Behin akordioa gauzatuta, Maria Txibite PSNko lehendakarigaiak pauso bat aurrera eman du. «Hauteskundeetarako aurkeztu nintzenean herritarrei emandako hitza bete dut horrela. Esan nuen gobernu aurrerakoi bat gidatzeko konpromisoa hartuko nuela, eta, maiatzeko bozen emaitzen ondotik, inbestidurara aurkezteko asmoa azaldu nuen», azaldu du gaur goizean, Unai Hualde parlamentuko presidentearekin bildu ostean.
Parlamentuko Araudiak markatutako tramitea bete da modu horretan. Hualdek berak zuzenean parte hartu zuen negoziazioetan; nondik norakoak gertutik ezagutzen zituen, eta, gainera, akordioaren aurkezpenean izan zen atzo. Dena den, formalki, instituzioak eskatzen duen protokoloari jarraituz, Txibitek deitu egin zion atzoko prentsaurrekoaren ondotik, eta gaurko deitu zuen Hualdek taldeetako eledunekin egin beharreko bilera sortara.
Goizean, ordezkaritza txikienetik handienera, talde bakoitzeko bozeramaileekin batzartu da banan-banan Hualde, eta modu horretan egiaztatu ahal izan du Txibitek gehiengo soila lortzeko nahikoa babes baduela. Haatik, ez du guztiz ziurtatua. Bihar emango da da EH BIlduren militanteen erabakiaren berri, eta, bileran, Laura Aznalek azaldu dio Hualderi EH Bilduko mahai politikoak abstentzioaren aukera proposatu duela.
Emaitza erabakigarri horren berri jakiteko zain, inbestiduraren makineria aktibatu egin da. Unai Hualdek Txibite proposatu du inbestidurarako hautagai gisa, eta hark onartu egin du. Orain, zera falta da: jakitea noiz izango den saioa. Mundu guztia egutegiari begira dago. Parlamentuko Araudiko 173. artikuluak zehaztutakoaren arabera, «proposatutako hautagaiaren inbestidura bilkurarako deia hiru egun lehenagotik egin beharko da gutxienez».
Horrek esan nahiko luke astelehenetik aurrera egin beharko litzatekeela Txibite presidente izendatzeko bi eguneko osoko bilkura berezia, baina epeak azkartu nahi dituzte. Bihar bilduko da Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzordea, eta, bilera horretan, Hualdek planteatuko du larunbatean eta igandean egitea saioa. «Lehenik, eledunek esan beharrekoa entzungo da, eta, ondoren, eztabaida noiz egin hitzartuko da».
Txibitek gobernu programa aurkezteko hitzaldia egingo du; taldeek proposamenari erantzun, eta lehen bozketa egingo da lehen egunean. Horretarako eguna larunbata izatea proposatuko du Hualdek, beraz. Lehen egunean, Txibitek gehiengo osoa beharko luke, baina, EH Bilduk ez dionez baiezkorik emango, lehen bozketa egiten den ordutik 24 ordura egin beharko da bigarrena. Aski zaio gehiengo soila eskuratzea; hots, ezezko baino baiezko gehiago lortu beharko ditu presidente izendatzeko.
Hautagaia proposatu eta hiru egun baino lehen, asteburuan inbestidura saioa egiteko aukera dago, zerbitzu juridikoen arabera. Hualderen arabera, parlamentuko presidenteak ahalmena du horretarako, «epeak arintzeko». Haren hitzetan, Parlamentuko Mahaiak eta presidenteak berak eskumena dute hiru eguneko legezko epe hori laburtzeko.
Biharko bileran argudiatuko da «tartea» utzi behar dela, Txibiteren inbestidurak kale eginez gero «beste inbestidura proposamenak egiteko abuztuaren 28a baino lehen». Horretarako gogorarazi du beste edozein hautagai abuztuaren 22a baino lehen proposatu beharko litzatekeela, eta Txibiterena hurrengo asterako utzita oso tarte estua geratuko litzatekeela.
UPN ez dago ados, eta baliteke talka egotea biharko saioan. «Orain, ematen du presa dutela. Arauak zehazten du Parlamentuko Mahaiak hautagaia erabakitzen denetik 72 ordu iragan behar direla, eta ematen du hori ez dela beteko. Gobernu honek eta parlamentu honek nahi duena egiten jarraitzen dute. Arauak nahieran aldatzen dituzte, eta hori egiten dute oporretara joateko. Ez nafarren interesen mesedetan. Hala balitz, lehenago egingo zuten, baina orain oporretara joan nahi dute».
UPNk aurreratu du biharko bilkuran kontrako posizioa hartuko dutela, «premiarik ez dagoelako eta abuztuaren 28ko epemugarako denbora sobera dagoelako inbestidura egiteko». Ondorioz, ikusiko da bihar nola konpontzen den auzia, baina Esparzak ohartarazi du gaia serio hartzen dutela, eta zerbitzu juridikoen txosten bat egin beharko dela erabaki hori hartzeko. «Gai hau ez dugu txantxetan hartzen. Gai garrantzitsua da. Epeak errespetatu behar dira. Haiek uztailaren 23ra arte itxaron zuten bezala, itzulinguruak eta antzerkiak eginez, orain epeak direnak dira. Ezin badira oporretara joan, ezin dira joan. Ez da ezer gertatzen».
Hualderen arabera, Esparzak berekin izandako bileran ez du zalantzan jarri nahikoa sostengu juridiko ba ote dagoen epea laburtzeko. Edozein kasutan, bihar erabakiko da, presidentearen erabakiz eta mahaiak hitzartuta.