Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak atzo adierazi zuen txertatze ziurtagiria lortzeko baldintzak malgutu dituztela. Hala, Ipar Euskal Herriko herritarrek ez dituzte baitezpada hiru dosi jarri beharko txertatze ziurtagiria lortzeko gaitza pasatu badute. Azaldu duenez, gaitza pasatu duten pertsonek ez dute indartze dosirik beharko; berdin du noiz pasatu duten COVID-19a. Izan ere, «sistema immunitarioak hiru aldiz akuilatua» izan behar duela erran du, izan infekzio baten bidez edo txertoaren dosi baten bidez. Gaitza bi aldiz pasatu dutenek dosi bakarrarekin eskuratzen ahalko dute agiria, beraz.
Gaitza pasatu dutenek, dena den, behin-behineko txertatze ziurtagiria eskuratzen ahal dute, infekzioa pasatu eta 11 egunera. Orain arte, sei hilabetez balio du, baina otsailaren 15etik aitzina lau hilabetera murriztuko dute epea.
Bestalde, txertatze ziurtagiria uztaila aitzin kentzeko asmoa adierazi du Veranek, «egoera epidemiologikoak hala egitea baimentzen badu». Txertatze ziurtagiria plantan ezartzea ahalbidetzen duen legea uztailera arte izanen da indarrean, halere.