Maria Txibite Nafarroako gobernuburua eta PSNko idazkari nagusia prest dago PSNren gidaritzan segitzeko, eta hala jakinarazi du gaur egin duen agerraldian. Duela hamar urte hartu zuen idazkari nagusi kargua, alderdia egoera zailean zela. Geroztik goranzko joeran jarri du alderdia, eta 2019an Nafarroako Gobernuko lehendakari bilakatu zen. Bigarren legealdia betetzen ari da.
Gaur agerraldi batean adierazi duenez, konfiantzako talde batekin hasi zuen duela hamar urteko bidea: «Eta oraindik alboan dauzkat», esan du. 2014an «mindutako» alderdi bat topatu zuela azaldu du, eta geroztik «etorkizunari ilusioz» begiratuko dion proiektu bat eraikitzeko «jostun» lanean ibili dela.
«Gaur egun, PSNk inoiz baino eragin handiagoa du Nafarroan, Espainian eta Europan». Uste du PSN herritarrentzat «gertuko» alderdia izan delako lortu dituela emaitza horiek. Duela hamar urte emandako hitza bete duelakoan dago: «Nafarroa Europako ehun eskualde berritzaileenen artean dago, erkidego berde eta kohesionatu bat baita, industrian hazkundea izan duena eta berdintasunean apustu irmoa egin duena».
Ponentziaren ardatzak
Lemari eusten segitzeko asmoa azaldu du, eta datorren martxoaren 22an egingo duten XIII. Kongresurako ponentzia «ausarta» aurkeztuko duela hitzeman du, ezkerrekoa eta aurrerakoia. Ardatzean jarri ditu hezkuntza, osasuna eta gazteentzako etxebizitza.
Bizikidetzan oinarritutako Nafarroa baten alde egin du: «Eskubideak eta askatasunak demokraziak baino ez ditu babesten, eta, horregatik, demokraziaren defentsa irmoa egin beharra daukagu».
Elkarrizketa, kontsentsua eta errespetua eskatu ditu, uste duelako horrek lortzen duela herritarrekin «konektatzea».