Koronabirusa

Txertoak nahastuta, okerrago

Larriak izan ez arren, AstraZeneca eta Pfizerren dosiak nahasteak eragin negatiboak handitzen dituela ondorioztatu du ikerketa batek. Bigarren dosia noiz hartuko zain daude milaka lagun

Lagun talde bat Ilunben, ilara batean, txertoa hartzeko zain. GORKA RUBIO /FOKU.
Arantxa Iraola - Juanma Gallego
2021eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Dosi bat baino gehiago behar dituzte COVID-19aren kontrako txerto gehienek, eta duda egon da orain arte txerto mota ezberdinak nahasteak izan ditzakeen ondorioez; hasi dira argitzen, hala ere: Oxfordeko Unibertsitateko ikerketa talde batek azterlan baten emaitzak aurreratu ditu, eta adierazi du txertoaren ondorio kaltegarriak areagotu egiten direla txerto motak nahasita.

Txertoa hainbat modutan jarrita zer gertatzen den aztertu dute ikertzaileek; esaterako, aurrena Pfizer etxearena jarri eta gero AstraZenecarena jartzea, edota alderantziz. Eta kasu bietan ikusi dute ondorio kaltegarriak handiagoak direla halakoetan marka bereko bi txerto dosi jartzen direnean baino.

The Lancet aldizkarian eman dute ikerketaren berri. Kasu guztietan, hala ere, ondorio kaltegarriak berehala desagertu zirela esan dute, eta ez zutela aparteko larritasunik izan. Ikerketa oraindik burutzeko dagoela esan dute, baina lehenbailehen eman nahi izan dutela aurrerapen baten berri. Izan ere, hainbat herrialde ari dira aztertzen txertoak jartzeko eran aldaketak egitea. AstraZeneca etxeak egindako txertoa tronbo kasu batzuekin-eta nola lotu den, adin tarte batzuetan ez ematea erabaki dute hainbat tokitan, bigarren dosia atzeratzea, eta jada lehen dosia hartutako milaka pertsona daude orain zain, bigarren dosia nola osatuko zaien jakin nahian.

Espainiako Osasun Publikoko Batzordea da, esaterako, AstraZeneca txertoaren lehen dosia hartutako 60 urtetik beherako pertsonei bigarren dosia zelan emango dieten erabakitzeko duen administrazioetako bat. EMA Sendagaien Europako Agentziak bigarren dosian ere AstraZenecarena ematea ontzat joa du, baina Espainiako erakundeak datorren astera arte ez duela erabakiko jakinarazi zuen herenegun Osasun ministro Carolina Dariasek; «erabaki onenaren» bila ari direla argudiatu zuen. Atzerapen hori zeresana ematen ari da. Kasurako, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarraitzek Madrili eskatu dio erabakia «ahalik eta lasterren» hartzeko.

Onurak eta arriskuak

AstraZenecaren harira sortu den egoera ikusirik, medikuntzan erabil ohi den irizpide orokorrari jarraitzea gomendatu du EHUko mikrobiologo Joseba Bikandik: erabakiak hartzerakoan, sendagai bakoitzaren onura eta arriskuen arteko orekaren arabera jokatzea. «Horretako, hoberena da EMAren aholkuei jarraitzea. Orain arte, dituzten datuetan oinarrituta, AstraZenecaren lehen dosia eman zaienei bigarrena ematearen alde azaldu da. Iritziak iritzi, nire esku balego, nik irizpide horri jarraituko nioke».

Zientziari lotutako irizpideak baino, Bikandik politikarien beldurra ikusten du arazoaren abiapuntuan. «Pentsatzen dut ez dutela agertu nahi erantzule gisa arazoren bat sortuz gero». Bigarren dosia atzeratzeak izan ditzakeen eraginei buruz, aitortu du oraingoz ezjakintasuna dela nagusi. «Bigarren dosia 8-12 aste tartean ematea aholkatzen da; kasu gehienetan ez da asti hori igaro».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.