Ustelkeriaren Kontrako Nafarroako Bulegoak ebatzi du Nafarroako Lurralde Kohesiorako kontseilari Oscar Txibitek Bateraezintasunen Foru Legea urratu zuela, 2023ko abuztuaren 18tik irailaren 12ra merkataritza elkarte bateko administratzailea izan zelako kargua hartu ostean. Bulegoaren iritziz, «falta larria» da Txibitek egindakoa, eta hura zigortzea proposatu du, baina nabarmendu du horrekin ez ziola kalterik eragin Nafarroako administrazioari, eta ez zuela horretatik onurarik lortu.
Txibitek onartu egin du ebazpena, eta iragarri du ez duela haren kontrako helegiterik aurkeztuko. Nafarroako Gobernuak, berriz, adierazi du Txibitek bi ardurak izan zituen garaian «ezinbestekoak ziren jarduerak» baino ez zituela egin merkataritza elkarteko administratzaile gisa, ardura horretarako beste pertsona bat aukeratu bitartean. Halaber, nabarmendu du Txibitek «laguntzeko prest» agertu dela «Ustelkeriaren Kontrako Nafarroako Bulegoak egin dizkion errekerimendu guztietan».