Txibitek esan du ez dutela etxeratze agindua berriz ezartzeko asmorik

Izurriarekin lotutako aldagaien apaltzea «indartsua» dela esan du, eta neurriak arintzera egingo dutela. Ostegun gauean amaituko da etxeratze agindua.

arantxa iraola
2021eko abuztuaren 31
11:24
Entzun

Asteburuetan eta jaiegunetan, intzidentzia handiko tokietan, etxeratze agindua ezarrita egon da Nafarroan uda honetan, baina neurri hori gehiago ezartzeko asmorik ez dutela esan du gaur Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibitek. Neurria astez aste berrituz joan dira, Nafarroako Auzitegi Nagusiari propio horretarako baimena eskatuta, baina jakinarazi du dagoeneko ez dutela gehiago eskabide hori bideratuko. Izan ere, izurriari lotutako datuetan hobekuntza izan dela argudiatuta, orain neurriak arintzera egin behar dela defendatu du. Neurriak 01:00etatik 06:00etara kalean ibiltzea galarazten du asteburuetan, jai egunetan, eta usadioz herrietan festak ospatzen diren egunetan eta jai horien bezperatan.

Nafarroak «arrisku handiko» eremu izateari utzi diola azaldu du Txibitek, eta egoera berri horri erantzunez hartu behar direla orain neurriak. Esker ona adierazi nahi izan die herritarrei, oro har, hartu diren neurrien aurrean izan duten jarrera onarengatik, eta hobekuntza jarrera «arduratsu» horren ondorioz heldu dela esan du. Datuak oro har ari dira hobera. Hego Euskal Herriko datuei begira, bosgarren olatu deituak uztailaren hondarrean jo zuen goia, eguneko bi mila positibo gaindituta, eta ordutik indarra galtzen ari da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.