Koronabirusa

Txertoari buruzkoak: babestutako datuak

Legez onetsita dago paziente orori bermatu behar zaiola bere osasun egoerari buruzko datuen gaineko konfidentzialtasuna. Izurriaren ondorioz, ordea, zabaldu egin dira, esate baterako, txertatze egoerari buruzko galderak. Auzi etiko bat eragin dute.

NUPen kiroldegian, Iruñean, txertoa jartzeko prestatutako tokia. JESUS DIGES / EFE.
arantxa iraola
2021eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Izurriaren harira, auzi etiko ugari sortu dira, eta, COVID-19aren aurkako txertaketa kanpainek aurrera egin ahala ere, azaldu dira dudak. Behartu al daiteke inor txertatuta dagoen esatera? Horra airean dabiltzan galderetako bat. Frantziako Gobernuak hainbat urrats egin ditu herritarrak txertoa hartzera bultzatzeko, eta ezinbestean galdera horri erantzun behar izan diote askok. Hego Euskal Herrira begira, oraingoz ez dago halako neurri irmorik indarrean, baina galderak eta zalantzak airean dabiltza. Txetxu Ausin EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia doktorea da, CSICeko ikertzailea, eta hainbat auzi etikoren inguruan ekarpena egin du izurri honetan. «Berez, ez gaude behartuta txertatuta gauden esatera. Osasun datuak ezin pertsonalagoak dira, eta babestuta daude», azaldu du. «Datu horien gainean, berez, ez dugu erantzunik eman beharrik, eta lan arloan badaude zentzu horretan emandako epaiak; ez duzu esan beharrik, adibidez, halako ebakuntza egin dizuten, edo zer osasun arazo klase izan dituzun». Bat dator Iñigo de Miguel Beriain, bioetika gaietan aditua eta Ikerbasqueko ikertzailea: «Kategoria espeziala duen datu bat da; inork ezin dizu besterik gabe eskatu».

Osasun datuen gaineko konfidentzialtasuna bermatu behar dela argi utzita ere, salbuespenak badirela onartu dute. Esaterako, legez badira diagnostikatu orduko osasun profesionalek derrigorrean osasun agintariei jakinarazi behar izaten dizkieten eritasun klase batzuk. «Katalogo batean jasota daude», adierazi du Ausinek. Baina, COVID-19ari dagokionez, oro har, uste du ez dela egokia jendeari txertoa hartu duen galdetzea; areago, ez dela zilegi. Motibo nagusi bat ikusten du horretarako: «Txertoa hartua izateak ez du ziurtatzen ez duzula gaitza zabalduko. Ez dago ez kutsatzeko bermerik txertatuta egonda ere», nabarmendu du. COVID-19aren aurkako txertoak «guztiz esterilizatzaileak» balira itaunak zentzua izango lukeela esplikatu du, eta badirela horrekin lotuta egun indarrean diren jarraibideak: haur eskoletan-eta, adibidez, umeak matrikulatzeko orduan, egiten dira gaitzen transmisioa galarazteko gaitasuna duten txertoei buruzko galderak.

Oraingoz, ordea, COVID-19ak eragindako osasun krisian, txertoari buruzko itaunen inguruan hainbatetan ikusi den «gehiegizko antzezpena» bazter utzita, bestelako prebentzio neurriak indartu behar liratekeela uste du Ausinek. «Garrantzitsua da, adibidez, espazio seguruak sortzea; esaterako, jende pilaketa bat egin baino ordu batzuk lehenago PCR testak eginda, edota antigeno test masibo eta oso eskuragarrien bidez... Txertoa hor dagoela ere, testak-eta egin behar dira, eta distantziari eta maskarari ere erreparatu behar zaie. Pertsona bat txertatuta dagoela jakite hutsak baino gehiago babesten du horiek guztiak aintzat hartzeak», adierazi du. «Eta pertsona zaurgarriekin lan egiteko, adibidez, behartu daiteke langile bat birusa atzemateko testak maiztasun jakin batekin egitera, hor dagoelako tartean, baita ere, egoera kaltebera batean dagoen pertsonaren interesa. Langile batek horri uko egingo balio, arrazoizkoa litzateke pertsona hori lan eremu horietatik kentzea».

