Koronabirusa

Txertoa, datuen argitan

COVID-19aren aurkako txertoak erabiltzea baimentzen hasiak dira mundu osoko erakundeak. Adituen arabera, luze joko du immunitatea lortzeko prozesuak: segurtasuna eta epe motzeko efikazia frogatuak dauden arren, ikusgai dago zenbaterainoko babesa emango duten txertook luzera begira.

COVID-19aren aurkako txertoetako bat, ekoizpen lantegi batean. JAVIER CEBOLLADA / EFE.
Ion Orzaiz.
2020ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Fase berri bat hastear da COVID-19aren aurkako estrategian: txertaketa masiboena. Errusiaren, Txinaren, AEBen eta Erresuma Batuaren ondotik, Europako Batasunak hilaren 27an abiatuko du kanpaina, Pfizer eta BioNTech laborategien prototipoarekin. Zientzialariek baikor hartu dute albistea, izurriaren aurkako urrats garrantzitsua izan daitekeelakoan, baina zuhurtzia ere eskatu dute, ikusteko baitago zenbateraino eraginkorrak izanen diren txerto berriak epe luzera. Multinazionalen prentsa ohar eta lerroburuen atzean, zenbait galdera eragin ditu auziak. Hona horietako batzuk.

Bukatu al da txertoa lortzeko lasterketa?

Inondik inora ere ez. COVID-19ari lotutako osasun larrialdia dela eta, txertoetako batzuek (Pfizer-BioNTech, Sputnik V, Moderna...) ezohiko baimenak jaso dituzte zenbait herrialdetan, herritarrak immunizatzen hasteko, baina ikerketa ez da bukatu: dozenaka txerto hautagai garatzen ari dira mundu osoko unibertsitate eta laborategietan; horietatik, 50etik gora kasutan hasiak dira probak gizakiekin egiten; eta txerto gutxi batzuk iritsiak dira entsegu klinikoen III. fasera. Jada baimenduta dauden txertoen kasuan, gainera, ikertzen segitu beharko dute, luzera begirako eraginak neurtzeko. «Entsegu klinikoak ez dira amaitu, bi urte baino gehiagoko prozesua da eta. Orain dakiguna da onartutako txertoak eraginkorrak direla epe laburrean, eta segurtasun printzipioa bermatua dagoela, baina txerto horiek bide luzea dute aurretik, oraindik ez dakizkigun gauzak argitzeko», azaldu du Joseba Bikandi EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko irakasleak.

Alde handia al dago txertoen artean?

Immunitatea lortzeko moduak bereizten ditu, batez ere. Funtsean, laborategi denek iritsi nahi dute helburu berera, baina bide eta teknologia ezberdinak hautatu dituzte horretarako. AEBetako Moderna eta Pfizer-BioNTech enpresen txertoak, esate baterako, mRNAn oinarrituta daude: birusaren kode genetikoa erabiltzen dute, nanopartikula lipido artifizialetan garraiatuta. Birusaren eskuliburu genetiko baten gisakoak dira, immunitate sistemak antigorputzak sor ditzan. «Ez da metodologia berria inondik inora», azaldu du Bikandik: «Orain arte, erabili izan da probak egiteko edota beste txerto batzuk garatzeko metodologia gisara, baina ez gizakiontzako txerto masiboetan». Oxford-AstraZeneca (Erresuma Batua), Sputnik-V (Errusia) eta CanSino (Txina) txertoak, berriz, adenobirusetan oinarritutako txertoak dira. EHUko irakaslearen arabera, adenobirusa eraldatutako birus bat da, «zabaltzeko eta infektatzeko gaitasun oso urria duena» eta SARS-CoV-2aren informazioa txertatu zaiona gorputzean erantzun immunitarioa eragiteko. Horiez gainera, badira txerto klasikoak ere, SARS-CoV-2aren bertsio indargabetuak erabiltzen dituztenak. Multzo horretan daude Txinako hiru proiektu: Sinovac enpresarena, alde batetik, eta Sinopharm etxeak Pekingo eta Wuhango Ekoizpen Biologikoko Institutuekin batera garatutako biak, bestetik.

Benetan eraginkorrak dira, ala marketin hutsa?

Pfizer eta Moderna enpresek azaroan iragarri zuten beren txertoek %95eko efikazia dutela, eta, handik egun gutxira, gisa bereko adierazpena egin zuen Errusiako Gobernuak Sputnik-V txertoaz. Horrek mesfidantza piztu zuen zenbait zientzialariren artean, lerroburu hanpatuen atzean marketin hutsa egon zitekeelakoan. Bikandi argi mintzo da horretaz: «Oraingoz, epe laburreko eraginkortasuna dago frogatua, baina ikusgai dago lehen txerto hauek luzera eman dezaketen babesa». Gripearen aurkako txertoak, adibidez, %80ko efikazia du entsegu klinikoetan, baina ohiko baldintzetan eskaintzen duen babesa %40-60koa izan ohi da. Horregatik, adituek uste dute «datozen urteetan» neurtuko dela COVID-19aren aurkako txertoen benetako eraginkortasuna.

Transmisioa etengo dute?

