Koronabirusa

Txertoa hartu ez duten osasun langileak jomugan daude Iparraldean

Eskualdeko Osasun Agentziak erran du kontrol zorrotzak eginen dituela. Plan Zuriak indarrean segituko du berrantolaketak ahalbidetzeko

Baionako ospitaleko Michel Glanes zuzendaria txertoa jartzen, iragan urtarrilean. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2021eko irailaren 14a
00:00
Entzun
COVID-19aren kontrako lehen dosia jartzeko azken epea dute osasun langileek: bihartik aitzina, txertoa hartzeko prozesua ez badute hasia, kontratua etenen zaie behin-behinean. Urriaren 15era arte izanen dute txertoaren bigarren dosia egiteko, eta, anartean, PCR negatibo bat erakutsi beharko dute lanean aritzen segitzeko. Eskualdeko Osasun Agentziak segurtatu du Akitania Berriko osasun langile gehienek hartua dutela txertoa: %90 eta %95 inguruk.

Benoit Elleboode Eskualdeko Osasun Agentziako zuzendariak erran du txertoa jarri ez duten osasun langileen kopurua «biziki apala» dela, «anekdotikoa». Haren ustez, azken hilabeteetan eramandako pedagogiak «ongi funtzionatu du». Bestalde, baieztatu du COVID-19aren kontrako txertaketa derrigorrezkoa izanen dela osasun langileentzat, epe luzerako. «Zenbait langilek uste izan dute hilabete batzuen afera zela, eta [Frantziako] Estatuak gibelera eginen zuela. Orain, argi dute: derrigortasuna iraunkorra izanen da, beste txerto batzuen kasuan bezala».

Elleboodek ez du uste txertatuak ez diren langileek «sistema arriskuan» ezartzen dutenik. «Arta sistema ez da inolaz ere arriskuan izanen. Noski, han-hemenka egoera kezkagarriak gertatzen ahalko dira, egitura biziki txikietan, kasurako. Horren aitzinean, gure erronka paziente guztien arten eskuragarritasuna bermatzea da». Hala, Plan Zuria luzatzea deliberatu du. Izan ere, plan horren bidez erietxeek beren zerbitzuak berrantolatzeko gaitasuna dute. Alde batetik, sektore libreko erizain eta medikuak deitzen ahal dituzte indargarri gisa, eta, bestetik, larrialdizkoak ez diren artak atzeratzen ahal dituzte. Ondoko egunetan, gainera, departamendu bereko osasun egitura guzien arteko bilerak eginen dituzte, «partaidetzak eta elkar lana» antolatzeko.

Kontrol «zorrotzak»

Txertorik jarri nahi ez duten osasun langileek beren lansaria ez dute eskuratuko, eta kontratua behin-behinean etenen zaie, «lan egiteko baldintzak bete arte», hau da, txertoa jarri arte. Horiek horrela, Elleboodek erran du kontrolak sistematikoak izanen direla, erietxeetan eta sektore libreko osasun langileen artean ere.

Alde batetik, osasun egiturak kontrolatuko ditu Eskualdeko Osasun Agentziak, beren langileek txertoa jarria dutela segurtatzeko. Bestetik, sektore libreko langileek ere kontrol «zorrotzak» jasanen dituztela hitzeman du Elleboodek, «molde inprobisatuan». Guztira, 200 agente arituko dira kontrol lanetan, datozen egunetatik hasita. Txertoa jarri gabe lan egiten duten langileek zigorrak jasoko dituzte berehala:135 euroko isuna, eta kontratuaren behin-behineko etetea. Neurria berriz urratuz gero, sei hilabeteko kartzela zigorra arriskatzen dute osasun langileek.

Gainera, sektore libreko langileen kasuan, txertoa ez jartzeagatik lanean aritzeko debekua jaso badute, beren pazienteek ez dute Gizarte Segurantzaren ordainketarik jasotzen ahalko 2022tik goiti. Hala eta guztiz ere, Elleboodek segurtatu du neurria ez dela «kolpez» etorriko: medikuek eta pazienteek abisua jasoko dute aldez aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.