Nafarroako Gobernua

Txibitek ez dauka botorik ziurtatuta inbestidurarako

Unai Hualde parlamentuko presidenteak lehen bilerak egin ditu ordezkari kopururik txikieneko hiru taldeetako ordezkariekin. Zurekin Nafarroako Begoña Alfarok baieztatu du «oraindik» ezin duela zehaztu zer egingo duten bozketan, «lan asko geratzen delako egiteko».

Unai Hualde Parlamentuko presidentea Zurekin Nafarroako Carlos Guzman eta Begoña Alfarorekin. NAFARROAKO PARLAMENUA
joxerra senar
2023ko ekainaren 27a
14:07
Entzun

Hondar aleek erortzen jarraitzen dute Nafarroako politikaren harea erlojuan. Gehienez bi hilabete geratzen dira Nafarroako Gobernuko lehendakariaren inbestidurarako. Unai Hualde parlamentuko lehendakaria hasi da lehen bilerak egiten taldeetako ordezkariekin. Txikienetik handienerako ordenari jarraituz, gaur Vox, Zurekin Nafarroa eta PP taldeetako eledunekin elkartu da, eta bihar gauza bera egingo du Geroa Bai, EH Bildu, PSN eta UPN taldeetako ordezkariekin. Tramite horretan, argi geratuko da ezein hautagaik ez duela nahikoa botorik inbestidurarako.

Parlamentuko Mahaia ekainaren 16an osatu zen. Parlamentuko araudiak zehazten duenez, hamar laneguneko epean, alderdi bakoitzeko hautagaiekin egin behar du kontsulta legebiltzarreko lehendakariak, jakiteko ea ba ote den nahikoa boto bil dezakeen hautagairik. PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak aurrera jarraitzen dute gobernua osatzeko negoziazioekin, baina oraindik urrun dute akordioa. Aurreikuspen guztien arabera, uztailaren 23tik aurrera egingo da Maria Txibiteren inbestidura saioa, egitekotan.

Legeak ezarritako tramite horren barruan, Begoña Alfaro eta Carlos Guzman Hualderekin elkartu dira. Amaituta, Alfarok berretsi du PSNk ez duela oraindik bere hiru parlamentarien botorik. Alfaroren arabera, negoziazioen lema sozialistek hartu dute, eta «ahalik eta anbiziorik handieneko akordioa» erdietsi nahi dute. Haren ustez, lortzen den emaitzaren arabera erabakiko dute zer bozkatu. «Prozesua hasi berri dugu, eta, ondorioz, ezin dugu aurreratu zer egingo dugun bozketan. Lan asko geratzen da egiteko».

Aurreko egunetan esan bezala, Alfarok ez dio eperik jartzen bere buruari . «Soilik legeak ezartzen duen hori», zehaztu du. Bozak maiatzaren 28an izan zirenez, alderdiek hiru hilabeteko epemuga dute. Hartara, abuztuaren 28rako etxeko lanak eginda eduki beharko lituzkete. Bestela, hauteskundeak errepikatzeko aukera dago, eta karta hori arriskutsua gerta liteke guztientzat, bereziki negoziazioetan aritu diren alderdientzat.

PP: «Antzerki hutsa da»

Zurekin Nafarroarekin bezala, hogei minutuz egon dira bilduta PPko Javier Garcia eta Amelia Salanueva Hualderekin. Garciak azaldu du ez dituztela babestuko egungo gobernua osatzen duten alderdiek bultzatutako gobernurik, «eta are gutxiago EH Bildu tartean badago». Garciak Txibiteri galdegin dio argitu dezala ea EH Bilduren botoak onartuko dituen: «Esan diezagula hori uztailaren 23a baino lehen, nafarrok guztiaren berri joan gaitezen izanda bozkatzera».

Haren irudiko, PSNren, Geroa Bairen eta Zurekin Nafarroaren arteko azken egunetako topaketak «antzerki hutsa» dira: «Akordioa atzeratzen ari dira. Denok dakigu uztailaren 23aren ostean egingo dutela». Hauteskunde kanpaina betean, Garciak salatu du «sanchismoakakordio lotsagarriekin jarraitu» nahi duela, Nafarroan eta Espainian, uztailaren 23tik aurrera. PPko ordezkariaren arabera, egunotan hiru alderdiek «ikuskizun tamalgarria» eman dute, «elkar irainduta».

Hualde Voxeko bi parlamentariekin bildu da lehenik. Bihar, ordena berean jarraituko du: 10:00etan Geroa Bairekin elkartuko da, 11:00etan EH BIldurekin, 12:00etan PSNrekin, eta 13:00etan UPNrekin.

Txibite haserre Geroa Bairekin

Akordioa lortuz gero, Maria Txibite aurkeztuko da inbestidurara. Horregatik, Geroa Baik exijitu du Txibite presente egotea gobernua osatzeko bilkuretan. PSNk, baina, Ramon Alzorriz izendatu du negoziazio taldeko ordezkari goren. Horri buruz galdetuta, Txibitek ez du ulertzen Geroa Bairen eskakizuna: «PSNn talde lana da nagusi: ez gara alderdi pertsonalista bat».

Bereziki kritiko azaldu da Maria Solanaren tonuarekin. «Lehen bileran azaldu zuten jarrera eta ondoren Maria Solanak azaldu duena ez dira koherenteak». Dena den, pozik azaldu da negoziazioek aurrera jarraitzen dutelako hiru alderdien artean. «Gobernu akordio horrekin jarraitzen dugu, eta ezin esan dezaket botorik ziurtatuta ote daukadan».

Txibitek, edozein modutan, EH Bilduren abstentzioa beharko du lehendakari izateko, ezezko botoekin atzera botako litzatekeelako haren hautagaitza. Alta, azken asteetan PSNk argi utzi du ez duela nahi EH Bilduk negoziazioetan parte hartzerik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.