Lan munduko itaunak

Birusaren transmisioak dakartzan arazoak tarteko, lan arloan bereziki, langileak txertatuta dauden jakiteko interesa piztudela argi du De Miguelek. «Baina hori ezin da galdetu; guztiz legez kanpokoa da», gogoratu du. Hala ere, iruditzen zaio enpresek ez galdetuta ere jendeak lan eskabideetan gero eta usuago jakinaraziko duela txertatuta dagoen. «Era horretan, lana lortu nahi duten pertsona horiek esaten ari dira abantaila bat dutela lana eskuratu nahi duten gainerakoen ondoan; baina enpresek ez lukete kontuan hartu behar informazio hori. Eta areago: lanpostu bat iragartzeko orduan, enpresek esan behar lukete datu hori ez jartzeko, ez dutela aintzat hartuko». Behin langileak lanean hasita, enpresen ardura da birusa lantokian eta lan jardunean ez zabaltzea. «Izan ere, enpresak obligazioa du langileen segurtasuna bermatzeko».

Horretarako ezartzen diren prozeduretan ere, langileei txertatuta dauden galdetzea ez dela zilegi esan du De Miguelek. «Segurtasun hori bila daiteke testen edo bestelako neurrien bidez; zuzenean inori txertatuta dagoen galdetzera ez da egin behar. Ahal bada, segurtasun gutxieneko bat bermatzera egin behar da beti, baina bakoitzak bere egoera zein den esan gabe, eta jendea txertatzera ere ezin duzu behartu». Arlo horretan aurrera egite aldera, enpresen eta sindikatuen artean itunak hitzartu behar direla uste du, eta modu «kooperatibo» batean egin behar dela lan hori.

Testak, testak, testak

Prozesu horietan testak ezinbestekoak direla berretsi du De Miguelek. «Nik beti defendatu dut gakoa testak direla; txertoak baino gehiago. Txertoak, batez ere, ezkutu bat dira. Oso ondo babesten dute, baina ez dute magia egiten. Zero arriskura joateko, bermatu behar duzu pertsona bat ez dagoela kutsatuta, eta horretarako ezinbestekoak dira test onak, eta maiztasun on batekin egindakoak. Lan segurtasunera begira, zentzurik handiena testek dute».

Ildo horretan, Ausinek adierazi du testak egiteko orduan txertatuen eta txertatu gabeen artean ez litzatekeela berezitasunik egin behar. Erakundeek, ordea, egiten dituzte bereizketak: Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak berak emana du, adibidez, txertoa hartu ez duten zahar etxeetako langileei astean bi test egiteko irizpidea, eta Hego Euskal Herriko administrazioek hartu dituzte neurriak arlo horretan. «Baina nik uste dut maiztasun batekin denei egin beharko litzaizkiekeela testak, txertatuta egon edo ez egon; izan ere, egun txertatuek ere transmititu dezakete birusa», gogora ekarri du.

Eta Ausinek argi du: txertaketak ekar dezakeenaren gaineko mezu triunfalistak egon dira, eta apar hori apaltzera egin behar da orain. «Bazirudien biztanleen %70 txertatuta amaitu zela pandemia; ez da horrela. Txertoak transmisioa moteldu du, baina oraindik birus honekin bizi behar dugu». Hori esanda ere, nabarmendu du txertaketaren garrantzia ezin dela hutsaldu. «Gero eta pertsona gehiago egon txertatuta, orduan eta hobeto. Baina bizi egin beharko dugu COVID-19arekin; nolabait ere, kronikoa bihurtu dela ulertu behar dugu, eta haren eragina arintzera egin behar dugula orain». Antzera, De Miguel bat dator mezu horretan: «Txertoari eskatu nahi izan zaio eman ezin duena; ez dira mirarizkoak». Hala ere, argi du txertaketaren aldeko mezuetan ezin dela etsi: «Betebehar morala da txertoa hartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.