Koronabirusa

Txertoak derrigor jarrarazita, estatu batzuek areago egin nahi dute

Frantziak ez ezik, Greziak ere osasun langileak txertoa hartzera behartuko ditu. Txertoa hartuta daude dagoeneko EBko helduen %50

Lagun talde bat Atenasen (Grezia), testak egiteko zain. ORESTIS PANAGIOTOU / EFE.
Juanma Gallego.
2021eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herrian osasun eta zaintzaren arloetan jarduten duten langileek derrigorrez COVID-19aren aurkako txertoa hartu beharko dute, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak astelehen gauean esandakoa betetzen bada. Horretarako, hilaren 21etik aurrera Frantziako Legebiltzarrean neurria ahalbidetuko lukeen lege proiektua onartu beharko dute.Macronek irailaren 15era arteko epea eman zien oraindik txertoa hartu ez duten profesionalei txertoa har dezaten, eta beste herritar guztientzako derrigorrezkoa izateko aukera ere mahai gainean jarri zuen. Modu berean, herritarrak txertaketara bideratzeko beste zenbait neurri iragarri zituen Macronek. Ostalaritzan eta trenbideetan, eta baita 50 lagunetik gorako ekitaldietan ere, osasun ziurtagiria nahitaezkoa izatea nahi du Frantziako Gobernuak.

Uztailaren 21etik aurrera beharrezkoa izango da ziurtagiria erabiltzea zenbait kultur ekitalditan parte hartzeko, eta abuztuan ere agiri hori eskatu nahi dute merkataritza guneetan eta ostalaritzan sartu ahal izateko, eta baita trenean bidaiatzeko ere.

Olivier Veran Osasun ministroaren arabera, Macronen agerraldiaren ondoren milioi bat lagunek hitzordua eskatu dute txertoa hartzeko. Haren esanetan, horrek «milaka bizitza» salbatzea ekar dezake. Delta aldaeraren aurrean «beste konfinamendu» bat eragotzi nahi dutela argudiatu zuen ministroak.

Frantziak bezala, astelehenean Greziak antzeko neurri bat iragarri zuen. Greziak erabaki du derrigorrezko txertaketa eskatuko diela osasun sistemako langileei, eta ostalaritza lokalen barruan sartzeko txertaketa ziurtagiria ere beharrezkoa izango dela. Bertako gobernuak aurreratu du isunak jarriko dizkietela araudia betetzen ez dutenei, eta, langileen kasuan, kaleratzearekin mehatxatu ditu.

EBtik kanpo, Errusiak antzeko neurria iragarria zuen osasun langileekin, eta Tajikistanek derrigorrezko txertaketa ezarri zuen hilaren hasieran. Nolanahi ere, immunitatea erakusteko eta areagotzeko proposamenak ugaritzen ari dira edonon. Portugalen hasi dira eskatzen, adibidez, ziurtagiria asteburuetan jatetxeetan sartzeko —ez,ordea, terrazetan—, izurriaren intzidentzia handia duten 60 udalerritan bederen. Alemanian txertaketa kanpaina bultzatzeko bestelako bideen bila ari dira. Kasurako, Berlinen atzo unitate ibiltari bat jarri zuten, ordurik eskatu behar izan gabe bertan txertoa hartzeko modua izateko.

Jarrera ona

Angela Merkelek atzo esan zuen oraingoz ez dutela asmorik osasun langileei derrigorrezko txertaketa eskatzeko.12 urtetik gorako herritar orok aukera du txertoa hartzeko Alemanian, eta, Merkelek esandakoaren arabera, herritarrek «aldez aurreko jarrera ona» dute txertoekiko. Orokorrean aurrera doa prozesua, txertatuta daude Europako Batasuneko helduen %50; Europako Batzordeko presidente Ursula von der Layenek eman zuen atzo datua. Bide batez, iragarri zuenheldu guztien %70 txertatzeko adina dosi banatu direla dagoeneko. Txertatzea aski garrantzitsua dela nabarmendu zuen.

EBko hainbat estatu kide berriro neurriak gogortzen ari diren bitartean, Erresuma Batuko gobernua hilaren 19rako jarria zuen plana mantetzekoa da. Egun horretatik aurrera neurri murriztaileak dezente arinduko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.