Europaren eraikuntzarako beharrezko ikusten baitu eskualdeen parte hartzea eta lankidetza.
Urkulluk zoriondu egin du Txibite: «Hoberena opa dizut, bihotzez, eta konbentzituta nago proiektu honekin asmatuko duzula». Euroeskualdea erreferente bat dela uste du.
Gaurko bileran izan dira Unai Hualde Parlamentuko presidentea, Santos Cerdan PSOEko Antolamendu idazkaria, Ramon Alzorriz PSNko eleduna, Javier Remirez PSNko senataria, Bel Pozueta EH Bilduko diputatua, Pablo Azkona Geroa Baiko parlamentaria, Carlos Guzman Zurekin Nafarroako eleduna, Emilio Jimenez Voxeko parlamentaria eta Josu Etxarri Erriberriko alkatea.
Batzarrean, iazko jarduerak aztertu dituzte. 27 proiektu berri finantzatu dira, eta 93 ikasleri eman zaizkie bekak, doktoretza edo bestelako ikasketak egiteko.