Nafarroako Gobernuaren osaketa

Txibite aurkeztuko da inbestidurara

Gaur bilduko da Parlamentuko Mahaia eta Eledunen Batzordea egutegia aztertzeko, eta Unai Hualdek proposatuko du asteburuan egitea saioa. UPNk salatu du orain «presa» dutela, eta epeak bete daitezela exijituko du bilkuran

Maria Txibite, Unai Hualde eta Ramon Alzorriz, atzo, Nafarroako Parlamentuko presidentearen bulegoan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2023ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Akordioa eginda, Maria Txibite PSNko lehendakarigaiak pauso bat aurrera eman du. «Hauteskundeetarako aurkeztu nintzenean herritarrei emandako hitza bete dut horrela. Esan nuen konpromisoa hartzen nuela gobernu aurrerakoi bat gidatzeko, eta, maiatzeko bozen emaitzen ondotik, inbestidurara aurkezteko asmoa azaldu nuen», azaldu du gaur goizean, Unai Hualde Parlamentuko presidentearekin bildu ondoren.

Parlamentuko Araudiak markatutako tramitea bete da hala. Hualdek berak zuzenean parte hartu du negoziazioetan; nondik norakoak gertutik ezagutzen ditu, eta, gainera, astearte goizean akordioaren aurkezpenean izan zen. Dena den, formalki, instituzioak eskatzen duen protokoloari jarraitu behar izan dio Txibitek: astearte eguerdian, deitu egin zion nahikoa babes zuela adierazteko, eta, horrela, inbestidurarako prozedura abiarazi zuen.

Hala, atzo goizean, ordezkaritza txikienetik handienera, talde bakoitzeko bozeramaileekin banan-banan elkartu zen Hualde, eta Txibitek egiaztatu ahal izan zuen baduela nahikoa babes gehiengo sinplea lortzeko. Berez, oraindik ere ez du guztiz ziurtatua. Izan ere, gaur ezagutaraziko du EH Bilduk 24 orduz militanteen artean antolatutako galdeketaren emaitza. Atzoko bileran, Laura Aznalek azaldu zion Hualderi EH Bilduko Mahai Politikoak abstentzioaren aukera proposatu diela koalizioko kideei, eta horri buruz galdetu dietela.

Emaitza erabakigarri hori jakin gabe, inbestiduraren makineria ez da geratu. Hualdek aurrerantz jo du: «Kontsultak egin ondoren, Txibite anderea Nafarroako gobernuko hautagai bezala proposatzea erabaki dut; hark onartu egin du, eta Mahaiari bihar [gaur] jakinaraziko diot».

Legez, hiru eguneko epea

Orain, saioa noiz izango den jakitea falta da. Mundu guztia egutegiari begira dago. Parlamentuko Araudiko 173. artikuluaren arabera, «proposatutako hautagaiaren inbestidura bilkurarako deia hiru egun lehenagotik egin beharko da gutxienez». Horrek esan nahiko luke legez astelehenetik aurrera egin beharko litzatekeela Txibite presidente izendatzeko osoko bilkura berezia, baina epeak azkartu nahi dituzte. Bihar bilduko da Parlamentuko Mahaia eta Eledunen Batzordea, eta, bertan, Hualdek planteatuko du asteburura aurreratzea saioa. «Lehenik, eledunek esan beharrekoa entzungo da, eta, ondoren, hitzartu egingo da eztabaida noiz egin».

Derrigorrez, bi egunekoa izan behar du saioak. Izan ere, lehen egunean, Txibitek gobernu programa defendituko du, taldeek proposamenari erantzungo diote, eta haren hautagaitzari buruzko botoa emango dute saioaren amaieran. Gehiengo osoa behar du ezinbestean, eta, EH Bilduk baiezkorik emango ez dionez, lehen bozketa egiten denetik 24 ordura errepikatuko da bozketa. Bigarren ahaleginean, aski zaio gehiengo sinplea eskuratzea; hots, ezezko baino baiezko gehiago lortu beharko ditu presidente izendatua izateko.

