Koronabirusa

Txertoen dosien erdiak jarri dituzte Hego Euskal Herrian

Falta direnak datorren astean hasiko dira ipintzen; jada txertatuta daudenei bigarren dosia jartzen hasiko zaizkie

COVID-19aren aurkako txertoaren dosiak. GORKA RUBIO / FOKU.
2021eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
GASTEIZ. Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren aurka orain arte jasotako 31.500 txertoen dosien erdiak jarri ditu, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldutakoaren arabera. Falta direnak datorren astetik aurrera hasiko dira jartzen, jada txertatuta daudenei bigarren dosia jartzeko. Horixe izango da, Modernaren txertoa heldu bitartan, Eusko Jaurlaritzaren txertatze kanpaina, Sagarduik azaldu duenez. Bestetik, atzo jaso zuen Pfizer botika konpainiaren azken txerto sorta Jaurlaritzak; 15.600 dosi gehiago. Erdiak bigarren txertaketarako gordeko dituztela azaldu du Sagarduik, orain arte astero jasotako dosiekin egin bezala. «Paziente bakoitzaren txertaketa zikloa» betetzen dela bermatu nahi dute horrela. Osasun Sailak otsailaren bukaerarako aurreikusi du zahar etxeetako txertaketa kanpainaren amaiera; eta, hori bukatutakoan, osasungintzako langileenarekin hasteko asmoa du. Hala ere, erritmoa bizkortu ahal izango da, Pfizerren txertoaz gain Modernaren txertoa ere ailegatzen bada. Sagarduik jakinarazi du dagoeneko 200 egoitzatako egoiliarrak eta langileak txertatu dituztela.

Nafarroako Gobernuak ere antzeko datuak jakinarazi ditu: txertoen %46,5 ipini dituzte dagoeneko. Herrialdeko txertaketa kanpaina aurreikusitakoaren arabera doala azaldu du gobernuak, «erritmo progresiboan»; eta Nafarroan ere astero jasotako dosien zati bat «erreserba estrategiko» moduan gordeko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.