Gobernuaren osaketa

Txibite: «Inbestidurara aurkeztuko naiz, baina orain ez dago baldintzarik»

Geroa Baiko, EH Bilduko, PSNko eta EH Bilduko hautagaiekin bildu da Unai Hualde, egiaztatzeko oraindik ere inork ez duela nahikoa babesik. Argi geratu da uztailaren 23tik aurrera izango dela.

Maria Txibite, gaur, Unai Hualde Parlamentuko lehendakariarekin. NAFARROAKO PARLAMENTUA
joxerra senar
2023ko ekainaren 28a
15:18
Entzun

«Tematuta gaude kontrako boto baino aldeko gehiago izateko». Oraintxe, inbestidurarako aukera duen hautagai bakarra PSNko Maria Txibite da, eta hark gaur azaldu du Geroa Bairekin eta Zurekin Nafarroarekin akordioa lortzean pauso hori emango duela. «Gure asmoa da 21 boto horiek lortzea».

Hala, Unai Hualde parlamentko presidenteak baieztatu ahal izan du oraingoz ez dagoela akordiorik. Parlamentua osatu eta hamar lanegunen buruan, talde guztiekin biltzera behartzen du legediak. Hala, bezperako bilerei segida emanez, Hualde gainerako taldeekin batzartu da goizean, parlamentari gutxienetik gehienerako ordenan: lehenik Geroa Bairekin elkartu da, 10:00etan; EH Bildurekin 11:00etan, PSNrekin 12:00etan, eta, azkenik, UPNrekin 13:00etan.

Ikusi gehiago:Inbestidura aztertzeko lehen bilerak parlamentuan

Txibitek, edonola ere, EH Bilduren abstentzioa beharko du bere asmoak bete daitezen. Laura Aznal hautagaiak azaldu du «berandu baino lehen» koalizioarekin hitz egin beharko dela, eta, bileran, argi utzi diote Unai Hualderi «prestasun osoa» dutela «hitz egiteko eta akordioak lortzeko».

Ikusirik oraingoz publikoki EH Bildu gobernua osatzeko negoziazioetatik at utzi dela, ondorengo asteetan koalizioak zer posizio izango duen aurreratu du Aznalek. Haren hitzetan, EH Bilduk epeak bukaeraraino iritsi arte itxaron nahi du, eta oraindik ez dute erabaki zer egin.

EH Bilduren mezua

Aznalek mezu hau igorri dio inbestidurara aurkeztu nahi duen hautagaiari: «EH Bildu aintzat ez hartzea ez da aukera egingarri bat baldin eta politika aurrerakoiak sendotu nahi badira. Borondate irmoa dugu eskuinak Nafarroako politikan eragin ez dezan, baina argi diogu herritarrek ez dutela onartuko inolako bazterketarik. Bi baldintza horiek maila berean jartzen ditugu». Aznalek berretsi du hirugarren indarra direla, aurreko legealdian baino «erabakigarriagoak» direla, eta aritmetikoki haien beharra dutela PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak.

Txibitek berak jada marraztu du nola kudeatuko duten egoera hori. Aurreko egunetan esan bezala, argi utzi du EH Bilduk ez duela parte hartuko negoziazioetan, baina, behin akordioa lortuta, atea irekirik utzi du. Izan ere, koalizioarekin bilduko ote diren galdetuta, ez du eman ez ezezkorik, ez baiezkorik: «Gobernu akordioa dokumentu irekia izango da, eta azalduko diegu alderdiei hori baita gure konpromisoa». Aurrerago zehaztu du «mundu guztiari» azaltzeko asmoa dutela.

UPN: «Hitzarmena dute»

UPNko Javier Esparzari ez zaio oharkabean pasatu Txibitek egintzat jotzen duela EH Bilduren abstentzioa; izan ere, koalizioak haren inbestidurari ezezko botoa ematen badio, PSNk inoiz ez luke lortuko bere helburua. Hala, Esparzak ondorioztatu du «hitzarmen bat» dutela. «PSOEk erabaki du EH Bilduk eskatzen diona ordaintzea, baina, hori bai, uztailaren 23ra arte itxarongo dute, Pedro Sanchezi enbarazurik ez egiteko, eta kanpainan auzi honek eraginik izan ez dezan». Esparzaren arabera, EH Bildu «sendo» dago, «PSNk Nafarroako gobernabidearen giltza eman diolako».

Bilkura horietan, argi geratu da uztailaren 23tik aurrera etorriko dela gobernu akordioa. Geroa Baiko Uxue Barkosen arabera, PSNk berak baieztatu du hori, eta kezkatuta azaldu da horrek negoziazioen erritmoa mantsotu eta haren bilakaera baldintzatu duelako. «Hilabete iragan da, eta orain hasi gara edukiei buruz negoziatzen». Txibitek berak onartu du data hori baldintzatzen duen elementua dela, baina gogora ekarri du 2019ko inbestidura abuztuaren 6an egin zela: «Orduan ez zegoen hauteskunde orokorrik».

Negoziazioak, aurrerantz

Negoziazioak aurrera doaz. Astelehenean, Geroa Baik hamazazpi arlotan banatutako ia ehun neurri helarazi zizkien beste bi taldeei, eta Uxue Barkosek baieztatu du jada jaso dituztela besteen agiriak. Lehen irakurraldian, nabarmendu du Zurekin Nafarroaren dokumentuak proposamen zehatzak dituela, baina PSNrenari zehaztasuna falta zaiola. Haren hitzetan, PSNren agiriak posizio politikoak ematen ditu, baina neurrietan sartu gabe.

Azken bi asteetan, tentsioa azaleratu da PSNren eta Geroa Bairen artean, eta, Barkosen arabera, aurreko lau urteetan gobernuaren funtzionamenduak eraman ditu «finago zehaztera nolakoa izango den gobernuaren egunerokoa». Adibide gisa jarri du Mañeru eremu mistora pasatzeko proposamenari PSNk emandako ezezkoa: ustez, akordio programatikoan argi zegoen hori, baita udalen autonomia errespetatuko zela ere, baina, gero, sozialistek kontra egin zuten: «Auzia ez da mesfidantzarik ba ote den, baizik eta operatiboagoak izan behar dugula».

Geroa Baik ere ez du gustuko izan PSNk ondorioztatzea parlamentuko presidentetza eman dietela eta gobernuan ordezkaritza txikiagoa izango dutela. «Haien ustezko eskuzabaltasunik ez dago. Aritmetikoki, 11 parlamentarirekin, inoiz ez dute parlamentuko lehendakaritzarik izan». Beste behin esan du Txibitek presente egon behar lukeela negoziazioetan, inbestiduran hark eskatuko baitie alderdiei konfiantza adierazteko. Txibite ez egoteak «lidergo falta» irudikatu dezakeela uste du.

Txibite, haserre

Auzia, baina, ez du gustuko Txibitek: «Benetan sartu behar dugu kontu hauetan?», esan du, haserre, kazetari batek horren inguruan galdetu dionean, bigarren aldiz. PSNko hautagaiaren arabera, berea «lidergo partekatua da», eta negoziazioetan «talde gisa» jarduten dute, «programa alderdi sozialistarena delako, eta ez Txibiterena». Haren haserreak adierazten du auzia ez duela gustuko, eta haren presentziarik eza politikoki ez higatzeko asmoaren ondorio dela.

Hurrengo bilera ostiralean izango dute, baina Txibitek aurreratu du beste dinamika batean sartuko direla eta ziurrenik ez dituztela komunikabideak deituko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.