Hualderen arabera, zerbitzu juridikoek ahalbidetu egin dute inbestidura saioa hiru egun baino lehen antolatzea, «presidenteak ahalmena baitu epeak arintzeko». Araudiaren 83.6 artikuluak zehazten du epea 24 ordura murriztu daitekeela eta parlamentuko lehendakariak ahalmen hori duela. Halaber, arauaren 119. artikuluaren arabera, Parlamentuko Mahaiak ere epeak murriztu ditzake.

Gaurko bileran, Hualdek argudiatuko du «tartea» utzi behar dela beste alderdiren batek aukera izan dezan «inbestidurarako proposamena egiteko» Txibiterenak huts eginez gero. Gogorarazi zuen horretarako beste edozein hautagai abuztuaren 22 baino lehen proposatu beharko litzatekeela. Bestela, oso tarte estua geratuko litzaioke beste inori.

Alta, argudio horrekin ez dago ados hori egiteko aukera bakarra duen alderdia: UPN. Hortaz, talka egon daiteke gaurko saioan. Javier Esparzak salatu zuen negoziazioak atzeratu egin direla PSOEren interes politikoen ondorioz: «Orain, ematen du presa dutela. Arauak zehazten du Parlamentuko Mahaiak hautagaia erabakitzen denetik 72 ordu iragan behar direla, eta ematen du hori ez dela beteko. Arauak nahieran aldatzen dituzte, eta oporretara joateko egiten dute hori, ez nafarren interesen mesedetan. Hala balitz, lehenago egingo zuten bestela», kritikatu zuen Javier Esparza UPNko presidenteak.

UPNk aurreratu zuen gaurko bilkuran kontrako posizioa hartuko dutela «premiarik ez dagoelako eta denbora sobran dagoelako inbestidura egiteko». Ikusiko da nola konpontzen den auzia, baina Esparzak ohartarazi zuen arretaz aztertuko dutela zerbitzu juridikoen txostena. «Gai hau ez dugu txantxetan hartzen. Garrantzitsua da. Itzulinguruak eta antzerkiak eginez haiek uztailaren 23ra arte itxaron zuten bezala, orain errespeta ditzatela epeak. Ezin badira oporretara joan, ez da ezer gertatzen».

Atzerapausorik ez

Asteartean egin bezala, Txibitek nabarmendu zuen PPren eta Voxen gobernu akordioen aldean Nafarroako Gobernuak ez duela eskubideetan atzerapausorik emango: «Ez da halakorik gertatuko. Nafarrak lasai egon daitezke: zerbitzu publikoak defendituko ditugu; eskubideetan aurrera egingo dugu; berdintasunaren eta emakumeen ahalduntzearekin bat egiten dugu».

UPNk hauteskundeak irabazi zituen, baina presidente izateko aukerak berriz ihes egin dio Esparzari. Salatu zuen PSNk «EH Bilduren menpe» egotea erabaki duela, eta errazago zuela gobernuari egonkortasuna emateko gehiengoa hitzartzea UPNrekin. «PSNk ikusi beharko du zergatik EH Bilduk nahiago duen PSNren gobernu bat eta ez UPNren bat». Legealdiari begira, mahai gainean gaiak proposatu ahala finkatuko dute euren posizioa, baina aurreratu zuen «EH Bildu erabakigarri izan ez dadin» saiatuko direla.

21 parlamentariren babesarekin ekingo dio gobernuak legealdiari, baina Geroa Baiko Uxue Barkosek berretsi zuen gehiengoa zabaltzeko aukera soilik «alde batean» bilatuko dutela, EH Bilduri aipamen eginez.

Aldiz, PPko Irene Royorentzat, Nafarroarentzat «mehatxu bat» da gobernua «EH Bilduren menpe» egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.