Ikusteko dago COVID-19aren aurkako txertoak birusaren transmisioa errotik moztuko duen ala ez. Transmisioa etetearen garrantziaz mintzatu zen Miren Basaras EHUko Mikrobiologia irakaslea BERRIAn, abenduaren 1ean argitaratutako artikuluan. Adibidetzat jo zituen errubeolaren eta meningitisaren kontrako txertoak: «Errubeolaren aurkako txertoa esterilizatzailea da, hau da, txertatuta dauden pertsonak ezin dira ez infektatu, ez birusa eraman modu asintomatikoan. Meningitisen kasuan, aldiz, eramaile asintomatikoak daude nahiz eta txertatuta egon». Hortaz, COVID-19aren aurkako txertoa esterilizatzailea ez balitz, txertoa hartu dutenek ez lukete sintomarik izanen, baina gai lirateke birusa transmititzeko. «Epe luzean txertoak transmisioa etengo duen ala ez, hori denborarekin bakarrik jakingo dugu», esan du Bikandik.

Ez badute transmisioa eteten, balio al dute?

Gaitzaren transmisioa ez eteteak ez du esan nahi txertoek balio ez dutenik, edo eraginkorrak ez direnik: balio dezakete, besteak beste, infekzioa arintzeko, transmisioa mugatzeko eta, horren ondorioz, baita ospitaleen gainkarga eta heriotzak eragozteko ere. Birusa desagerrarazi gabe ere, haren eragina apaltzea «urrats handia» izan daitekeela uste du Bikandik: «Badaude epidemiologoak uste dutenak birus hau ez dela desagertuko, eta nik neuk ere uste dut hori gertatzeko dezenteko arriskua dugula. Dena dela, txerto batek gaitzari bere sintoma gogorrenak kenduko balizkio, zer izango genuke? Katarro bat».

Hilabeteak edo, are, urteak beharko dira txertoen benetako eragina neurtzeko, baina COVID-19a desagerrarazi gabe ere, birusaren kalteak ahultzeko aukera aintzat hartzekoa dela dio EHUko irakasleak: «Kasu horretan, txertoa hartu dutenek ez lukete sintoma gogorrik izango, baina SARS-CoV-2 birusaren katarroa sufrituko lukete noizean behin, beste zenbait koronabirusekin gertatzen den bezala». Balizko egoera horretan, txertoa hartzea «garrantzitsua» izanen litzateke berdin-berdin: «Gerta daiteke transmisioa ez gelditzea; hortaz, txertoa hartu dutenentzat, sintomak arinak izango lirateke, baina gainerakoek ez lukete babes hori izango. Agian, talde immunitateak ez gintuzke babestuko».

Seguruak dira?

Bai. Segurtasuna da entsegu klinikoetan neurtzen den lehen faktoreetako bat. «Entseguen lehen bi faseetan eta, batez ere, hirugarren fasean, txertoen kalte posibleak aztertzen dira. Hirugarren fasean, milaka boluntariori txertatzen zaie prototipoa, eta ikusten da nolako efektuak eragiten dituen», azaldu du EHUko irakasleak. Prozesu horren arabera, ikerlariek frogatu dute orain arte onartutako txertoek segurtasun printzipioa bermatzen dutela: «Kontrako efektuak agertu dira, baina plazeboetan ere atzeman dira neurri berean». Antzeman diren albo kalteak, gainera,«arinak» dira: sukarra edo giharretako mina, besteak beste.

Nork izanen du lehentasuna?

Lehen fasean, arrisku taldeei jarriko diete txertoa. Hau da, egoera zaurgarrian dauden taldeei —adinekoak, arnas aparatuko gaitzak dituztenak...— eta haiek zaintzeaz arduratzen direnei —medikuak, erizainak eta langile soziosanitarioak, batik bat—. Joseba Bikandiren arabera, irizpide horrek logika du, «lehentasuna» delako osasun sistemari arnasa ematea. «Sektore zaurgarri horiek pairatzen dituzte COVID-19aren kalte larrienak, eta ospitaleratzea behar izaten dute; hortaz, osasun sistema normaltasunera itzularazi eta kolapsoa saihestu nahi badugu, horiengan jarri beharko dugu arreta». Haur eta gazte osasuntsuen txertaketak, berriz, luze jo dezake: «Oraintxe, ez dago bost urteko haur osasuntsu bat txertatzeko behar larririk, COVID-19ak eragingo dizkion sintomak arinak izango baitira ziurrenik. Haurrak eta gazteak txertatzea interesgarria izan daiteke aurrerago, kutsatzaile izan daitezkeelako, eta, adibidez, gurasoak immunizatuta ez badaude, horrek arazo bat ekar dezakeelako».

Nola konponduko dira arazo logistikoak?

Pfizerren txertoak hainbat arazo logistiko ekarriko ditu berekin: ekoizpenari lotutako oztopoez gain, zailtasun handiak daude txertoa baldintza egokietan gordetzeko eta banatzeko, zero azpitik 70ºC-ko tenperaturan mantendu behar delako. Azpiegitura eta baliabide bereziak beharko dira txertoa Europako ospitale, klinika eta egoitza guztietara eramateko, eta hori ez da posible izanen kasu guztietan: «Pfizerren txertoa zahar etxeetara eramatea arazo bat izan daiteke», azaldu du Bikandik. «Horregatik, herrialde batzuetan, lehen txertaketak ospitaletan egitea lehenetsi dute, eta zahar egoitzetakoak gerorako utzi». Txerto gehiago onartu ahala arazoak konpontzera joko duela dirudi, baina zenbait txerto aldi berean zirkulazioan jartzeak are gehiago estutu dezake korapilo logistikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.