Maria Txibite PSNko idazkari nagusi eta Nafarroako presidenteak ez du zalantzarik izan Ramon Alzorrizen egoeraren inguruan: haren dimisioa beharrezkoa zen, Txibitek jakin ondoren Alzorrizen bikotekideak Servinabar enpresan lan egin zuela. Horrenbestez, presidenteak suebaki bat jarri nahi izan du: «Esan nuen edonor eroriko zela, eta hitza betetzen ari naiz».
Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurara sartu aurretik aritu da prentsarekin. Alzorrizen dimisioaren ostean berea iritsiko ote den galdetuta, erantzun argia eman du: «Ez dago argumenturik dimisioa eman behar izan dezadan». Kargua utz dezan estu hartzen ari dira UPN eta PP, Alzorrizen gertaeraren ostean are ozenago, baina Txibitek ez du asmorik horretarako. «Esan nuen gobernuko presidente gisa eta PSNko idazkari nagusi gisa garbitasuna izango zela gure ardatza, eta horrela izan da Ramon kidearen kasuan».
Txibitek berretsi egin du atzo iluntzean Alzorrizek azaldu zuena: presidenteari esan ziola bikotekidea Servinabar enpresan aritu zela lanean, Alzorrizek berak jo zuela Antxon Alonsorengana, ustez Cerdanekin batera enpresa horren jabea den pertsonarengana, baina Alzorrizek ez zekiela Cerdan ere Servinabarren jabe zenik.
«Sinesteko zaila al da hori? Ba, egia osoa da. Atzo esan zidan, eta atzo hartu genuen erabakia»
MARIA TXIBITENafarroako presidentea
«Egin duen akatsaren erantzukizunak bere gain hartu behar ditu», esan du Txibitek, garbi utzita atzo arte bera ez zela informazio horren jabe. «Ez dut nahi zalantzarik geratzea nire alderdiaren eta gobernuaren ohorearen inguruan. Hiru auditoretza egingo ditugu, eta ezagutzen ari garen informazio guztietan muturreraino iritsiko gara».
Ez du dimisioa emango
Alzorriz ez da jadanik PSNko eledun eta idazkariorde, baina parlamentari gisa jarraituko du, Txibitek berak berretsi duenez: «Konfiantza galera bat egon da, eta, beraz, konfiantza ardurak utzi ditu». Posible ote da Txibitek ez jakitea Alzorrizen bikotekidea Servinabarren aritu zela? «Sinesteko zaila al da hori? Ba, egia osoa da. Atzo esan zidan, eta atzo hartu genuen erabakia».
Horiek horrela, bihar gobernuaren batzarra egingo du PSNk, eta Nafarroako Parlamenturako eleduna hautatuko dute Alzorriz ordezkatzeko. Horrez gain, gobernuaren ezohiko saio bat egingo dute Cerdanen aurkako auzian gobernua akusazio gisa jardun dadin Espainiako Auzitegi Gorenean, kaltetuen artean dagoelakoan.
«Ez dago txosten juridiko bakar bat ere, polizia informazio bakar bat ere esaten duena gure adjudikazioetan legez kontra aritu garela, eta horri eusten diot. Beraz, ez dago argumenturik dimisioa eman behar izan dezadan», defendatu du Txibitek; eta sakondu du argudioan: «Legez kontra aritu garelako zantzu bakar bat ere ez dago, inon ere ez, ezein txostenetan. Aurrekontuak aurrera atera behar ditu gobernu honek, proiektu bat, gobernu akordio bat».
Horrez gain, garbi esan du ez Cerdan eta ez Alzorriz ez direla Nafarroako Gobernuko kideak, eta uste du «gauzak bereizi» egin behar direla. Eta erantsi du: «Ramon Alzorrizek ez du deliturik egin; garrantzitsua izan zitekeen zerbait ez esateko akatsa egin du. Beraz, ez jarri gauzak maila berean, ez baitira horrela».
EH Bilduren babesa
EH Bilduk helarazi du PSNri eta Nafarroako Gobernuari exijituko diola «muturreraino ikertzeko», eta iragarri du Parlamentuko Mahaian proposatuko duela Nafarroako Parlamentua eragile izatea Espainiako Auzitegi Gorenak daraman auzian; Nafarroako Gobernuak ere urrats hori egingo du. Horrez gain, ez du ukatu EH Bilduren Mahai Politikoan landuko dituzten gaien artean egon daitekeela ere koalizioak Nafarroako Gobernuari ematen dion babesa aztertzea, baina ez du aditzera eman babes hori kentzeko asmoa dutenik, oraingoz.
Laura Aznal eledunak gogoratu du koalizio subiranistak ez duela «ustelkeria auzi bakar bat ere», eta EH Bilduk duen «gardentasun maila bera» eskatuko diola PSNri. Aznalek ez du ezkutatu egoera «oso larria» dela eta «oso kezkaturik» daudela koalizioan, baina egoerari aurre egin behar zaiola esan du, «zorrotz eta serio». Aznalentzat, «egoera bizirik dago», hau da, auzia oraindik ez da itxi: «Informazio berria ateratzen da argitara egunero».
Carlos Guzman Contigo-Zurekin talde eledunak erabateko gardentasuna exijitu du, eta erantzukizun guztiak argitzeko. Ezkerreko alderdia gobernu bazkidea da; PSNrekin eta Geroa Bairekin batera gobernua osatzen du, eta ikerketa batzorde hori «gaur bertan» eratu behar zela esan du.
Esan eta egin: irailera arte itxaron behar izan gabe, PSNk, Geroa Baik, Contigo-Zurekin-ek eta EH Bilduk arratsaldean aurkeztu dute ikerketa batzordea sortzeko eskaera, Nafarroako Parlamentuan: 2011ko ekainetik gaur egunera arte Nafarroako Gobernuak egindako edo finantzatutako obra publikoen lehiaketak eta adjudikazioak aztertuko ditu batzorde horrek. Koldo auziarekin lotutako pertsona fisikoek eta juridikoek parte hartu duten kontratuen ikerketan oinarrituko da, zehaztu dutenez.
UPNk eta PPk Voxekin batera aurkeztutako proposamena ere hizpide izan dute lau alderdiek: «Guk eskatzen dugun batzordea askoz anbiziotsuagoa da». Eskuineko alderdien batzordeak Belateko tunelen lanen adjudikazioa baino ez luke ikertuko.
Bien bitartean, UPNk eta PPk Txibiteren dimisioa eskatuz segitzen dute, eta PPk jakinarazi du Espainiako Senatuan eratuko den ikerketa batzordera deituko dituztela Santos Cerdan, Ramon Alzorriz eta «Nafarroako adar guztia».