Urteko hitza

'Txerto' da 2021eko urteko hitza, BERRIAko euskara taldearentzat

Aurreko urteetan bezala, hitz bat aukeratu dute hilabetez hilabete. Proposatu zureak sare sozialetan, #2021ekohitza traolarekin.

jon ordonez garmendia
2021eko abenduaren 23a
20:15
Entzun

Amaitzear da urtea, eta, aurrekoetan bezala, BERRIAko euskara taldeak urteko hitzak aukeratu ditu, hilabetez hilabete. Ez dago gai bakar bat, baina bai gai nagusi bat. Koronabirusak ez ditu 2020. urtean bezainbeste bereganatu hitzak, baina bost hitz agertzen dira hamahiruko zerrendan: perimetral (apirila), ostalaritza (ekaina), osasun larrialdi (urria), COVID ziurtagiri (azaroa) eta txerto (2021eko hitza). Iaz urte amaieran hasi zen azken hori bolo-bolo denen ahotan, eta pentsatzekoa zen aurten bestela joango zela urtea. Zoritxarrez, ordea, COVID-19ak aurten ere erabat baldintzatu du gaurkotasuna, eta halaxe urteko hitzen aukeraketa ere.

Txerto hitza aukeratu du BERRIAko euskara taldeak. Astra-Zeneca, Pfizer, Moderna, Jenssen... gertuko osaba-izebak balira bezala sartu dira gure bizitzetan. Dosi kopuruari, eraginkortasunari eta ondorioei buruzko eztabaidak ohikoak izan dira lagun eta senide artean; kontuak kontu, herritarren hamarretik bederatzik erabaki dute txertoa hartzea aurten. Hartu dutenak eta hartu ez dutenak izan dira hizpide 2021ean. Urtea, ordea, oso bestela hasi zen.

Urtarrila: Kapitolioa

Donald Trumpek 2020. urtean galdu zituen AEBetako hauteskundeak, baina 2021ekoa da haren agintaldiako gertaera eta irudi adierazgarrienetako bat. Joe Bidenek kargua hartu aurretik, baita hauteskundeak egin aurretik ere, Trumpek iruzurraren susmoa hauspotu zuen bere jarraitzaileen artean. Eta haiek Kapitolioan indarrez sartu ziren 2021eko urtarrilaren 6an, AEBetako Kongresuaren bi ganberek egoitza duten eraikinean, bozetako emaitzak egiaztatu behar zituzten egunean. Bandera konfederatua, tiroak, negar gasa... Kolpe gogorra izan zen bere ikur nazionalak sakratutzat dauzkan demokrazia batean, munduko lehen potentzian.

Otsaila: tortura

Otsailaren 13an egiten da urtero Euskal Herrian torturaren aurkako eguna. Egun horretan hil zuen Joxe Arregi Espainiako Poliziak, torturapean, 1981ean. Torturaren aurkako ikur bilakatu da Arregi harrezkero. Berrogei urte geroago, torturaren beste aurpegiaren ikur bat hil zen: Enrique Rodriguez Galindo guardia zibila. COVID-19ak jota hil zen, Espainian, 82 urte zituela. 1980. urtean etorri zen Euskal Herrira, eta Guardia Zibilaren Intxaurrondoko buru izan zen hainbat urtez. Bederatziehun pertsona atxilotzea agindu zuen, eta atxilotuei emandako tratu ankerrarengatik egin zen ezagun —horren testigantza eman zuen, besteak beste, Ion Arretxe zenak—. Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu, torturatu eta hiltzeagatik 75 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, baina lau urte eta lau hilabete inguru egin zituen espetxean. Bere krimenak ezagunak izan arren, hainbat domina jaso zituen. Torturaren eta zigorgabetasunaren ikur bilakatu zen.

Zigorgabetasun horren isla izan zen Público egunkariak hamar egun geroago ezagutarazi zuen grabazio bat. Mikel Zabalza Intxaurrondon torturatuta hil zutela frogatzen zuen, eta Non dago Mikel? dokumentalerako lanetan topatu zuten. Elkarrizketan entzuten denez, Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainak Alberto Perote CESIDeko koronel eta zerbitzu sekretuetako buruari esan zion bere ustez «eskua joan» zitzaiela Zabalza galdekatu zutenei: «Itaunketan hilotz gelditu zaie». Perotek galdetu: «Uste duzu hilotz geratu zaiela Intxaurrondon?». Eta Gomez Nietok erantzun: «Bai, nire irudipena da galdeketan bihotzekoak emango ziola poltsa buruan jartzearen ondorioz. Hori da nire irudipena. Akats asko egin zituzten: ondoko gelan senideak zeudela galdekatu zuten. Medikuak zioen osasunez gaizki zegoela, azken urtean hiru ebakuntza egin dizkiotela Zabalzari».

[YouTube]https://youtu.be/1Q6xzgUpKOI[/YouTube]

Martxoa: eutanasia

20213ko martxoaren 18an, Espainako Kongresuak eutanasia legeztatu zuen, besteak beste EAJren eta EH Bilduren babesarekin. Eutanasia osasun sistemaren zerbitzu bat izatea da legearen helburua, eta ekainean sartu zen indarrean. Legeak zehazten du «era informatuan, argian eta denboran errepikatuta egindakoak» izan behar dutela eutanasia egiteko eske guztiek, eta «pairamendu» egoeretan egindakoak beti. Abenduan, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi zuen 34 eskaera jaso zituela, eta horietatik hamahiruri egin zaiela eutanasia; zortzi paziente eutanasia egin aurretik hil dira, eskea egin zutenerako oso larri baitzeuden; hamabi eskea aztertzeko prozeduran daude orain, eta pertsona bakar bati eman diote oraingoz ezezko erantzuna.

Ikusi gehiago: 2021eko argazki bilduma

Apirila: perimetral

Geometria ikaslerik txarrenari ere ez zaio ahaztuko 2021. urteaz geroztik zer den perimetroa. Teorian, alde guztien batura da; praktikan, 2021. urteko zenbait garaitan, herritarren mugimendua zehazten zuen muga. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak COVID-19a ez kutsatzeko itxiera perimetralak ezarri zituztenetik, herritarrek inoiz baino hobeto jakin zuten euren udalerria noraino iristen din. Urtarrilean udalerri guztietan ezarri zuen Jaurlaritzak itxiera perimetrala, eta apirilean, Aste Santuko oporraldiaren aurretik, 100.000 biztanleko 400dik gorako intzidentzia zuten udalerrietan. Nafarroak kasu positiboen intzidentziarekin lotu zituen une oro. Zer esana eman zuen perimetral hitzak.

Maiatza: murgiltze

2021. urtean areagotu egin dira hizkuntza eskubideen aurkako erasoak Euskal Herrian, eta, oldarraldi horren barnean, Frantziako Konstituzio Kontseiluak Kontituzioaren kontrakotzat jo zuen murgiltze eredua, maiatzaren 22an. Bere ebazpenean, Konstituzio Kontseiluak frantsesaren erabilera inposatzen zuen «zerbitzu publikoko eginkizun bat gauzatzean»; alegia, frantsesa dela Frantziako Errepublikako hizkuntza. Erabakiak Ipar Euskal Herria astindu zuen. «Gerla deklarazioa da», adierazi zioten BERRIAri hainbat legelarik, erakundeetako kargudunek eta euskararen aldeko elkarteetako ordezkariek. Astebete geroago, manifestazio jendeatsua egin zen Baionan murgiltze ereduaren alde.


Maiatzaren 29an Baionan murgiltze ereduaren alde egin zen manifestazio jendetsua. Bob Edme

Ekaina: ostalaritza

Pandemian ostalaritzaren sektoreak eman du izan zer esan handiena. Terrazen hedatzea, gehienezko edukiera, itxiera orduak, eserita kontsumitzeko agindua, maskararen erabilera...: pandemian garbi geratu da zer leku betetzen duen ostalaritzak gure aisialdian, eta zer funtsezkoak bilakatu diren jatetxe eta tabernak gure harreman sarean lantokitik eta etxetik zabaltzeko. Bizitza sozialaren epizentro bilakatu dira, eta, iazko neguko eta udaberriko murrizketak atzean utzita, ekainean ostalaritzako neurriak arindu zituzten agintariek Euskal Herrian.

Uztaila: Olinpiar Jokoak

2021eko uztailaren 23an hasi ziren Tokioko Olinpiar Jokoak. Urtebete lehenago ziren jokatzekoak, baina pandemiak atzeratu zituen. 29 euskal kirolarik hartu zuten parte, eta guztietan Maialen Chourraut piraguista nabarmendu zen. Zilarrezko domina lortu zuen eslalomeko K1eko proban. Ezustekoa Asier Martinezek eman zuen, 110 metroko hesidunean finalerako sailkatu eta olinpiar diploma eskuratu baitzuen. Guztira, 11.326 kirolari lehiatu ziren. Abuztuaren 8an amaitu ziren Jokoak.


Maialen Chourraut uztailaren 27an, zilarrezko dominarekin. / Enric Fontcuberta, EFE

Abuztua: taliban

Hogei urteko okupazio baten ostean, abuztuaren 31n AEBetako soldaduak Afganistandik erretiratu ziren. Inor gutxi gogoratzen zen jada zergatik jarraitzen zuten han tropek. Irailaren 11ko atentatuen ondoren sartu ziren indarrez. Osama bin Laden hil zuten hamar urte geroago. Eta hogei urteko okupazio baten ostean, talibanak agintetik kentzera joan zirenek talibanen esku utzi zuten herrialdea. AEBak maiatzean Afganistandik erretiratzen hasi eta hiru hilabetera, abuztuaren 15ean, talibanak Kabulen sartu ziren. Bi asteren buruan eta ia batere borrokarik egin gabe bereganatu zuten herrialdea. Eta munduak aho bete hortz ikusi zuen nola alde egin zuten munduko potentzia nagusiek Afganistandik, atzeko atetik, hainbat urtez etsai nagusi izan zituzten haien kontrolpean utzita.

Iraila: argindar

Uztailean hasi zen argindarraren kontua igotzen Hego Euskal Herrian. Izan zen hasiera horretan igoerari garrantzia ukatu zionik, argindarraren fakturan igoera horiek txikiak zirelakoan. Egunez egun, ordea, marka historikoak gainditzen hasi zen, eta 2021. urteko bigarren seihilekoan arazo bilakatu da enpresa askorentzat. Sidenorrek, adibidez, lan egiteari utzi zion hogei egunez argindarraren prezioaren gorakadarengatik, eta, San Tomas egunean, nekazari eta abeltzainek salatu zuten lehen sektorea akabatzen ari zela euren lanaren kostuaren gorakada, besteak beste argindarrarena. Igoeraren arrazoi nagusia gasa da, ziklo konbinatuko zentraletan haren bitartez sortzen baita argindarra. Errusiak Europara igortzen duen gas kantitatea murriztu da, eta haren prezioa ia hamar bider handitu da urte batetik bestera.

Urria: osasun larrialdi

2021eko urrian koronabirusak ederki sartu zigun ziria. Datuak apaldu zirela eta, osasun larrialdia bertan behera geratu zen. Txertaketa kanpaina oso aurreratuta zegoen, eta eguneroko positiboen kasuak adierazten zuen kontrolpean zegoela pandemia. Xaloak gu, bai, baina orduan hala zirudien. Urriaren 1ean, Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi zituen COVID-19aren aurkako neurriak. Beste hainbeste egin zuen egun batzuk geroago Eusko Jaurlaritzak. Bi hilabete ere ez zuen iraun ilusio hark: azaro hasieran, birusaren omikron aldaera antzeman zuten Botswanan, eta hortik aurrerakoa déjà vu izan zen.

Azaroa: COVID ziurtagiria

Eta atzerako bide horretan, beste neurririk ezean, COVID ziurtagiriaren eskakizuna gailendu zen. Pertsona batek COVID-19aren kontrako immunitate jakin bat duela ziurtatzen duen agiria da. Ipar Euskal Herrian, ekainaz geroztik behar da hainbat tokitan sartzeko, dendetan eta tabernetan esaterako, baina azaroan hirugarren txertoaren hirugarren dosia hartzea nahitaezkoa bilakatu zen ziurtagiriari eusteko. Hego Euskal Herrian indarrean lehenagotik bazegoen ere, omikron aldaerak eragin zuen kasuen gorakadarekin hasi ziren eskatzen. Aurrena, Nafarroan hasi ziren eskatzen; gero, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horrekin batera, eztabaidak ere piztu dira, etikoa eta erabilgarria ote den.

Abendua: uholde

Barra zuen izena, eta mendebaldetik ekialdera astindu zuen Euskal Herrira abenduaren 8tik 14ra bitartean. Denboraleak uholde handiak eragin zituen hainbat tokitan; mendi eta erreketako urak pilatu zirenean, ibaiek gainezka egin zuten (ikusi argazki bilduma), eta kalte handiak eragin, batik bat Nafarroan. Sunbillan emakume bat hil zen luizi batek harrapatuta, eta Elizondon gizon bat, lanera zihoala.

[YouTube]https://youtu.be/UA9Db52fPZg[/YouTube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.