Inor ez da txertorik gabe geldituko»: behin eta berriz errepikatu dute mezu horiosasun agintariek, txertoen banaketaren inguruko zalantzak ugaritzen direnero. «Osasun zerbitzuak harremanetan jarriko dira xede biztanleriarekin», gehitu diote beti lehen esaldi horri. Baina zer gertatzen da xede biztanleria osasun sisteman ageri ez denean? Zer gertatzen da paperik gabe dauden migratzaileen eta etxegabeen txertaketarekin?
Horren inguruko kezka badago egoera horietan dauden pertsonekin lanean ari diren elkarteetan: izan ere, pertsona asko paperik gabe daude kalean, eta osasun egoera zaurgarrian daudela ohartarazi dute, eta, ondorioz, arrisku faktore gehiago dituztela gainerakoek baino. Donostiako Hiritarren Harrera Sarea da elkarte horietako bat. Bertako kide Garazi Montuschik bertatik bertara ikusi du egoera horretan dauden pertsonen egoera: aterpetxeetan dauden etxegabeak txertatu badituzte ere, gaua azpiegitura horietatik kanpo pasatzen dutenek sortzen diete kezkarik handiena. «Donostian bakarrik, gutxienez 200 migratzaile daude kale egoeran». Esan du gehienak txertoa noiz helduko zain daudela.
Printzipioz, gainontzeko biztanleriarekiko bereizketarik egin gabe helduko zaie txertoa jartzeko ordua. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak mezu hori eman dute. Biek ala biek berretsi dute txertoa nahi duen pertsona orok izango duela hartzeko eskubidea, kasuan-kasuan jarraitu beharreko pausoak desberdinak izango badira ere. Ipar Euskal Herrian ere, adin irizpiderik ez dagoen heinean, txertoa «denentzat» dela segurtatzen dute Frantziako Osasun agintariek; zehazkiago, 12 urtetik gorako herritar «ororendako».
Nafarroaren kasuan, gobernuak azpimarratu du erroldatuta egotea ez dela derrigorrezkoa txertoa jartzeko. Baina adierazi du beharrezkoa dela datu baseetan pertsona horien informazioa egoki jasotzea, «txertaketa prozesuaren egokitzapena eta segurtasuna bermatzeko». Hori horrela, osasun txartelik ez dutenek Nafarroako identifikazio kode pertsonala izeneko agiria eskuratu beharko dute, osasun zentroan bertan edo gizarte zerbitzuetara jota. Behin identifikazio hori eskuratuta, txertaketarako ordua hartu ahalko dute.
Gutxieneko identifikazioa
Nafarroako Gobernuak azpimarratu du gutxieneko identifikazio hori garrantzitsua dela; izan ere, bigarren dosia hartu ahal izateko, osasun sistemak ezinbestekoa du txertatutako pertsonekin harremanetan jartzea. Hain zuzen ere, horretarako egon daitezkeen zailtasunak saiheste aldera, Osasun Departamenduak Janssenen txertoa aukeratu du etxerik gabeko pertsonak txertatzeko: dosi bakarrekoa, alegia. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ere jakinarazi du Janssenen txertoa banatu duela egoera horretan daudenen artean. Hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuaren antzerako prozedura jarri du martxan Jaurlaritzak ere. Bere informazio zerbitzuen hasierako komunikatuetan helarazitakoaren arabera, Araba, Bizkai edo Gipuzkoan «bizi den edo lan egiten duen edonork» du eskubidea txertatzeko; ez zuten zehaztu, ordea, errolda agiririk behar den ezinbestean. Etxegabeekin lanean ari diren elkarteekin bildu eta gero, ordea, bestelako mezua helarazi zien elkarteei. Espresuki azpimarratu zien errolda egoerak ez duela baldintzatuko txertaketarako sarbidea. Hori horrela, Araba, Bizkai edo Gipuzkoan bizi direnek ez badute osasun txartelik, ezta aldi baterako osasun laguntzako agiririk ere edo funts publikoen kargura osasun laguntza jasotzeko egiaztagiririk, aukera izango dute ordua eskatzeko Osakidetzaren webguneko inprimaki bat beteta, beren jatorrizko herrialdeko identifikazio agiriekin. Inprimakia betetzeko arazorik izanez gero, WhatsApp bidez jar daitezke harremanetan osasun sistemarekin, horretarako propio jarri duten telefono zenbaki baten bidez. Behin hori eginda, dagokien txandan jasoko dute Osakidetzaren mezua ordua hartzeko.
Ipar Euskal Herrian, txertoa jartzeko ordua hartu behar da Doctolib plataformaren bitartez, edo zuzenean txertaketa guneetara deituz. Ordua hartzeko ez da agiri berezirik erakutsi behar; txertaketa gunera iristean, berriz, osasun txartela eta nortasun agiria eskatzen dituzte. Paueko (Okzitania) Munduko Medikuen elkarteak zehaztu du txertaketa guneetan Osasun Estatu Laguntzak balio duela: txartela eskuratzeko, Gizarte Segurantzara jo behar dute paperik gabeko pertsonek. Horrez gain, Frantziako Estatuan hiru hilabete baino gehiagoz bizi izan diren migratzaileek Gizarte Segurantza Unibertsala baliatu dezakete, eta hori ere Gizarte Segurantzari eskatu behar zaio.
Halere, badira egoera horietatik kanpo dauden pertsonak. Horiek ospitaleetako PASS Osasun Zerbitzurako Zaintza egoitzetara bideratzen dituzte, Munduko Medikuen arabera. «PASSetan, ez da neholako paperik eskatzen; edonork har dezake txertoa, betiere osasun irizpideen arabera».
Adin irizpideen arazoa
«Kale egoeran daudenetako asko gazteak dira», hortxe ikusten du arazoetako bat Montuschik. Izan ere, Hego Euskal Herrian oraindik indarrean daude txertaketa plangintzako adin irizpideak, eta paperik gabe daudenek ere beren adin tartera heldutakoan izango dute txertatzeko modua, ez aurretik.
Iparraldean, adin irizpiderik ez da gehiago txertoa jartzeko: 18 urtetik gorako guziek har dezakete txertoa. Gainera, 12 eta 17 urte bitartekoei ere ireki zaie txertaketa kanpaina, baldintza zorrotzekin. Ezinbestekoa da bi gurasoen oniritzia biltzea, eta, gutxienez, gurasoetako batek lagundu behar du nerabea txertaketa gunera. Horrez gain, nerabeak berak ahozko baimen «argia» eman behar dio txertaketa guneko medikuari. Munduko Medikuen arabera, txertoa jartzeko gurasoen baimena izan beharra «oztopo handia» da familiarik gabe dauden adingabeentzat. Gainera, gaitzetsi dute txertaketa guneetan ez dagoela itzulpen zerbitzurik: «Nerabe horientzat ezinezkoa da ahozko baimena ematea: medikuaren azalpenak ez dituzte baitezpada ulertzen; ezin dute komunikatu». Munduko Medikuentzat irizpide horiek egokitzea «berdintasunaren aldeko erronka» da.
Koronabirusa
Txertoak sortutako arrakalak
Txertaketa orokortu ahala, paperik gabe daudenen txertaketa kezkarako zio da haiei arta ematen dieten elkarteetan. Agintariek behin eta berriz esan dute prozesua bermatuta dagoela denentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu